Sasoia eta historia dauzka Athleticek alde gaur

Talde zuri-gorriak Elx jasoko du gaur San Mamesen; aurkariak ez du sekula irabazi Bilbon

haritz gallastegi
Bilbo
2013ko urriaren 31
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Athletic hankaz gora ari da jartzen futbolaren logika. Bizitzaren beste edozein arlotan bezala, lan ona egin beharra dago uzta jasotzeko. Futbolean ezinbestekoa da talde orekatua izatea puntuak irabazteko. Egia da noizean behin pattal jokatuta ere irabaz daitekeela, baina salbuespenak dira. Behar eskasa eginez gero ez dago emaitza onak eskuratzerik.

Athleticen kasuan ohikoa baino gehiago ari dela luzatzen zortez irabazitako partiden zerrenda. Aparteko sendotasunik erakutsi ez arren, puntu asko ari da eskuratzen, eta sailkapenaren goiko aldean ari da egonkortzen. Kontrako bidea ari dela egiten esan daiteke: ondo jokatuta irabazi beharrean, puntuak ematen duten konfiantza baliatu gura du talde gisa hazi eta funtzionatzeko.

Iraizoz ez, Muniain bai

Gaur Elxeren aurka aukera paregabea du beste hiru puntu poltsikoratzeko.Bere historian Bilbon sekula irabazi ez duen talde igo berri batek bisitatuko du San Mames. Baina ez da inor gutxiestea komeni. Athleticek ere antzeko bolada bati amaiera eman berri baitio, Getafen irabazita. Gainera, Elx ondo ari da. Hamabi punturekin sailkapenaren erdialdean dago. Beraz, ezustekorik egon ez dadin nahitaez dauka Athleticek jokoa hobetu beharra. Hiru egunen buruan jokatuko duen bigarren partida ofiziala izango dela kontuan hartuta, litekeena da hasierako hamaikakoan berritasunbat edo beste egotea. Gorka Iraizoz ez da osatu Getafen hartu zuen kolpetik eta Iago Herrerin ariko da. Iker Muniain, ordea, osatu egin da, eta deialdian da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.