Egoitz Murgoitio. Hirumeteko txirrindularia

«Secok eginikoa lortzen saiatzea, presioa ez, helburua da, erronka»

Euskal Herrian dagoen ziklo-kroslaririk onena da orain Egoitz Murgoitio. Sasoi bikainean dago, eta begiz jota dauka biharko Igorreko Munduko Kopako proba.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
Abadiño
2011ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Ahopean onartu du, baina bihar Igorren, Munduko Kopako laugarren proban, lehen hamarren artean sartuko dela sinetsita dago Egoitz Murgoitio (Abadiño, Bizkaia, 1983). Inoizko prestaketarik onenarekin iritsi da. Sasoi honetako zortzi garaipenekin, konfiantzaz gainezka dago. Eta zirkuitua lokaztuta egongo da. Abadiñarrak berak ere badaki dena alde daukala. Murgoitioz gain, Javier Ruiz de Larrinaga (MMR-Spiuk), Aitor Hernandez (Orbea) eta Erlantz Uriarte (Ibaigane) ariko dira bihar Igorren (13:30). Murgoitiok egin du Igorrerako bere apustua: «Pauwels, Nys eta Mourey».

Zortzi garaipen pilatuta zaude jada, eta Euskal Herriko eta Espainiako egutegian ez daukazu aurkaririk.

Euskal Herriko eta Espainiako lasterketetan zortzitik zortzi irabazi ditut. Zorte pixka bat ere behar da. Aurreko sasoian ere lasterketa dezente irabazteko zorian egon nintzen, baina arazo dezente izan nuen proba batzuetan. Orain artekoa izugarria izan da.

Zertan egin duzu gora, aurkariak baino nabarmen hobea izateko?

Aurreko urteetako hutsetatik asko ikasten da. Aurreko denboraldian, adibidez, udan ez genuen behar bezalako prestaketarik egin, eta sasoirik onena lortu gabe ekin genion denboraldiari. Kilometro gehiago egin dugu aurten udan, eta sasoi hobean iritsi naiz lehen probetara. Lasaitasuna ematen du horrek. Eta, tira, Munduko Kopan eta nazioarteko lasterketetan esperientzia pilatzen ari gara.

Egutegi gogorra daukazu orain: Igorre, Asteasu, Puente Viesgo... Nazioarteko egutegia, Euskal Herrikoa, Espainiako Kopa, Espainiako, Euskal Herriko eta Munduko txapelketak...

Proba guztiak jokatu nahi ditugu, baina, hasieratik, Munduko Kopa bete-betean egitea zen lehentasuna. Hori argi geneukan. Espainiako Koparekin zalantzan ibili ginen, hasiera batean proba gehiago zeudelako eta horietako batzuek Munduko Koparekin batera zeudelako. Baina azkenean lau proba besterik ez dira izango; bi irabazi ditugu, ostegunean izango da hirugarrena, eta igandean azkena. Ez da hainbesterako. Espainiako Txapelketa, berriz, Munduko Txapelketa baino bi aste lehenago da, eta, beraz, ezinbestekoa izango da bertan ondo ibiltzea; eta Euskal Herriko Txapelketa ere oso garrantzitsua da niretzat. Hurrengo bi hilabeteetan ez dago atsedenik.

Etxean nahi bezala zabiltza, baina nazioartera jauzi eginda zulo handi samarra dago oraindik. Ezinezkoa al da 15. postutik gora egitea?

Ezinezkoa ez dakit, baina oso zaila bai. Niretzat oso garrantzitsua izan da igandekoaren pareko zirkuitu zail batean lehen hamabosten artean sartzeko zorian egotea [hondarrez beteta zegoen Kokjsideko barrutia]. Helburua lortzeko modukoa da, joan den sasoian adibidez 11. postuan amaitu nuelako Igorren. Zazpi bat txirrindulari gainerakoak baino nabarmen hobeak dira, eta hortik atzera, zortzigarrenetik hamabosgarrenera, aldaketa dezente egoten dira, zirkuituaren arabera. Horien artean sar naitekeela uste dut.

Plzenen, Munduko Kopako lehen proban, erori egin zinen, eta, ondorioz, puntu dezente galdu zenituen.

