Ustekabean iritsi zitzaion Gorka Gerrikagoitiari Euskaltel-Euskadiko kirol zuzendari izateko aukera, 2004an. «Txirrindularia nintzen garai hartan. Zazpi urte egin nituen profesionaletan, eta denboraldiko azken lasterketan, 2003ko Espainiako Vueltan, Miguel Madariaga etorri zitzaidan taldean zuzendari gisa nahi ninduela esanez». Gogoan dauka «beldurra» sentitu zuela hasieran. «Julian Gorospe zen taldeko zuzendaria, eta haren babes guztia izan nuen hasieratik. Baina txirrin-dularien lagun nintzena zuzendari bihurtu nintzen bat-batean. Eta erabat bestelako lana da hori».
Berehala atera dira txirrindulari eta lagun hitzak mahai gainera. «Distantzia mantendu behar da. Azkenean, bakoitzak bere lana dauka talde barruan, eta hori errespetatuz gero, ez da arazorik izaten. Baina, normalean, hori izaten da arazoa, bakoitzaren lekua zein den ez ezberdintzea. Konfiantza handia behar da txirrindularien eta zuzendariaren artean. Eurek sinetsi egin behar dute guk gauzak ondo egiten ditugula».
Gerrikagoitiak ondo gogoan dauka Skoda markako autoaren barruan sartu zen lehen eguna. «Mallorcako Challengean izan zen, eta Madariaga etorri zen nirekin autoan. Berak bataiatu ninduen zuzendari gisa». Lehen lasterketa eta lehen garaipena. «Unai Etxebarriak irabazi zuen azken etapa, eta nik irabazi izan banu bezala gozatu nuen. Ikaragarrizko poza sentitu nuen».
Onean eta txarrean, kirol zuzendari lana «tentsio handiko lana» da, Gerrikagoitiaren hitzetan. «Ardura handia daukagu zuzendariok, eta lehen urteetan pasatu nuen bereziki gaizki, kirol zuzendari karguan nire lekua aurkitu nuen arte. Urte gogorrak izan ziren». Bai berarentzat eta bai txirrindularientzat. «Niregan beste figura bat ikusten zuten. Pertsona berbera nintzen, baina beste rol bat neukan taldean. Ez zen erraza izan». Denborak bakoitza bere lekuan jartzen du, ordea. «Eta jada denok ohitu gara egoera berrira».
«Gauzak ondo egitea da funtsezkoena. Ondoren lasterketa bat irabaz dezakezu edo ez, baina ederra da gauzak ondo egin izanak ematen duen lasaitasuna». Kirol emaitza kaskarrei neurria hartzen ikasi du urteotan. «Gauzak ondo ez doazenean ere aurrera egin behar delako. Iaz, adibidez, Euskal Herriko Itzuliko lehen etapan, Samuel Sanchezek huts egin zuen, baina, azkenean, Samuelek berak etapa bat irabazi zuen, eta Beñat [Intxausti] podiumera igo zen». Euskaltel-Euskadiko zuzendariaren hitzetan, funtsezkoa da «taldea animatzea». Sarjentu edo agintari izaerarik ez, beraz, zuzendari karguan? «Sarjentu izaera baino gehiago, diziplina behar da. Eta gure taldean lortu dugu diziplina puntu hori».
«Zorte handia daukat»
Zuzendariaren lana zein den galdetuta, azalpen argia eman du. «Zuzendariaren lana ez da autoa gidatzea bakarrik. Taldea ondo antolatu behar da, lasterketa barruan estrategia ondo zehaztu behar da, agintzen jakin behar da…». Bai lasterketa barruan eta bai kanpoan. «Igor Gonzalez de Galdeano da taldeko manager nagusia, eta zuzendariak azpitik gaude. Baina denon artean eztabaidatzen dugu dena». Begiratu batera, egunerokoan dezenteko lana daukatela pentsa liteke. «Baina niretzat hau ez da lana. Nik betidanik esan izan dut zorte handia daukadala, gustatzen zaidana egiten dudalako».
Hori bai, lanbidea gustatzeak ez du esan nahi alde txarrik ez daukanik. «Denbora asko pasatzen dut etxetik kanpo, txirrindulari nintzenean baino askoz gehiago». Kontuak ateratzen hasita, urtebetean 180 bat egun pasatzen ditu kanpoan. «Hiru zuzendari gaude, eta denon artean banatzen dugu lana. Alde horretatik, lehen baino egun gutxiago pasatzen ditugu etxetik kanpo. Baina ezaugarri hori da lanbide honen alderik gogorrena».
Auto batetik besterako komunikazioa, txirrindulariekiko komunikazioa, itzuliko irratia… «Nahaste-borrastea da azkenean, baina ohitura kontua da». Irratia aipatuta, azkenaldian liskar handi samarra dago txirrindularien irrati txiki horiekin. «Baina niretzat beharrezkoa da. Aurten hasi gara lasterketa batzuetan irratitxo horiek gabe ibiltzen, eta asko igartzen da. Gure lana ezerezean gelditzen da, eta bai guretzat eta bai taldearentzat kaltegarria da».
Hori bai, irratitxo horiek kenduta ikuskizuna areagotzen dela eta ezusteak egon daitezkeela diotenentzat adibide argia bota du. «Irratiarekin edo irratirik gabe emaitza ez da askorik aldatzen. Nazioarteko Kriteriuma irratitxorik gabe egin berri dugu, eta Frank Schleckek irabazi du. Bera zen indartsuena, eta onenak irabazi du».
Euskal Herriko Itzulia. Auto barrutik. Gorka Gerrikagoitia
Sarjenturik ez, diziplina
Euskaltel-Euskadi barru-barrutik ezagutzen du Gorka Gerrikagoitiak, zazpi denboraldi egin baitzituen bertan txirrindulari gisa eta zortzi baitaramatza jada kirol zuzendari lanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu