Aspaldi ernatu zen bien arteko gorrotoa. Maccabi Europako talde indartsuenetakoa zen, eta Baskoniak elite hertsi horretan sartu nahi zuen. Maccabik muturreko franko eman zizkion 90eko hamarkada bukaeran, eta XXI. gizaldiko lehen hamarkadan. Bai Tel Aviven, eta bai Gasteizen ere. Kirol arloko nagusitasunari gorroto hori handitu duten beste faktore pare bat gehitu behar zaizkio.
Segurtasuna da arrazoi bat. Maccabi nahierara ibiltzen da han eta hemen, Euroligako agintariekin babesarekin. Arauak beraiek erabakitzen dituzte, israeldar orok atzerrian segurtasun arazoak eduki ditzakeela argudiatuta. Egun nabarmen arindu da taldearen segurtasunaz arduratzen den taldea, baina Gasteizen 50 lagunetik gorako polizia edo segurtasuneko kideek lagundu izan dute beti taldea. Maccabi bisitan etorri izan denean ohikoa izan da Buesa Arena inguruan gora eta behera gasteiztar itxurarik ez zuten pertsona sendoak ikustea.
Gasteiz plaza beroa izan da beti haientzat, Euskal Herrian Palestinaren aldeko iritzia nahiko hedatua dagoelako. Palestinaren aldekoa esatea, Israelen aurka egotea da segurtasuneko kideentzat. Baskoniako zale askok, batez ere Indar Baskonia zale taldekoek, ozen salatu izan dute Maccabi Gasteiza etortzen denean arrotz sentitzen direla. Polizia mordoa harmailetan, hara iristeko miaketa franko, eta Palestinarekin zerikusia duen ikur oro eramatea, debekatua. Baskoniako zaleek ohitura handia dute Europan barrena bidaiatzeko, baina Tel Aviveko Eliasen Eskua kantxa izango da, Baskonia zale gutxien jaso duen plaza, noizbait bakarren bat jaso baldin badu.
Segurtasunaren aferari israeldarren berezko harrotasuna gehitu behar zaio. Harro izan eta sentitzeko eskubidea ukatu gabe, ez dira bat edo bi izan, aurkariari errespetu gutxi erakutsi dioten uneak. Ezagunak dira Pinas Pini Gershon entrenatzaile ezagunaren hitz itsusiak, Baskonia aurkari izan duenean, arabarren gaitasuna hutsaren hurrengoaren pare jarriz. Dusko Ivanovicek ere inoiz pasatu gabeko estutasun unea pasa zuen Pragan, 2005eko Lauko Finaleko final handiaren atarian. Israelgo kazetari batek, Maccabiren aurkako finalari begira, final hori nola prestatuko zuen galdetu zion, partida ziur galduko zuela jakinda. Diplomazia erabili zuen Ivanovicek, baina haren haserre keinua oso nabaria izan zen, eta Gasteizko kazetarien harridura, are nabariagoa.
Talde bikaina osatu dute
Maccabi arrakastatik edaten ohitu da urte eta hamarkaden joan-etorrian. 1977an irabazi zuen lehen aldiz Europako Kopa, eta lau urte geroago bigarrena. 25 urte pasatu ziren hirugarren txapela, lehen Euroliga, irabazi zuten arte, eta errepikatu egin zuten urtebete geroago. 2005etik, ordea, lehortea jasaten ari da Maccabi, eta horrek hautsak harrotu ditu Israelen. Batez ere Maccabi delako nazioartean euren irudi ona saltzeko bitarteko errentagarriena. Krisi hori bere herriko ligara ere hedatu da, azken bi urtetan beste talde batek irabazi baitu hango titulua. Hori notizia handia da Israelgo 48 liga titulu irabazi dituen taldearentzat.
Iraultza egin dute Israelen, marea horia berriro Europako, eta munduko saskibaloiaren gailurrera eramateko. Ez diote mugarik jarri erabilitako sosei, eta talde bikaina osatu dute. Ez Bartzelona, Olympiakos eta Moskuko CSKAk bezain sendoa, hirukote horren bizkarrezurra, oinarria, sendoagoa delako, baina beldurra emateko moduko indar eta talentuarekin. Arrisku anitzeko taldea da Maccabi, eta taldera iritsi direnekin baino gehiago, han denbora daramatenekin hastea onena, Chuck Eidson estatubatuarrarekin, adibidez.
Eidson Baskoniako jokalaria izateko zorian egon zelako, eta jokalari aparta delako. Bi metroko hegalekoa da, bikaina hirukoetan eta barneraketetan. Bizkarreko jokoan ere ederki moldatzen da, eta dema polita izango du Fernando San Emeteriorekin. Eskarmentu handiko jokalariak dira Derrick Sharp joko antolatzailea, David Bluthenthal hegalekoa eta Yaniv Green, beste taldeko pibota zaintzen duen langile fina. Doron Perkins eta Guy Pnini ere etxeko jokalariak dira.
Etorri direnen artean, entrenatzailea aurrena, David Blatt estatubatuarrak Pini Gershon ordezkatzeko adorea izan duelako. Adorea, Gershon Jainkoaren parekoa delako Israelen, eta beti haren erreferentzia erabili dutelako konparaketak egiten dituztenean. Sofoklis Schortsanitis du, ondoren, pisu handiena. Pisua, kiloetan, eta pisua, jokoan. Inoiz baino arinago omen dago, eta etxetik urrun kemenez hartuko duen lehen erronka du. Oso indartsua da, eta Stanko Baracek burua erabili beharko du haren giharren aurrean ez belaunikatzeko. Baby Shaq-en kontrapuntua da Richard Hendrix estatubatuarra. Granadan sasoi bikaina egitetik dator.
Iritsi diren azken hirurak israeldarrak dira. Tal Burstein hegalekoa Fuenlabradan aritu zen pasa den sasoian, Kadir Elishay hegal-pibota Galil Gilboan, Israelgo ligako jarduneko txapeldunean, eta Lior Eliyahu Baskonian. Zalantza da zaleek nola hartuko duten, maila ona eman zuelako sasoi bukaeran. Ondoren, ordea, Buesa Arena infernua bilakatuko da berarentzat. Ondo ezagutzen duen infernua, taldekideek ezagutu behar duten infernua.
BASKONIA-MACCABI
Txapelketa. Euroligako lehen ligaxkako lehen jardunaldia.
Caja Laboral Baskonia. Marcelinho, Ribas, Oleson, Logan, San Emeterio, Teletovic, Bjelica, Rancik eta Barac.
Maccabi Tel Aviv. Sharp, Perkins, Pargo, Pnini, Eidson, Burstein, Bluthenthal, Eliyahu, Elishay, Green, Hendrix eta Schortsanitis.
Tokia. Fernando Buesa Arena (9.763 ikusle).
Ordua. 20:30 (ETB 1).
SASKIBALOIA. EUROLIGA. Zor historikoak dituen klasikoa
Baskoniak tradizioz Europan izan duen aurkari gaiztoenetakoa hartuta ekingo dio Euroligari gaur, Gasteizen: Maccabi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu