Denboraldiko garairik garrantzitsuena ate joka du Athleticek. Besteak beste, etzi jokatuko du Europa ligako finalerdietako joanekoa, San Mamesen, Manchester Uniteden aurka. Hasierako hamaikakoari begira, Julen Agirrezabala (Errenteria, Gipuzkoa, 2000) eta beste hamar jokalari ariko dira. Europako lehiaketan zuri-gorrien atea zaintzeko arduradun dihardu Agirrezabalak, eta aitortu du «unerik onenean» dagoela gorputzez zein buruz. Bera ez ezik taldea ere fresko dagoela dio. «Gure helburua irabaztea eta kanporaketa ongi bideratzea izango da».
Asteburu honetan bertan hartu du zuen lekukoa Bartzelonak, Espainiako Kopa Real Madrili irabazita. Urtemugaren aitzakian, egun historiko haren oroitzapenik izan al duzu?
Oroitzapen haiek oso fresko dauzkat, atzo izan balira bezala. Egun historikoa izan zen, 40 urteren ondoren titulu bat irabaztea baitzen guztion ametsa. Finalaren inguruan bizitako guztia bizitza osoan eramango dut nirekin, eta egia da urtebete honetan behin baino gehiagotan ikusi dudala penaltien bideoa. Noizbehinka halakoak ikustea ona da autoestimurako. Mugikorra egun hartako irudi eta bideoz beterik daukat.
Zu zeu izan zinen finaleko heroietako bat, penaltietan lan bikaina eginda. Urtebete honetan asko aldatu al zaizu bizitza?
Pertsona bera naiz, ohitura, lagun eta inguru berarekin. Goi mailako kirolari batentzat oso garrantzitsua da oreka emozionala mantentzea, eta jarrera berari eustea une onetan zein txarretan. Familiak babes emozional handia ematen dit, lagunek ere bai, eta betiko Julen izaten segitzen dut. Gurasoek erakutsi didate oinak lurrean eduki behar direla beti. Dena den, oso polita da jendeak kalean geratu eta eskerrak ematea penalti haietan egindakoagatik.
Titulu bat irabaztean, beti egiten da galdera bera: eta orain, zer? Kopa eskuetan izan arren, zuek berehala aitortu zenuten berriro beste titulu bat lortzea zenutela xede. Bada, gero eta gertuago duzue Europa ligako garaikurra.
Oso urrun dago hori oraindik. Izugarria izan zen Espainiako Kopa irabaztea, eta ez dut imajinatu ere egin nahi zer litzatekeen Europa liga irabaztea, are gehiago Bilbon. Badakigu klubak ez duela inoiz halakorik lortu, eta horretan jarrita daukagu arreta osoa. Baina badakigu oso zaila izango dela. Zaleek ilusio handia dute, kalean sumatzen dugu hori, baina San Mamesko partidan soilik daukagu arreta jarrita. Behin finalerdietan egonda normala da finalari begiratzea, baina ezin dugu arreta galdu. Partida bikain prestatzen ari gara, eta konfiantza dugu.
Sasoia hasi zenetik partida kopuru handia jokatu duzue jada. Fresko al dago oraindik Athletic?
Oso ongi dago taldea, dinamika onean sartuta. Egia da denbora luzea daramagula jokatzen, eta ez da erraza hiruzpalau egunez behin jokatzea. Baina uste dut Ernesto Valverdek bikain kudeatu duela taldea eta egoera onean ailegatu garela unerik garrantzitsuenera. Fisikoki ongi sumatzen ditut taldekideak, eta buruz ere indartsu gaude. Ilusio ikaragarria daukagu, eta ilusio horrek jaten ematen dio gure buruari.
«Fisikoki ongi sumatzen ditut taldekideak, eta buruz ere indartsu gaude. Ilusio ikaragarria daukagu, eta ilusio horrek jaten ematen dio gure buruari»
Manchester Unitedek ohiko jokalariekin jokatu du asteburuan Ingalaterrako ligan, Andoni Iraolak gidatzen duen Bournemouthen aurka (1-1). Zuek baino nekatuago iritsi al daitezke haiek San Mamesera?
Baliteke. Guri mesede egin digu astebeteko atsedenak. Maiatza ikaragarri gogorra dator, eta arnasa hartzeko balio izan digu asteburua jai izateak. Dena den, badakigu Manchester Unitedek oso talde zabala daukala, jokalari on ugariz osatua. Edonork jokatzen duela ere, arma asko dauzkate guri min egiteko.
Historikoa izan zen Athleticek Manchester Uniteden aurka jokatu zuen kanporaketa, 2012an. Zuk 12 urte zenituen. Ikusi al zenuen partida hura?
Ez, baina orduko irudiak askotan ikusi ditut, eta bertan ageri da Oscar de Marcos. Hark soilik jarraitzen du taldean, baina momentuz ez digu ordukoari buruz ezer esan. Beharrik ere ez daukagu, badakigu-eta kanporaketa honek zer esan nahi duen klubarentzat. Urte hartan ibilbide historikoa egin zuen taldeak, baina finala galdu zuen. Ea orduko arantza ateratzen dugun aurten eta De Marcosi opari eder bat egiten diogun.
Orain arte ez bezala, joanekoa izango da San Mamesen, eta itzulerakoa etxetik at. Horrek zertan aldatuko du zuen jarrera?
Ez dakit zer esan, zeren eta orain kanpoan sartutako golek ez dute balio bikoitzik, eta horrek aldatu egiten ditu partidak. Gure lehen helburua izango da irabaztea, eta ahalik eta alde handienarekin irabaziz gero, hobeto. Atezainoi atea hutsean mantentzea ere gustatzen zaigu.
Zuk eta beste hamarrek jokatuko duzue hasieratik, ondo bidean. Prest al zaude?
Horretarako prestatzen gara, egun bikainak izateko. Sasoi hasiera ez zen erraza izan, Unai Simon min hartuta zegoenean ematen baitzuen minutuak emango nituela ligan, eta min hartu nuen nik ere. Buruari buelta dezente eman nizkion, eta itzuli nintzenean zalantzak izan nituen. Akats batzuk egin nituen. Azkenaldian jarraitutasuna eduki dut, eta unerik onenean nago orain.
Orain dela urtebete luzatu zenuen kontratua, 2029ra arte. Erabaki ona hartu al zenuen?
Bai, noski. Gauza bera erantzuten dut: klubak nigan izan duen konfiantza eskertu egiten dut, eta zorretan sentitzen naiz. Unai Simon ondoan izatea ere ona da, bion arteko lehiakortasunak hobetu egiten gaituelako.
Baina Athletic da klub bakarra bi atezainak txandakatzen dituena ligan eta Europan. Egoera hori noiz arte da jasangarria? Baliteke datorren sasoian biek jokatu nahi izatea Txapeldunen Ligan.
Denoi gustatzen zaigu partida handiak jokatzea, baina oraindik ziurtatu egin behar dugu Txapeldunen Ligarako sailkapena. Lanak ez daude bukatuta. Pertsonalki, burua orainean daukat soilik, eta ez dakit zer gertatuko den datorren sasoian. Nahiko lan badugu oraindik maiatzean.
Txapeldunen Ligarako bidean, Anoetan ariko zarete igandean, Realaren aurka. Nahiz eta zuk aulkian egon behar izan, bisita berezia izango da zuretzat, ezta?
Dudarik gabe. Nire lagun asko Realekoak dira, eta beti da berezia Anoetan aritzea. Familiakoak ere gerturatuko dira. Ea hiru puntuak lortzen ditugun laugarren postuan sendotzeko.