Mendia

Sei mendizale hil dira Everesten azken bi egunetan

Asteazkenean, inoizko lagun gehien igo zen gailurrera egun berean. 200 mendizale baino gehiago izan ziren tontorrean. Atzo jakinarazi zuten bi mendizale hil zirela. Hildakoen kopurua seira handitu da gaur.

Everestetik jaisterakoan hil diren bi mendizaleen gorpuak Katmanduko Teaching ospitalera eraman dituzte erreskate zerbitzuek. NARENDRA SHRESTHA, EFE
2019ko maiatzaren 24a
15:47
Entzun

Gailurrera iristeko azken metroetan, mendizale ilara luzea eratu zen, asteazkenean, Everesten. Tontorrera igotzeko zain egon behar izan zuten mendizaleek, denbora luzez, txandaka elkarri bidea emateko. 8.500 metroko garaieran, bi orduz egon behar izan zuten batzuek. Ondorioz, mendia jaisteko denbora aurreikuspenak luzatu egin ziren. Hori izan zen Donald Lynn Cash estatubatuarraren eta Anjali Kulkarni indiarraren heriotzaren arrazoi nagusia —biek 55 urte zituzten—, bi mendizale horien espedizio taldeko antolatzaile Kulkarniren esanetan. Atzo eman zuten bi mendizale horien heriotzaren berri. Gaur beste lau hil direla jakin da: Ernst Landgraf austriarra, eta Nihal Bagwan, Kalpana Das eta Dhurba Bista indiarrak.

"Trafiko handiko eguna izan da. Espedizioak kexu dira bi ordu edo gehiago itxaron behar dela tontorrera iristeko", azaldu du Gyanendra Shrestha Nepaleko Turismo Ministerioko ordezkariak.

The Himalayan Times egunkariak argitaratu duenez, Kalpana Das (49 urte) Balkoi izenarekin ezagutzen den inguruan zendu da, gailurretik itzultzen ari zela. Nihal Bgwan (27 urte), berriz, laugarren kanpalekuan zendu da, Balkoiaren ingurutik sherpa batzuen laguntzarekin haraino jaitsi ondoren. Hura ere tontorretik itzultzen ari zen. Ernest Landgraf (65 urte) Bigarren Maila izeneko inguruan hil da. Tontorretik jaisten ari zela hura ere. Dhurba Bista bere bezero batzuk gidatzen ari zela hil da.

Atzo jakin zenez, Lynn Cash estatubatuarra ere jaitsieran zendu zen. Mendizalea zorabiatu egin zen Everesteko gainean zela. "Gure bi sherpak konortea berreskuratzen lagundu zioten, baina bueltan zekartela hil zen", adierazi du Pasang Tenje Pioneer Adventure espedizioko kideak. 

Nepalgo Turismo Ministerioko ordezkariak jakinarazi duenez, astearte gauean 250 mendizale inguru abiatu ziren Everesteko oinarrizko kanpalekutik (7.900) tontorrera (8.848) bidean, eta horietatik 200dik gora izan dira helburua lortu dutenak. Ostegunean ere kopuru antzekoak izan dira. 200 mendizale baino gehiagok lortu dute munduko mendirik altuenaren tontorrera igotzea, baina mendiaren bi aldeetan banatuta egin dute igoera.

2012an ere antzeko zerbait gertatu zen 260 mendizale denak batera tontorrera igotzen saiatu zirenean. Hillary koskan pilatzen joan ziren, tontorrera igotzeko 12 metroko harkaitzean. Orduko horretan lau mendizale hil egin ziren, jaisten ari zirenean nekeak eta altuerak jota; 179 mendizale igo ziren tontotorrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.