SASKIBALOIA. EUROLIGA. Daukatenen diktadura

Hogeita lau taldek jokatuko dute Euroligako azken fasea, baina lau dira faboritoak: Panathinaikos, Olympiakos, Real Madril eta Bartzelona. Dirutza erabiliz egin dituzte talde eskuraezinak.

Andoni Urbistondo.
2009ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Gaur gauean jarriko da abian ofizialki 2009-10eko denboraldiko Euroliga, joan den astean Tel Aviven inaugurazio partida jokatu ostean. Krisia eta diru eskasia munduko bazter guztiak kolpatzen ari den unean, krisiaren zantzurik ez da sumatzen Europako saskibaloi talde indartsuenetan, eta dirutza handiak erabili dituzte talde ikusgarriak osatzeko. Ikusgarriak, eta, aditu askoren ahotan, eskuraezinak. Gaur-gaurkoz, pentsaezina dirudi Atenasko Panathinaikos eta Olympiakos, eta Bartzelona eta Real Madril taldeak egongo ez diren Lauko Final batean. Akaso, Moskuko CSKAk hautsiko du lau aberats horien diktadura. Caja Laboral Baskonia ere lau buruko erresuma horretan sartzea nahi dute askok, baina errealitatea dena da, eta, gaur-gaurkoz, aski zaila dirudi Baskoniak maiatzean Parisera bidaia egitea.

Jordi Bertomeu Euroligako buruzagiak gidatutako proiektuak talde aberatsei, dirudunei egiten die mesede. Hiri handiek merkatu handiagoa dute, eta hiri handietako taldeek postu finkoa edukiko dute Euroligan, hurrengo hiru urteetarako, gutxienez. Baskonia da salbuespen bakarra arlo horretan, merkatu handi-handia eduki gabe onenen artean egin baitu lekua. 10. urtez jarraian parte hartuko du Baskoniak Euroligan.

Txapelketako formatuak berak baliabide gehien duten taldeei egiten die mesede, Lauko Finalaren atariko kanporaketa, final-laurdenak, bost partidetara jokatuko delako. Hogeita lau talde ariko dira lehen fasean, hamaseik pasatuko dute langa. Haietatik zortzik final-laurdenak jokatuko dituzte, eta garaileek Parisera egingo dute bidaia. Maiatzaren 7tik 9ra izango dira partidak. Bitartean, gozatzeko unea hasi da. NBAtik etorri diren izarrekin, Wafer, Kleiza, Calathes, eta Europan geratu direnekin. Gehiago eta hobeak direlako.



01.

Panathinaikos

Bidea ezagutzen dute

Gauzak ondo doazenean, zertarako aldatu? Zertarako aldatu jarduneko txapelduna bazara? Zertarako arrakastaren bidea ikasia baduzu? Zeljko Obradovicek bost aldiz irabazi du dagoeneko Euroliga, eta seigarrena irabazteko moduan dago. Panathinaikosek joan den denboraldiko talde ikusgarria du, baina oso lagungarriak izan daitezkeen hiru jokalari fitxatu ditu: Milenko Tepic hegaleko serbiarra, Nick Calathes greziar joko antolatzaile gaztea eta Giorgi Shermadini, 216 zentimetroko Georgiako morroskoa. Maiatzean Berlinen Euroliga irabazi zuten guztiek Atenasen jarraitzen dute: Jasikevicius, Spanoulis, Drew Nicholas, Diamantidis, Perperoglou, Fotsis, Mike Batiste, Tsartsaris, Pekovic... Ofizialki, 60 milioi eurokoa da Atenasko taldearen aurrekontua, baina, iturri batzuen arabera, 75 milioi euro balio du Obradovicen aginduetara ariko den jokalari zerrenda ikusgarriak.



02.

Olympiakos

Dirua behar duzu? Tori

Atenasko itsas kaia Pireo auzoan dago, eta hangoa da Olympiakos. Hangoak dira Angelopoulos anaiak ere, Panagiotis eta Giorgios, itsasontzi enpresa handien jabeak. Inork ez daki zenbat diru duten, baina asko dutela badakite. Futbola eta saskibaloia dira euren pasio, eta nahi beste diru erabiltzen dute euren kirol taldeak elitera eramateko. Joan den sasoian Josh Childress fitxatu zuten, NBAtik ekarrita, eta soldata ikaragarria ordaindu zioten: sei milioi euro urteko. Jokalaria ez da ondo aritu, baina Olympiakosek NBAra jo du berriro taldea indartzeko. Linas Kleiza lituaniarra fitxatu du, bi urterako, 12,2 milioi euroren truke, eta 10 milioi ordainduko dizkio Von Waferri. Patrick Beverley joko antolatzaile estatubatuarra ere fitxatu dute. Horiekin batera ariko dira Papaloukas, Vujcic, Vassilopoulos, Teodosic, Bouroussis, Halperim eta Schortsianitis.



