Euroliga. A multzoa: Bizkaia Bilbo Basket. Gorka Arrinda. Bizkaia Bilbo Basketeko akziodun nagusia

«Sei urte bakarrik egin ditugu ACBn, eta Euroligan gaude; handia da!»

Emaitzetatik haratago, gozatzeko deia egin du Gorka Arrindak, Euroliga jokatzea lorpen handia delako. Multzoko laugarren postua da helburua, «Top16a jokatzeko», eta babesle publikoek «aurrekontuaren %25 bakarrik» jartzen dutela argitu du.

JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Eskaera mordoa egin behar izan ditu BERRIAk Gorka Arrinda elkarrizketatu ahal izateko (Bilbo, 1963). Ez da prentsan agertu zalea, baina telefonoz hogeita bost minutuko solasaldia eskaini du. «Inoiz isiltzen ez den sakelakoari lapurtutako urrezko denbora», Arrindaren ahotan.

Egun honekin sarri amets egingo zenuen, baina etorri etorriko zela ez zenuen hain garbi edukiko, ezta?

Orain errazena da esatea Euroliga gure betiko kirol helburua zela, baina taldea kudeatzen gabiltzanok garbi genuen taldea sortu zenean helburua kirol lorpen handienak lortzea zela. Gu, apal-apal, zehaztu gabeko urte epean onenen mailara iristeko asmoz hasi ginen lanean, eta lortu dugu. Euroliga zen gure helburua 2000. urtean, abian jarri ginenean, eta, orain, behin hori lortuta, Top16a da hurrengo langa, eta, ondoren, Lauko Finala. Ahal badugu, Euroliga bera. Ez da bilbotarkeria bat, hala sentitzen dut, hala sentitzen dugu taldean gaudenok. Ez dakit lortuko dugun edo ez, baina anbizioa dohainik da, eta askatasuna eman behar zaio.

Norekin oroitzen zara Bilbo Basket Euroligan debuta egitear dagoela?

Talde hau gaur dagoen tokira eraman duten guztiekin. Proiektu ero honetan murgildu ginen lehen egunarekin. 11 urte atzera lau buruarinek LEB ligako plaza bat erosi genuen, jakin bagenekielako Bizkaian bazela saskibaloizaleen sare handi bat. Lokartuta zegoena baina esnatuz gero erreferentzia bilakatuko zena, eta hala izan da. Gehiago oroitzen naiz gertukoak diren kontuekin. Olympiakosen aurka Miribillan elkartuko garen 10.000 zaleekin, adibidez, baina ez nuke ahaztu nahi aspaldi Casillan elkartzen ginen 300 zaleekin, hori izan baitzen gaur daukagunaren hazia. Neu naiz proiektu honen aurpegi ezagunena, baina proiektu honen atzean jende asko dago bultzaka: 3.000 akziodun, 7.400 bazkide, 10.000 zale talde bat hauspotzen…

Euroliga jokatzea ACB ligarako igoera bera baino garrantzitsuagoa dela esan duzu. Zergatik?

Bada, ACB ligan jokatzeko lorpenean eragin handiagoa duelako sosak kirol lorpenak baino. Dirua baldin baduzu, postu bat lor dezakezu. Guk igogailu taldea izatea saihestu genuen hasieran, ACBra igo eta berehala maila galtzen duen talde bat ez izatea. Ligako lau talde handiak alde batera utzita, Valentziak, Joventutek eta geuk bakarrik lortu dugu Euroligako saria, eta hori, egun Euroligan dagoen lizentzia sistema itxiarekin, oso zaila da. Oso talde gutxi daude liga batean sei urtez jokatu eta Euroligan jokatzeko saria lortu dutenak, eta gu horietako bat gara. Gauza handia da!

Zer esan nahi du Euroligak proiektuarentzat?

Asko. Ezezagunak gara kontinente zaharrean, eta orain ez gara hain ezezagunak izango. Gure lan egiteko modua ezagutuko dute, errespetuan eta joko ikusgarrian oinarritzen dena. Bilbo eta Bizkaia mailan ere gauza handia da. Bizkaitarrak betidanik izan du begi bat Europan, eta gu Euroligako taldea gara.

Euroligan jokatze hutsak, berez, bultzada serioa ematen dio proiektuari.

Proiektuak oinarri sendoak dituela erakusten duen pauso garrantzitsua da. ACB ligan sei onenen artean egonkortzen ari gara. Seigarren, laugarren edo bigarren izan gaitezke, baina multzo horretan gaude. Sosen kontuan ere ez daukagu arazo larririk, eta zaleei dagokienez, ligako hiru afizio onenen artean gaude zalantzarik gabe. 7.400 bazkide ditugu, eta hori kopuru ikaragarria da.

Ekonomikoki eragin handia al dauka Euroligak?

Egingo dugu azterketa sakonago bat, eta jakinaraziko dugu publikoki. Hasteko, ETBri Baskoniari ematen dion kopuru bera eskatuko diogu, tratu justuena hori dela pentsatzen dugulako.

