Final aurreratuaren usaina hartu diote pilotazaleek etzi Juan Martinez de Irujok eta Abel Barriolak Iruñean jokatuko duten lau t'erdiko txapelketako finalerdietako ligaxkako partidari. Izan ere, Labrit pilotalekuak sasoiko lehen betekada izango du larunbatean. «Goraino beteko da, partidaren egunean pasabideko sarrera batzuk jarriko ditugu salgai, baina beste guztia salduta dago», azaldu zuen atzo, pilota aukeraketan, Rafa Etxeberria Asegarceko logistika arduradunak.
Partida etzi jokatuko da, baina atzoko salduak zituen txartel guztiak Asegarcek, eta bakar batzuk gelditzen zitzaizkion bakarrik. «Normala da, partida erakargarria baita», gehitu zuen Etxeberriak. Lehen faseetako sarrera kaskarren ondoren izen handien dantza hasi denean etorri da pilotazalea txapelketara. «Gonzalez eta Barriolaren artekoan jende gehiago espero genuen, eta aurretik Bengoetxea eta Barriolaren artekoan sarrera ona izan genuen. Agian, Labriteko sasoi hasiera beste urte batzuetan baino makalxeagoa izan da». Zergatia? Krisia bai behintzat, Etxeberriaren irudiko. «Kirol ikuskizun guztietan nabaritu da. Jendea berdina da, baina hobeto aukeratzen du noiz joan eta noiz ez». Etziko partida oso erakargarria da. Heldu den astekoan, berriz, gerta liteke gutxi egotea jokoan. Asegarcek Labritera itzuli nahi du, eta benetako ikusmina neurtzeko aukera izango da.
Etziko partidak sorturiko ikusminaren adibide, atzoko pilota aukeraketan Labriteko kantxako harmaila bete egin zen. Egia da euria ari zuela Iruñean, Labriten berogailuaren alboan goxo egoten dela eta sarrera dohainekoa dela, baina harrigarria zen jendetza. «Txapelketako lehen kanporaketetan baino jende gehiago dago», artekari baten esaldia argigarria zen. 300 lagundik gora batu ziren. Artekari berak apustuetako dirua Irujoren alde irtengo dela azaldu zuen: «100-70i edo 60ri. Jendeari Irujo gustatzen zaio».
Finala, urrun
Orain artekoak ikusita, etzi finalean sartzeko bi hautagai nagusiek jokatuko dute elkarren aurka. Barriolak sasoi bikaina erakutsi du lehen partidetan; Irujok, ostera, huts asko eginda irabazi zion Titini. Hala ere, Iberokoa da faborito apustuzaleentzat, eta leitzarra ez zen harritu. «Normala da, Juan beti da faborito, bera da onena. Baina, tira, dagoeneko urte asko daramatzat hemen halakoek eragin diezadaten».
Faboritoen arteko dema izan arren, biak bat datoz irabazlea ez dela sartuko finalean matematikoki. Irujok argi du ligaxka irekita dagoela. «Aurreko astean bi 22-17ko egon ziren; galtzaileek tanto asko egin zituzten. Gainera, ligaxka ikusita, edozein emaitza egon daiteke. Etziko irabazleak oin eta erdi izango du finalean, baina ez biak». Barriola ere zuhur mintzatu zen, bere esperientzian oinarrituta, leitzarra bi aldiz gelditu baita final batetik kanpo ligaxka batean bi partida irabazita ere -2008ko binakakoan eta lau t'erdikoan-. «Duela bi urte, bi partida irabazita ere, kanpoan gelditu nintzen, lau tantorengatik, eta ez nintzateke harrituko aurten ere berdinketa hirukoitza egongo balitz. Beraz, tantoei ere begiratu beharko zaie».
Pilotei dagokienez, antzekoak aukeratu zituzten. Irujok ez zuen iritzirik eman; Barriolak, berriz, hiru oso antzekoak direla azaldu zuen, eta agian Irujoren bat biziagoa dela. Iberokoak 106,5 gramoko bi pilota aukeratu zituen, eta leitzarrak, 106,7 eta 105,5 gramokoak. Partidako gakoez mintzatzean, azkenik, Barriolaren sakea nabarmendu zuen Irujok. Barriolak, berriz, aurkariaren bolea saihesten saiatuko dela aurreratu. Gonzalezek eta Titinek gaur aukeratuko dituzte, Logroñoko Adarragan, igandean erabiliko dituzten pilotak (11:30).
Sasoiko aurreneko betekada
Irujok eta Barriolak etzi jokatuko dute elkarren aurka, Labriten, eta atzoko bukatuak ziren sarrera guztiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu