Izaro Lestayo. Patroia

«Sasoi perfektua izan da uzteko. Tolosako urtea opari bat izan da»

Duela egun batzuk jakinarazi zuen Lestayok arrauna utzi duela. «Taldekideekin egotearen hutsunea nabarituko dut gehien, baita udako lehia hori ere. Baina asebeterik noa», azaldu du.

JON URBE / FOKU.
ainara arratibel gascon
Getaria
2023ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Irribarretsu iritsi da Izaro Lestayo hitzordura (Getaria, Gipuzkoa, 1998). Elkarrizketa ez du galdu, eta goxo errepasatu ditu bere ibilbidea eta patroiaren jarduna.

Aurreko asteburuan iragarri zenuen arrauna utziko duzula. Sare sozialetan zabaldutako mezu baten bidez izan zen. Zer izan da zailagoa, erabakia hartzea edo idatzi hori idaztea?

Zailena, behin erabakia hartuta entrenatzaileari eta taldekideei utzi egingo nuela esatea.

Nola esan zenien?

Aste hasieran, entrenatzaileari esan nion. Hark jarraitzera animatu ninduen, eta horretarako hainbat aukera eman zizkidan. Baina garbi nuen ezetz. Eskatu nion taldekideei ez ezer esateko, nik esan nahi niela. Justu ostiral horretan taldeko afari bat genuen, eta garai egokia iruditu zitzaidan esateko. Batzuk ezin ziren etorri, eta bezperan bideo deia egin nuen haiekin. Haiek ere ahalegindu dira konbentzitzen, baina ulertu ere egin naute.

Zergatik erabaki duzu orain esatea?

Egia esan, aurreko urtean esaten nuen hau nire azken urtea izango zela. Baina, egin dugun denboraldia ikusita, beti ematen dizu jarraitzeko gogoa. Bihotzak esaten zidan jarraitzeko. Baina, behin errealitatea ikusita, eta burua hotz, ikusi nuen zaila izango zelajarraitzea eta ikasketekin uztatzea. Izan ere, odontologiako azken urtea ikasten ari naiz. Gainera, konturatu nintzen urte perfektua zela uzteko.

Idatzian zenioen arraunak baduela zerbait uzteko zail egiten duena. Zer dauka?

Arraunak asko eman dit: lagunak, diziplina, azken urte honetan nigan konfiantza handiagoa izatea...

Zeren hutsunea nabarituko duzu batez ere?

Hasieran arraunak hartzen zidan denbora: horren hutsunea izango dudala uste dut. Ea nola kudeatzen eta betetzen dudan denbora hori. Kirola egiten jarraitzeko asmoa dut: nire kabuz joango naiz gimnasiora. Lagun artean egotearen falta ere sumatuko dut. Izan ere, taldekideak lagun ere bihurtzen dira, eta ez dut hainbeste denbora igaroko haiekin. Eta, nola ez, uda iristean lehiaketa bera. Gogorra da, baina amaieran beti esaten dugu uda motz egiten dela.

Arraunean ibilbide bat egin duzuen hainbat emakumek utzi duzue arrauna denboraldia amaituta: Eli Pescadorrek, Nadeth Agirrek, zuk. Zer diozu horri buruz?

Gazteei ateak ireki behar zaizkiela. Erretiroa hartzeak pena ematen du, baina zure ibilbidea ikusita konturatzen zara oparoa izan dela, aberasgarria, eta asebeteta zoaz. Nik banekien sasoi hau agian azkena izango zela. Nirekin batera, Maialen [Amondarain] aritu da patroi lanetan, eta aprobetxatu dut hari ahalik eta gehiena erakusteko.

Amondarainek nola hartu du zu joatea?

Esan nionean, eskuak burura eraman, eta esan zuen: «Ai ama, orain bakar-bakarrik geratuko naiz». Baina esan nion denak berdin hasten garela. Asko gustatzen zait nola eramaten eta animatzen duen ontzia. Berdin jarraitzeko esan diot, taldeak asko errespetatzen baitu.

Atzetik badatoz arraunlariak?