Gaur zein jarrera hartu beharko luke zaleak? Bilbotar petoa izan, edo zuhurtziaz jokatu, aurkaria zein den ikusita?

Bilbotarra beti izango da bilbotarra: saskibaloizale petoa. Nik mugarri historiko bat balitz bezala ikusten dut, eta, emaitzaren gainetik, zaleei gozatzeko aholkua emango nieke. Olympiakos dator Bilbora, Europako talde onenetakoa. Jakina, haiek garaitzea da erronka, baina horrekin batera, Miribillan festa moduko bat izatea nahi nuke.

Saskibaloia ezagutzen duzu, multzoa eta haren taldeak ere bai. Buruarekin, zein da taldearen helburua ligatxoan?

Multzoko laugarren postua lortzen saiatu behar dugula esango nuke, hartara Top16a jokatuko genukeelako. Borroka eta zailtasunak gainditzea dira gure ikurrak. Top16a lortzen dugula? Ederki. Ez dugula lortzen? Baita ere. Borrokatzen segituko dugu.

Jakin badakizu zure gestioak susmoak eragiten dituela, baita kritikak ere. Ohikoenetakoa aurrekontuaren ingurukoa da. Babesle pribaturik gabe bederatzi milioiko aurrekontua nola lor litekeen galdetzen dute askok. Erantzunik bai?

Bai, noski. Susmo eta kritika horiek egiten dituztenek ez dute arrastorik taldearen diru iturrien inguruan, eta askotan informaziorik izan gabe botatzen dira gauzak. 7.400 bazkide ditugu, eta sarri 9.000 lagun elkartzen dira Miribillan. %80 inguru betetzen da batez beste pabilioia, eta, jakina, horrek diru asko uzten du. Aurrekontu osoaren %33, oker ez banago. Hainbat enpresak jartzen duten publizitatearen bitartez lortzen dugun diru kopurua ere handitu egin da. 65 enpresa ditugu taldea babesten, eta horrek aurrekontuaren %25 esan nahi du. Babesle nagusi batzuk ditugu, FEVE, El Correo kazeta eta Foru Aldundia. Hiru babesle horiekin aurrekontuaren %25-%30aren bueltan gabiltza. Gure babeslea Bizkaia da, hala erabaki zelako eta, horrela izanda, aurrera egiteko moduan gaudelako.

Ez al duzue babesle pribatu sendorik bilatzen?

Bilatu… Eskaintza onak izan ditugu, baina orain Foru Aldundiarekin gaude, eta oso kontent. Hurrengo urtean bukatuko da babes horren bi urteko zikloa, eta ikusiko dugu. Ez dugu babesle arrunt bat nahi, babesle ona baizik, gurekin lau urteko epea beteko duena. Eskaintzak, izan, baditugu.

Akziodun nagusia eta taldeko jokalari askoren ordezkaria zarela ere leporatzen dizute askok.

Bai, hori ere istorio zaharra da dagoeneko. Bilbo Basketek hamabi jokalari ditu, eta jokalarien sei ordezkari. Datu horrek baliogabetu egiten ditu taldera batez ere nik nahi ditudan jokalariak etortzen direla diotenen kritikak. Nik ordezkatzen ditut Raul Lopez eta Alex Mumbru, bai, baina jokalari horiek taldearekin konpromisoa edukitzea lortu dugu, eta Bilbon jokatzea. Aaron Jacksonek bere ordezkaria du, Axel Hervellek berea, Roger Grimauk berea, D'Or Fischerrek berea… Ni kirolari batzuen ordezkaria naiz [Sport Gestion agentziako jabea da], baina beste asko bezala. Kontu bat da nire lanbidea, eta bestea, nik nire dirua zertan inbertitzen dudan. Bere garaian Bilbo Basketen inbertitzea erabaki nuen; akziodun nagusia naiz, eta kito. Hogei urtean 20.000 kontratu inguru sinatu ditu nire agentziak, eta horien artean saskibaloi jokalariak egotea normala izango da, ezta? Saskibaloia, futbola, txirrindularitza, mendia, abentura… diziplina askotako kirolariak ordezkatzen ditugu.

NBAko izar asko etorri dira aurten Europara, eta ikusgarria dator Euroliga. Gustura?

Ez oso. NBAko lock out-ak daukan eragin txarra nabarmenduko nuke, Euroliga bera ahultzen duelako. Zertara etorri dira NBAko jokalariak? Bi hilabete jokatu eta martxa? Nik talde izaerari ematen diot balioa, izen ezagun batzuei baino gehiago, eta horregatik fitxatu ditugu urte osoa gurekin egingo duten jokalariak. Nire ustez, taldeek lortzen dituzte tituluak, eta ez jokalariek euren kasa, jokalari bikainak izanagatik. Gu ere ikuskizunaren alde gaude, jokalari onen aldeko apustua egiten dugu, baina afizio fidel bat pozteko jokatzen dugu. NBAko izarrak fitxatu dituzten talde aberats horietako zenbatek dute gure afizioa? Talde gutxik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.