Sarrerak, petrolio upelaren antzera

ESKU-HUSKA. Sarrerak, petrolio upelaren antzera. Buruz buruko finalerako kantxako sarrerek 150 euro balioko dute; iazkoak baino %20 garestiagoak dira

Imanol Magro Eizmendi.
DONOSTIA
2006ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
EPELeko buruek manomanistako finalerako nahi zuten partida lortu dute, eta zaleen ikusminari etekin guztia ateratzen saiatuko dira. Enpresen ligak atzo eman zituen jakitera Irujok eta Olaizola II.ak ekainaren 4an Donostiako Atanon jokatuko duten finalerako sarreren prezioak. Kantxako sarrerek, garestienek alegia, 150 euro balioko dute, iaz baino %20 gehiago. Urtez urte finalerako sarreren prezioak izan duen bilakaera ikusita, pilotazaleek barre egin diezaiokete petrolio upelaren prezioa markatzen duen Brent indizeari. Aurtengo finaleko sarrerek inoiz pilota partida baterako jarritako prezio garestiena izango dute.

EPELek pilota profesionalaren kudeaketa hartu zuenetik, buruz buruko finalerako prezioek gora egin dute urtero. Iaz, aurtengo finalista berdinekin, finalerako kantxako sarrerak 125 euro balio zuten, aurreko bi urteetan baino %13 gehiago. 2003an eta 2004an, berriz, sarrerek 110 euro balio zuten. Atanoko finalean enpresek dirutza polita egingo dute, Atanok dituen 1944 eserlekuetatik 776 kantxakoak baitira. Sarrera garestienen itzalean, beste eserlekuak ere ez dira merkeak izango. Kantxako atzealdeko jesarlekuko sarrerak 100 euro balioko ditu, harmailetako lehen ilaran beste. Goiko harmailako sarrerek, guztira 518 dira, 100 euro balioko dute. Errebotean 396 eserleku daude eta bi prezio egongo dira, lehen ilarakoek 70 euro balioko dute eta atzekoek 40.

Prezioak direnak direla, ziur txartelak ordu gutxian salduko direla. Asegarcen gaurtik aurrera egin ahal izango dira telefono bidezko eskakizunak; ASPEn, berriz, biharko 10:30etik aurrera eskatu ahal izango dira. Lehen pisuko pasabideko sarrerak finaleko egunean salduko dituzte.

KIROL GARESTIENETAKOA. Kirol ikuskizunetako txartelen prezioak alderatzean gauza asko hartu behar dira kontuan, hala nola zale kopurua, zaleen eremu geografikoa, eta eraikuntzek duten eserleku kopurua. Prezioak hotzean aztertuta, baina, manomanistako finalerako sarrerak Europa mailako kirol hitzordu handienen parean daude. Taldekako kirolen aldean, futboleko Txapeldunen Ligako finalerako txartel garestienek 180 euro balio zuten. Saskibaloian, berriz, Pragako lauko finaleko lau partidak ikusteko txartelak 200 balio zituen. Errugbian, Miarritzek eta Munsterrek Heineken Kopako final jokatu zuten iragan larunbatean Cardiffen, eta txartel garestienek 65 euro balio zuten.

1 Formularen aldean, ordea, merkeak dira. Espainiako Sari Nagusiko hiru egunerako sarrera garestienak 428 euro balio zituen, eta merkeenak ehun pasatxo. Motoziklismoan, berriz, Kataluniako Sari Nagusiko sarrera garestienek 100 euro balioko dute. Azkenik, iaz U2 taldeak Donostian eman zuen kontzerturako salneurriek hauts ugari harrotu zuten, eta orduko sarrera garestienak 76 euro balio zituen. Prezio horiek guztiak kontuan hartuta, hain garestiak al dira sarrerak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.