Sasoi hobea egin nahi dute

Beti Onak-ek eta Anaitasunak asko sufritu zuten mailari eusteko aurreko denboraldian. Orain, taldeak indarberrituta eta errefortzu berriekin bueltatu dira lanera, dena emateko prest.

Anaitasunak denboraldi berrirako egin dituen lau fitxaketak. ANAITASUNA.
Manex Usarralde Garmendia
2023ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Beti Onak-ek eta Anaitasunak asko sufritu zuten joan den denboraldian mailari eusteko.Olaia Luzuriaga (Iruñea, Nafarroa, 2001) eta Antonio Bazan (Iruñea, Nafarroa, 1996) itxaropentsu azaldu dira datorren sasoiarekin. Aurreko urteko esperientziak aurten «lagundu» egingo diela adierazi dute biek. Luzuriagak aitortu du denboraldiaren lehen zatia «oso ona» egin zutela, baina azkenerako «zaildu» egin zitzaizkiela gauzak. Gainera, jaitsiera fase horretako azken partidan lortu zuten mailari eustea, Granollersen aurka. Bestalde, Bazanek esan du gutxiago sufritu nahi badute «arreta handiagoz» jokatu beharko dutela.

Datorren denboraldiari begira, mailari neurria hartzea da Beti Onak-en nahia. Aurten badute lehengo sasoiko esperientzia, baina taldeko kapitainak adierazi du sasoi gehiago jokatuz hartzen zaiola neurria mailari. Hala ere, Luzuriagak irmo azaldu du: «Taldearen helburua mailari eustea bada ere, gauza gehiago lortzeko gogoa izan behar dugu denok». Luzuriaga «anbizio handikoa» da, eta bere buruarekin oso «exijentea». Horregatik, hobetzeko asko duela uste du, eta egunero bere burua «gainditzen» saiatzen da, taldeariahalik eta gehien lagundu nahian.

Atarrabiako taldea aurreko ostegunean hasi zen berriz entrenatzen. Sei jokalari berri zeuden, udaran fitxatu dituztenak. Eta aurreko urteko taldeko lauk taldea utzi dute. Luzuriagak dio joan zaizkienek taldea «sentikortu» egin dutela, eta fitxatu berriek «esperientzia» eta «kalitatea» ematen dietela. Erantsi du taldekide berriak ez dituztela oraindik asko ezagutzen, baina ezagutuz joateko eta erritmoa hartzeko daudela denboraldiaurreko aste hauek, hartara irailean liga hasten dutenerako ahalik eta baldintzarik onenetan egoteko.

Eskubaloi jokalari profesionala izateaz gain, enpresen administrazio eta zuzendaritzako ikasketak amaitzen ari da Luzuriaga: «Ikasketen oinarri bat izatea ezinbestekoa da, kirol honetatik jende oso gutxi bizi baita». Ikasketak entrenamenduekin uztartzea «sakrifizio handia» izan dela dio, baina, txikitatik ohitu da bizimodu horretara, eta «ongi» antolatzen ikasi du: «Lortzen ari garena ikusita, sakrifizio horrek guztiak merezi izan du».

Anaitasuna berri bat

Anaitasuna ere larri ibili zen aurreko sasoian mailari eusteko, azken-aurreko jardunaldira arte ez baitzuen lortu mailari eustea. Amaiera asko zaildu zitzaien, kontrolpean zituzten partida asko galdu zituztelako gol gutxiren aldearekin. Hori psikologikoki «hondatuz» joan zitzaiela adierazi du Bazanek. Denboraldi amaieran, taldean urte asko zeramatzaten bi jokalarik erretiroa hartu zuten: Carlos Txokarro kapitainak eta Ibai Meokierdilariak. Bazanen ustez, jokalari horiek «ezinbestekoak» ziren taldearentzat, jokatzerakoan zuten mailarengatik, baita taldearen alde emozionalerako «bi euskarri» zirelako ere.

Datorren sasoian, Bazan izango da taldeko kapitaina. Orain arte Txokarrori eta Meokiri laguntzen aritzen zen kapitain lanetan, eta horiek ardura handiagoa zeukaten. Orain, ordea, hari egokitzen zaio lehen lerroan egotea.«Erronka handia izango da niretzat, baina gogo handiz hartuko dut kapitain izateko ardura», dio Bazanek.

Taldea nabarmen aldatu da udan. Erretiratutakoez gain, Arthur Pereira, Joao Pinto eta Xabi Castro ere joan dira. Horiek lehen lerroko jokalariak izanda, jokoan «garrantzi» handia duten postuak direla adierazi du Bazanek. Lau jokalari berri izango ditu Anaitasunak. Jokalari horiek gazteak dira, eta esperientzia falta dute, baina hori «lanarekin» berdintzen dutela esan du kapitainak.

Bazanek azaldu du taldean oraindik ez dituztela guztiz zehaztu denboraldiko helburuak. Hala ere, haien nahia eskubaloian «ondo» eta «erakargarri» jokatzea da. Horrekin afizioa erakarri nahi dute, eurentzat «oso garrantzitsuak» direlako. Horrez gain, harrobiko jokalari berriak lehen taldean «finkatzea» ere helburu dutela azaldu du kapitain berriak.

Bazanek, eskubaloiaz gain, beste lan bat dauka: medikua da. Kapitainak dio eskubaloian jokatzeak mediku formakuntzan lagundu diola. Azken finean, talde laneko kirol bat delako, eta «talde lana» ospitale batean «funtsezkoa» delako. Oraingoz eskubaloian beste urte bat jarraituko du, baina «askoz gehiago» izatea espero du kapitain berriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.