Segurtasun eremua

Sake marra 4,5 metro atzeratuko dute trinketeko buruz burukoan, Waltaryri «oztopoak jartzeko»

Agusti Waltary, semea besoetan duela, iaz buruz buru irabazitako txapelarekin eta trofeoekin. BOB EDME.
Imanol Magro Eizmendi.
2011ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
«Ez da Waltaryren aurkako lege bat; nolabait, Waltaryren aurkako oztopo bat da». Ezin da argiago esan. Esaldia Filipe Karrikart Frantziako Federazioko presidenteordearena da, eta errealitate baten isla. Waltaryk buruz buru duen nagusitasuna hain da nabarmena, non txapelketa nagusiko arautegia aldatu egin baitute. Ez osoa, txapelketa bakarrerako. Inoiz baino atzeragotik aterako da sakea. Buruz buruko trinket txapelketa igandean hasiko da, Baigorrin (Nafarroa Beherea) eta Sent Martin de Hinsen (Okzitania), eta pilotariek frontisetik 13 metrora jo beharko dute lehen pilotakada. Orain arte 8,5 metrotik jotzen zuten, eta Waltaryk makina bat tanto lortzen zuen saketik —19 Superprestigeko azken finalean—, eta hori eragoztea da helburua. Segurtasun eremu bat da, emozioa eta oreka babesteko.

«Jokalariok ezin dugu gauza handirik esan», hala laburbildu zuen bere atsekabea Waltaryk herenegun buruz burukoaren aurkezpenean. Sakekoa ez da berari oztopoak jartzeko harturiko erabaki bakarra, gainera. Txapeldunak ez du hain ondo datozkion Baionako Moderneko beirazko pareten artean jokatzeko aukerarik izango. Finala Donibane Garazin jokatuko da, harrizko trinket klasiko batean. Dena den, hori ere ez da oztopo, azken bi urteetan han irabazi baitu, nagusitasunez gainera, Superprestigea. Karrikartek, berriz, neurria uler dadin eskatu zuen. «Buruz buruko partidak gero eta motzagoak dira, sakea gero eta garrantzitsuagoa da, pilotariak gero eta prestatuagoak daude, kantxak biziagoak dira... Zerbait egin behar da. Erabaki honekin aldaketaren bat lortzea espero dugu».

Finala Garatera eramateak ere badu beste arrazoi bat: ikusleena. Hala azaldu zuen Karrikartek herenegun. «Baionako Modernek 1.500 ikusle erakartzeko aukera ematen digu, baina azken finaletan 500 edo 600 bakarrik elkartu dira. Ohiko trinket batera itzultzea bilatzen ari ginen, baina ziur nago Modernera itzuliko garela».

Lau zerrendaburu

Buruz buruko txapelketako lehen kanporaketak lau adarretan banatu dituzte, zerrendaburu banarekin, eta laurak igandean hasiko dira. Waltaryren adarrean Laurent Lanbertek eta Gregori Agirrek jokatuko dute igandean, Baigorrin (16:00). Irabazleak Vincent Lazkano izango du hurrengo aurkari, eta final-laurdenetan, txapelduna. Olivier Larretxeak eta Ximun Lanbertek ere Baigorrin jokatuko dute Andde Kurutxarriren multzoko lehen partida. Tartean Ellande Alfaro dago zain.

Igandeko beste bi partidak Sent Martin de Hinsen jokatuko dira (17:00). Patrick Ozafrainen adarrean, Pierre Ducassou eta Herve Bonebeltxek jokatuko dute lehen partida, eta irabazleak Thierry Etxeto izango du aurkari. Azken adarrean, Paxkal Ezkurra da zerrendaburu, atzetik Thierry Arizmendi du, eta lehen partida Patrick Ezkurrak eta Olivier Jeannotsek jokatuko dute.

Multzo bakoitzeko irabazleek ligaxka bidezko finalerdiak jokatuko dituzte —duela bi urteko sistema da—, eta finala otsailaren 27an izango da, esan bezala Donibane Garazin. Guztira, hamasei pilotarik hartuko dute parte. Eta hiru dira hutsune nagusiak: Patrick Ibarrolak, ezkerra denez, ez du parte hartuko; Herve Etxeberriri ebakuntza egin behar diote sorbaldan, eta Sebastian Sorhuet zigortuta dago, dopin kontrol batean positibo emateagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.