Tau Baskoniaren zaleek argi erakutsi dute ez dela garrantzirik gabeko partida, ez jauna, dagoeneko sarrera guztiak saldu baitira eta denboraldian zazpigarrengoz pabiloia lepo beteko baita. Tau Baskoniako jokalariek Polaris World Murtzia taldearen kontrako partida tentsiorik gabe jokatu zuten, baina gaur gauean dena emango dute, argi uzteko txapela janzteko hautagai nagusiak direla. Jarrera hori ezinbestekoa da Pesicen taldeari aurre egiteko, joaneko partidan argi gelditu baitzen hiru minutuan aurkariak ordura arte egindako lan guztia bertan behar utz dezakeela. Gasteizko taldeak ez dio inoiz Pesicen Bartzelonari irabazi. Lehen itzulian, denboraldiko lehen partida galdu zuten gasteiztarrek Palau Blaugranan.Tau Baskoniak oztopo garrantzitsua izango du gaurko partidarako: Pablo Prigioni joko antolatzaile argentinarraren lesioa. Aurtengo denboraldian Bartzelonaren alde azpimarragarrienetako bat defentsa izan da, eta baloia igotzen duen jokalariari egiten dioten presioa. Hori dela eta, Calderonek lan gogorra izango du aurretik, minutu askoan Vidalen laguntza izango duen arren. Saskipeari dagokionez ere, azterketa garrantzitsua izango dute Gasteizko taldeko pibotek, Andreson Varejao brasildar gazteak parte hartuko ez duen arren. Ivanovicen jokalariak ezin izango dira deskuidatu, Bartzelonak partida irabazteko baliabide mordoa baitu: Bodiroga, Fucka, Navarro...
TAU BASKONIA-BARTZELONA
Tau Baskonia: Calderon, Vidal, Carraretto, Macijauskas, Buesa, Nocioni, Kornel David, Scola, Splitter eta Betts.
Bartzelona: Rodriguez, Ilievski, Prada, Navarro, De la Fuente, Sada, Drejer, Bodiroga, Femerling, Fucka, Marc Gasol eta Dueñas.
Sailkapena: Tau Baskonia 1. (27 irabazi-6 galdu); Bartzelona 2. (23-10).
Ordua eta Lekua: Fernando Buesa Arena, 20:00etan (La2).