Munduko Kopako lehen probatik lehen hamabosten artean sartzea zen helburua. Zortzi proba besterik ez dira, eta lehenengoan irten eta berehala erretiratu behar izan nuen. Pisu handia daukate zero puntu horiek, baina bigarren proban 21. amaitu nuen —42. postutik abiatuta—, joan den igandean 16. sailkatu nintzen, eta ea Igorren iazkoa hobetzeko moduan gauden. Iaz baino hobeto nago, eta euriarekin ea zirkuitua gogor samar dagoen.

Kokjsideko proba amaitu, autokarabanan sartu, hamabi orduko bidaia egin, Elorrion bizikleta gainera igo, eta irabazi. Nola uler daiteke hori?

Aste guztian pentsatu genuen hori egitea. Elorrion lehiatzea etxean aritzearen parekoa da niretzat, eta antolatzaileek eta babesleek ahalegin handia egiten dute lasterketa antolatzeko. Igorrerako astebete geneukan, indarberritzeko, eta saiatzea erabaki genuen. Belgikan gustura amaitu nuen, gainera, eta bidaia erosoagoa izan zen. Garaipen hark erakutsi zidan lan ona egiten ari garela.

Egoitz Murgoitio dabil erabat ikusgarri, edo Euskal Herriko ziklo-krosaren maila dago dezente apalduta?

Euskal Herriko maila Denok dakigu zein den. Javier Ruiz de Larrinaga, besteak beste, hor dago, baina nik neure buruari begiratzen diot, eta, denborei begiratuta, ikusten dut urtez urte hobetuz noala.

Zuk David Secoren itzal luze hori sufritu beharko duzun beldurrik badaukazu, errepidean Abraham Olanok Miguel Indurainen itzal luzea izan zuen moduan?

Secok egin zuena berdindu beharraren presiorik edo ardurarik ez daukat. Azkenaldian jende askok esan dit haren mailara hel naitekeela. Baina ez, ez. Davidek asko lagundu dit umetatik, harreman ona daukagu, eta hark eginikoa lortzen saiatzea, presioa ez, helburua da, erronka. Davidek izugarrizko lana egin zuen, oso urte zailetan, gainera, eta hark irekitako bidea baliatzen ari gara gu.

Igorreko zirkuitua begiak itxita ere ezagutzen duzu. Bihotzari kasu eginda helburu bat jarriko duzu, eta buruari entzunda beste bat. Biak jakiterik bai?

Buruari kasu eginda, iazko 11. postua hor dago, eta zirkuitua antzera badago, hor inguruan ibil naiteke. Gaitasuna badaukagu. Bihotzak, noski, baietz esaten dit, iaz denbora askoan ibili nintzelako lehen hamarren artean. Hori bai, denborari ere begiratzen diot. Iaz Niels Albert irabazlearengandik bi minutu ingurura geratu nintzen —2.27ra—, eta zirkuitua iazkoaren antzera badago, onenarekiko galera bi minututik jaitsi nahiko nuke. Lortuz gero, lehen hamarren artean nengoke.

Nys, Pauwels, Stybar... Orain gutxi arte ezezaguna zinen haientzat, baina orain haietako bat zara. Nork harritu zaitu, onerako eta txarrerako?

Sven Nysek lasterketa barruan eta kanpoan harritu nau. Oso serioa da, eta distantzia mantentzen du beti. Onerako, Stybarrek harritu nau. Gaitasun izugarria dauka probetan bete-betean aritzeko eta bat-batean zaleengandik oso gertu egoteko. Oso atsegina eta umoretsua da. Eta txarrerako-edo, Albertek harritu nau:txirrindulari gisa izugarria da, baina zirkuituetatik kanpo goitik behera begiratzen duen bakarrenetakoa da.

Nysek UCIri proposatu dio ziklo-kroseko puntuak ere aintzat hartzeko errepideko denboraldirako. Zer iritzi daukazu zuk?

Ni ere iritzi berekoa naiz, asko lagunduko ligukeelako. Oso-oso zail ikusten dut, hala ere. World Tourreko taldeek gehiago begiratuko liokete ziklo-krosari. Guretzat zoragarria litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.