futbola

Schalke 04-Athletic Europako Ligako final-laurdenetan

Alemaniako taldeko jokalari dira, besteak beste, Huntelaar eta Raul. Beste lehiak: Sporting Lisboa-Metalist, AZ Alkmaar-Valentzia eta Atletico Madril-Hannover. Joaneko partida martxoaren 29an, itzulikoa apirilaren 5ean. Athleticek finalerdietan Sporting Lisboa edo Metalist luke aurkari. Bilboko taldea Europako Ligako hurrengo kanporaketara ate handitik sartu da, Manchester United gaindituta.

2012ko martxoaren 16a
18:09
Entzun

Athleticek Schalke 04 Alemaniako taldearen aurka jokatuko du Europako Ligako final-laurdenetan, gaur Nyongo (Suitza) zozketak erabaki duenez. Alemanian ariko dira lehenik, martxoaren 29an; itzulikoa, apirilaren 5ean. Schalke 04k final-zortzirenetan Twente kanporatu du.

Alemaniako Ligan, 25 jardunaldiren ondoren, laugarren doa Schalke, 47 punturekin. Aurretik Borussia Dortmund (56 puntu), Bayern Munich (51) eta Borussia Monchengladbach (48) ditu. Hamabost partida irabazi ditu, bi berdindu eta zortzi galdu; alde 54 gol, kontra 33. Jan Huntelaar Schalkeko aurrelaria Ligako bigarren golegile nagusia da, hemeretzirekin. Aurreko jardunaldian 3-1 irabazi zioten Hanburgori —igandean—.

Taldeak plantillan jokalari ezagunak ditu: Metzelder zentrala, Jurado erdilaria, Huntelaar eta Raul aurrelariak...

1904an sortutako kluba da Gelsenkirchen hirikoa. Haren estadioan —Veltins Arenan— 61.600 lagun sartzen dira. Alemaniako Liga zazpi aldiz —azkena 1958an— eta Kopa bost aldiz —azkena iaz— irabaziak ditu. UEFA ere lortu zuen: 1996-97an. Ligan azken 11 urteetan lau aldiz izan da bigarren: 2001, 2005, 2007 eta 2010ean.

Final-laurdenetako lehiak

Schalke 04-Athletic.
Sporting Lisboa-Metalist Jarkov.
AZ Alkmaar-Valentzia.
Atletico Madril-Hannover.

Joanekoa martxoaren 29an eta itzulikoa apirilaren 5ean.

Finalerdiak

Schalke 04-Athleticeko irabazlea / Sporting Lisboa-Metalist Jarkoveko (Ukraina) irabazlea.
AZ Alkmaar-Valentziako irabazlea / Atletico Madril-Hannoverreko irabazlea.

Joanekoa apirilaren 19an eta itzulikoa apirilaren 26an.

Finala

Maiatzaren 9an, Bukaresten.

Europako Ligako final-zortzirenak (beltzean, sailkatu direnak):

Athletic-Manchester United: 2-1 atzo (joanekoan Athletic 3-2 irabazle)
PSV-Valentzia: 1-1 (joanekoan Valentzia 4-2 irabazle)
Hannover-Standard Lieja: 4-0 (joanekoan 2-2)
Udinese-AZ Alkmaar: 2-1 (joanekoan AZ Alkmaar 2-0 irabazle)
Besiktas-Atletico Madril: 0-3 (joanekoan Atletico Madril 3-1 irabazle)
Schalke 04-Twente: 4-1 (joanekoan Twente 1-0 irabazle)
Manchester City-Sporting Lisboa: 3-2 (joanekoan Sporting Lisboa 1-0 irabazle)
Olympiakos-Metalist Jarkov: 1-2 (joanekoan Olympiakos 1-0 irabazle)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.