Badatoz, bai. Nahiz eta herri guztietan badiren momentuak non hutsune bat dagoen.

Eta patroiak?

Hor, hutsunea handiagoa da, etahori izan da nire kezketako bat uzteko garaian. Izan ere, gutxi daude. Uste dut klubek lan egin behar dutela harrobian, arraunlariak ateratzen dituzten moduan patroiak ere ateratzeko. Getarian, adibidez, harrobian lanean ari dira horretarako. Txikienekin txandaka aritzen dira. Eta ziur baten bati gustatuko zaiola. Patroi izateak asko ematen du, bai pertsona moduan, bai kirolari moduan.

Nolatan hasi zinen zu patroi?

Ahizpa ere aritzen zelako hasi nintzen ni arraunean. Garbi nuen arraunlari izan nahi nuela. Patroi izatea ezustean egokitu zitzaidan.Patroiak falta ziren, eta esan zidaten pisuagatik ni nintzela egokiena. Etxera haserre joan nintzen, nik arraun egin nahi bainuen. Baina postura egokitu nintzen, eta orain ez nuke ezergatik aldatuko. Harro esaten dut patroi izan naizela.

Posturik gogorrena da ontzi barruan?

Argi dago arraunlariek gehiago sufritzen dutela fisikoki. Baina psikologikoki oso gogorra da patroi lana. Estropada batean zerbait gertatuz gero, gure erantzukizuna balitz bezala hartzen dugu. Zama hori handia da. Nik, estropada baten ostean, etxera iritsi, eta hau egiten nuen lehenbizi: telebistan ikusi. Gainera, maiz pisatzen gaituzte. Orduan, zeure buruarekin ondo ez bazaude, edonoiz eror zaitezke zulora: gutxiago pisatu nahi duzula, ontzian egindako okerraren erantzukizuna zurea izan dela... Eta motxila hori betez doa. Zu ez bazaude ondo, ontzian asko antzematen da. Patroi on bat izango da bere buruarekin konfiantza duena, eta konfiantza hori arraunlariei transmititzen diena.

Pisua dela-eta asko estutu duzu zeure burua?

Bai, urte gogorrak pasatu ditut. Neure buruari asko eskatzen diot. Pisu jakin bat eman nahi nuen, eta hori bilatu nahian galdu egiten zara. Gaixorik egon nintzen. Urte batzuetako lana izan da hori gainditzea. Laguntza eskatu behar izan nuen, eta hortik ateratzea lortu nuen. Laguntza hori ezinbestekoa da.

Arraunlari batek eta patroi batek kezka diferenteak al dituzte?

Bai. Arraunlariari honek kentzen dio loa: hurrengo eguneko estropadan nola ibiliko den. Patroiei, berriz, zein itsaso egongo den, txarra egonez gero nola gidatu beharko duen ontzia, pisaketa edukiz gero zein pisu emango duen... Gainera, arraunlariekin psikologo lana ere egin behar duzu: bai ontzian doazenekin, baita kanpoan geratzen direnekin ere. Azken horiei ere beren tokia eta garrantzia eman behar diezu. Nik, adibidez, beti izan dut ohitura estropada aurretik haiengana gerturatzeko. Nortasuna ere izan behar duzu.

Bakardaderik sentitu duzu?

Ez nuke esango. Azken batean, popan dauden lau arraunlariekin oso batuta egoten da patroia, baita proelarekin ere. Hura ere bakarrik doa, eta nik beti esaten dut funtsezkoa dela biak oso ondo ulertzea, estropada ona egiteko.

Eta beldurrik?

Itsaso handiarekin, nahiz eta kanpotik ez dirudien, beldurra pasatu dut. Beldurra, itsaso handiarekinarrisku handiagoa dagoelako okerrak egiteko. Baina arraunlariei lasaitasuna transmititu nahi izan diet beti.

Gidaritzan estilo propio bat izan duzula uste duzu?

Behin ere ez diot erreparatu horri.Baina taldekideek denboraldi honetan nabarmendu didate lasaitasuna transmititzen dudala. Horrekin batera, beti saiatu naiz patroi euskalduna izaten. Azken denboraldi honetan, erabat hala izateko plazera izan dut. Izan ere, euskal hiztunak ziren denak. Horrek asko erraztu dizkit lanak, bai itsasoan, bai hortik kanpo.

Asko aldatu da patroi baten egitekoa zu hasi zinenetik?

Hasieran, patroi onenak gutxien pisatzen zutenak ziren. Gero, patroientzat ere gutxieneko pisu bat ezarri zen, eta aurrerapauso handia izan zen. Ikusi da onena ez dela gutxien pisatzen duena, baizik eta teknikoki eta psikologikoki onena dena.

Nola dituzu gogoan Getariako hasierak?

Ni nintzen patroi bakarra taldean; beraz, itsasoa edozein izanda ere, nik atera behar nuen. Hasiberria nintzen, ezagutza falta zitzaidan, eta hutsei eta itsasoaren egoerari ez nien garrantzi handirik ematen. Ez nuen horren kontzientziarik.

Gero San Juanen deia jaso zenuen, orduko ontzi onenarena.Hara joan zinen. Aldaketa handia izan zen?

Bai, une hartako txapelduna zen. Deia jasotzea ezuste handia izan zen, baina berehala eman nien baietza. Txapeldunek deitu ninduten, eta ezin nuen ezetz esan.

Han egin zinen patroi?

Bigarren patroi gisa joan nintzen, eta han egin nintzen patroi, ikasita kanpoan geratzeak zer esan nahi zuen. Getarian beti aritzen nintzen. Asko sufritzen nuen horrekin, baina urte haiek indartsu ere egin ninduten. Nerea Perezekin eta Indar Paredesekin aritzen nintzen patroi lanetan. Kanpoan nengoenean, asko erreparatzen nion beste patroien lanari.

Zer izan zen zuretzat Kontxa eta liga irabaztea?

Lehen urtean, ligan bi estropada baino ez nituen egin, eta bigarrenean, hiru. Baina egia da bigarren Kontxan sailkapen estropadan eta lehen igandean atera nintzela. Bigarren Kontxa hori sentitzen dut gehien nire. Garaipen hori handia izan zen niretzat.

Dena irabazi arren, ez dirudi urte errazak izan zirenik, ezta?

Polita da dena irabaztea. Baina aldi berean presio handia genuen, eta tentsio ere handiagoa izaten zen horregatik. Asko sufritu nuen arlo pertsonalean, eta uste nuen hor amaituko zela nire ibilbidea arraunean.

Baina ezustean etxeko taldearen eskaintza zenuen, zertarako eta gizonezkoen ontziaren bigarren patroi aritzeko. Albiste bihurtu zinen, lehena baitzinen.

Egia esan. hasieran ez nion aparteko garrantzirik eman horri, baizik eta etxera itzultzeari. Urte polita eta gogorra izan zen aldi berean. Polita, arraunlari guztiak lagunak nituelako. Hasieratik oso ondo hartu ninduten, beso zabalik. Oso eroso aritu nintzen. Gogorra, berriz, hedabide guztietan atera nintzelako. Fokupean egote hori ez nuen gustuko. Bidea irekitzen saiatu nintzen. Ez dakit gehiago etorriko diren. Baina garbi dut emakumezkoek beldurra galdu diogula gizonezkoen ontzi batean patroi aritzeari.

Eta Tolosaldeko esperientzia nolakoa izan da?

Izugarrizko oparia izan da. Getariako gizonezkoen ontziarekin nengoenean, argi nuen denboraldi bat egin nahi nuela emakumezkoen ontzi batean, San Juanen geratu zitzaidan arantza hori ateratzeko. Baina, proposatu zidatenean, beldur apur bat ere sartu zitzaidan. Baina, aipatu bezala, lagun talde bat izan gara, eta oso-oso eroso egon naiz, konfiantzaz. San Juaneko arantza kendu ahal izan dut. Estropada bakoitza modu berezi batean bizi izan dut, eta Kontxako lehen igandean bizi izan nuena bizitzea izugarria izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.