Andres Fernandez. Osasunako jokalaria

«Sasoi hasieran ez nuen uste nagoen tokian egongo nintzenik»

Hirugarren atezaina izango zelakoan hasi zuen denboraldia Andres Fernandezek, baina Osasunaren atearen jabe egin da.

Iruñea
2012ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Batetik bestera ibili behar izan du Andres Fernandezek (Murtzia, Espainia, 1986) Lehen Mailara iristeko. Horregatik, eta «lan gogorra» egin behar izan duelako ari da «gozatzen, gozatzen eta gaztetako ametsa betetzen».

Etxean hiru partida jokatu dituzue jarraian, eta puntu bakarra lortu duzue. Nola zaudete?

Ondo, oso lan ona eginda amaitu genuen urtea, eta egia da urtarrilean hainbeste partida etxean izanda puntu gehiago lortzea espero genuela, baina azkenean bolada kaskarra bat izatea ere logikoa zen. Lehen Mailan edozeinen aurka gal dezakezu, eta hobe dugu hori lehenbailehen barneratu. Hurrengo partida da garrantzitsuena, Sportingen aurkakoa.

Oraindik Europan lehiatzeko sailkatzea posible dela esan berri du Lamahk. Zuk ere hala uste al duzu?

Nik nahiago dut zuhurra izan mintzatzerakoan. Sasoi amaieran non egon gaitezkeen pentsatzeko unea ez da orain. Partidaz partida joan behar dugu. Asteburu honetan hiru puntuak lortzea da orain garrantzitsuena; gero hurrengoa izango da, eta horrela amaiera arte. Orduan ikusiko dugu zein postutan gauden.

Mailari eustea da orduan helburu bakarra oraindik ere?

Helburua Sportingi irabaztea da; ez dut nahi beste ezertan pentsatu.

Zuk, behintzat, pozik egoteko arrazoiak dituzu. Atearen jabe egin zara.

Bai, oso pozik nago; sasoi hasieran ez nuen uste nagoen tokian egongo nintzenik. Asier [Riesgo] eta Ricardo atezain ikaragarriak dira; ez nuen uste haien aurkako lehian gailentzeko gai izango nintzenik. Lehia estua izan da, eta ez nuen uste hainbeste partida jarraian jokatuko nituenik. Zorionez, ordea, gauzak horrela izan dira, eta nigan sinetsi dutenei eskerrak eman besterik ezin dut egin.

Hirugarren atezaina zinela zirudien sasoiaren hasieran. Riesgo eta Ricardo aulkian eta harmailetan uzteko gai zinela sinesten al zenuen?

Maila onean ikusten nuen neure burua, baina ez zen erraza biak hamaikakotik at utziko nituela sinestea. Entrenamendu guztietan barruan dudan guztia ematen saiatzen naiz, ordea. Horrelakoa da nire izaera, eta, azkenean, erabakia ez da nirea, entrenatzailearena baizik.

Riesgok lehen norgehiagokan min hartu zuelako sartu zinen zelaira, baina noiz ikusi zenuen zeure burua atezain titular gisa?

Egia esatea nahi baldin baduzu, une honetan ere ez dut neure burua titular gisa ikusten. Ondo ez baldin banago hurrengo norgehiagoka ez dudala jokatuko pentsatzen dut nik oraindik, eta, horri esker, entrenamenduetan gauzak ondo egiten saiatzen naiz.

Lehen Mailan gol gehien jaso duen hirugarren taldea da Osasuna, eta, hala ere, laudorioak besterik ez duzu jaso.

Estatistikak hor daude, baina argi dago Bartzelona eta Real Madrilen aurka etxetik kanpo jokatutako bi partidak aintzat hartu gabe Osasuna ligako talderik sendoenetakoa dela ondorioztatuko genukeela. Bi partida horietan hamabost gol jaso izanak dena baldintzatzen du.

Atezainek beti begiratzen diozue sasoi amaieran jasotako gol kopuruari, dena dela. Min handia egin al zizuten bi partida horiek?

Ez, ni ez naiz estatistikei begiratzen dieten horietakoa. Hutsean amaitzea baino, nahiago dut 6-5 irabaztea. Beste atezain batzuek esango dizute garrantzitsuena dela golik ez jasotzea, baina taldeak irabaztea da garrantzitsuena nire ustez. Puntuak batzea da gauza garrantzitsu bakarra, taldeak bere helburuak lortuz gero, jasotako gol kopuruak ez baitu batere garrantzirik.

Gol gutxi jasotzea behar bezala baloratuko duzu, dena dela. Iragan sasoian, Bigarren Mailan gol gutxien jaso zuen atezaina izan zinen Huescarekin. Horrek zerbait esan nahi du.

Egia da estatistikei garrantzi handia ematen diela jendeak, eta asko hitz egiten da sasoi batean gol gutxien jaso duen atezainaz. Baina benetan diot; nire ustez, ez da hain garrantzitsua.

Tenerife B, Mallorca B, Osasuna B, Huesca eta Osasuna. Gaztea izanagatik lana erruz egin behar izan duzu Lehen Mailara iristeko.

Bai, lana gogor egin behar izan dut, baina asko gozatu dut. Jendeak sufrimendua ikusten duen tokian nik gozamena ikusten dut, entrenatzea gauza zoragarria baita. Oraingoa baino une garratzagoak bizi izan ditut futbolean, baina inoiz ez naiz kexatu. Beren hiriko taldea Lehen Mailan izan eta harrobitik zuzenean Lehen Mailara jauzia emateko zortea izaten dute zenbait jokalarik. Nik ez. Alde batetik bestera ibili naiz nire ametsaren atzetik.

Osasunaren harrobikoa sentitzen al zara?

Neurri batean bai. Hiru urte egin nituen bigarren taldean, eta batik bat lehendabizikoan ederki barneratu nuen Osasunakoa izatea zer den. Jaitsiera saihesteko kanporaketa jokatu genuen, eta mailari eutsi genion itzulikoa etxetik at jokatu arren. Gogorra izan zen, baina Osasunarekin dudan lotura berezia han hasi zen errotzen.

Huescan ikusi zenuen profesionala izateko gaitasuna baduzula?

Urtetik urtera hazten joan naizela uste dut, baina egia da Huesca talde profesionala zela. Bigarren Maila ez da edozer gauza, eta beste atezain on baten aurka lehiatu behar izan nuen postuaz jabetzeko. Aurrerapausoa izan zen niretzat, zalantzarik gabe.

Lehen Mailan debuta egina zinen ordurako, Almerian, 2007ko urrian.

Bai, Osasunan egin nuen lehen urtean Ricardo jokatu ezinda zela eta, deialdian sartu nintzen. Partidan Elia egotzi zuen epaileak, eta zelaira atera nintzen. Ez zen izan debutik gozoena.

Baloia ukitu gabe gola sartu zizuten.

Penalti bat geratzen saiatu behar izan nuen sartu orduko.

Goizegi zela uste al zenuen?

Bai, baina, horri esker, argi ikusi nuen zer hobetu behar nuen.

Osasunan gustura zaudela argi dago. Zeintzuk dira zure ametsak?

Nire ametsa Lehen Mailan jokatzea zen, eta pozik nago. Egia da gaztetan Txapeldunen Liga eta Eurokopa bat edo Munduko Koparen bat jokatzea amesten duzula, baina hori oso urrun ikusten dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.