03.

Bartzelona

Kalitatea borborka

Euroligako final handiaren atarian geratu ziren joan den denboraldian talde bikainarekin. Zaila da esatea sasoi honetakoa joan den sasoikoa baino hobea den, baina txarragoa ez da. Bartzelona hanka-motz ibili zen joan den sasoian hegaleko garai edo indartsuaren alorrean, eta Pete Mickeal fitxatu du posizio hori betetzeko, ziurrenik Europako hiru onenetakoa. Navarro Europako eskolta onena da, Ricky Rubio joko antolatzaile onenen artean dago, eta saskipea ere ez da herrena. Daniel Santiagok, David Andersenek eta Ersan Ilyasovak hanka egin dute, baina etorri direnak ez dira bi horiek baino txarragoak: Terence Morris, Boniface N'Dong eta Erazem Lorbek. Ezin dira albo batera utzi saskiratzaile petoak izan gabe, oso lan ona egiten duten jokalari hauek: Jaka Lakovic, Victor Sada, Roger Grimau, Gianluca Basile eta Jordi Trias.



04.

Real Madril

Aulkietako gurua

Real Madrilek ere diru asko erabili du taldea goitik behera aldatzeko. Zortzi jokalari berri iritsi dira, baina aldaketa garrantzitsuena ez da kantxaratuko. Aginduak emango ditu, eta Real Madril Europako elitera bueltatzen saiatu. Ettore Messina entrenatzaile ezaguna fitxatu du Florentino Perez ahalguztidunak, italiarrak irabazitako hiru Euroligak arrakasta lortzeko berme nahikoa direlakoan. Diren edo ez diren ikusteko dago, baina Messinak ez du askok uste duten bezain lan erraza izango. Talde berria egin du guztiz, eta guztiak egokitu eta talde izaera lortzeko denbora beharko du. Kantxan Prigioni, Sergi Vidal, Louis Bullock, Travis Hansen, Garbajosa eta Felipe Reyes daudela, errazago gainditzen dira arazoak. Messinak erakutsi du dagoeneko arrakasta lortzeko zein bide erabiliko duen: defentsa zorrotza. Euroligako talde indartsuenek ere, ordea, bide bera erabiltzen dute.



Baskoniak Lauko Finala jokatu nahi du bosgarrenez, baina gaur-gaurkoz miraria litzateke lorpen hori.

900 kilometro luze

A. Urbistondo

Euroliga hasi bezperan, interesgarria litzateke Baskoniako Josean Kerejeta presidentearen burutazioak ezagutzea. Talde lehiakorrak osatzen maisua den kudeatzailearen iritziak balio handia duelako. Beste talde guztiek baino baliabide ekonomiko apalagoekin osatu duelako. Denboraldi honetan, ordea, halako ezkortasuna sumatzen da lazkaotarraren adierazpenetan. «Ezinezkoa da futbol taldeen egituraz baliatzen diren saskibaloi taldeen aurka lehiatzea. Gure aurrekontua bikoizten dute, merkatuko onena eraman eta iraun beste erremediorik ez dugu».

Hausnarketa hori ez da atzokoa, joan den denboraldikoa baizik. Bartzelonak Baskonia menderatu zuen Euroligako final-laurdenetan eta ligako finalean, eta orduan geratu ziren agerian batzuen indarra eta besteen ezina. Batzuen eta besteen aurrekontuen inguruan ez dago datu zehatzik, baina ziurtzat jotzen da Panathinaikosek eta Olympiakosek 60 milioi euroko langa gainditzen dutela. Bartzelona eta Real Madril koska bat beherago leudeke, baina 50 milioirekin.

Baskoniak 25 milioi inguruko aurrekontua du, eta nahiko talde lehiakorra. Kontua honakoa da: partidak euren kabuz desorekatzeko gaitasuna duten jokalari gutxi dituela eta talde aberatsek, aldiz, erantzukizun hori har dezaketen jokalari sorta handia.

Zein da, orduan, Baskoniaren erronka? Lana egitea, eta aurreko urteetan bezala, talde handi eta eskuraezin horiek ezustean harrapatzen saiatzea. Gasteiztik Parisera 900 kilometro daude. Gaur-gaurkoz bidaia luzea da, astuna, baina laburra eta ederra bilaka daiteke zortzi hilabete barru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.