Bidearen erdia egin dute binakako txapelketako bikoteek, eta, gehienentzat, osteratxoa bainoago gurutze bidea izan da. Aurtengoa hamalau jardunaldiko ligaxkako sistemako hirugarren aldia da, eta lehen itzulia bukatuta, aurreko urteetan baino estuago dago sailkapena. Zortzi bikotetik seik irabazi baino partida gehiago galdu dituzte, eta guztiek dute oraindik finalerdietan sartzeko aukera. Ondo bidean, eta iaz gertatu zen bezala, ez litzateke harritzekoa bikoteren bat sei garaipenekin sartzea finalerdietan.
AZPITIK ESTUTZEN
Azken sailkatuak, hobeak
Oreka da aurtengo binakakoaren ezaugarri nagusia. Azken bi urteetan ez da halako egoerarik egon lehen itzulian, lau bikotek gutxienez launa garaipen baitzituzten. Aldea, dena den, goialdean bainoago, sailkapeneko beste ertzean dago. Aurreko bi urteetan, azken- aurreko sailkatuek finalerdietarako sailkatutako lehen bikoteek baino bi garaipen gutxiago zituzten. Iaz Ezkurdia (Gonzalezen ordez) eta Zubieta ziren, eta duela bi urte Aritz Lasa eta Zubieta. Bi kasuetan bina garaipen zituzten, eta laugarren sailkatuek, berriz, lau. Aurrekoetan, bigarren itzulia hasterako, bina bikotek oso zail zuten finalerdietan sartzea; aurten, aldiz, azken sailkatuek ere badute aukera.
ERDIAK, OREKATUAK
Alde handiak 13 partidatan
Aurtengo txapelketak hasiera oso ona izan zuen, eta lehen bi jardunaldietan emaitza estuak egon ziren. Huts askoko partidak izan ziren; baina, gutxienez, emozioa egon zen. Inon idatzirik gabeko lege batek dio galtzaileak hamabost tanto baino gehiago egiten dituenean atondu duela emaitza, bada lehen itzuliko hogeita zortzi partidetatik hamahirutan (%46), galtzailea ez da hamabost tantora iritsi. Asko edo gutxi da? Bada, iaz baino gehiago: galtzaileak 11 partidatan ez ziren iritsi hamabost tantora (%39); eta, duela bi urte baino gutxiago, hamazazpitan ez ziren iritsi (%60).
ORDEZKAPEN GEHIAGO
Zazpi jadanik
Ordezkapenen dantza aurreko bi urteetan baino handiagoa izan da aurten. Lehen itzulian hutsuneak ez dira oso ohikoak izaten; bai, ordea, ligaxka bukatu ahala, hala partiden kargarengatik, nola finalerdietara begira eskuak babesteko. Aurten, orain arte, zortzi ordezkapen egon dira: Aretxabaleta, Ladis Galarza eta Zubieta bi aldiz, eta Irujo eta Xala behin. Iaz lehen itzulian egondakoak halako bi dira, eta duela bi urte egon ziren halako lau. Asegarcek seigarren jardunaldiaren ondoren Ladis Galarza txapelketatik kanpo uztea erabaki du, maila egokia ematen ari ez zelako. Iaz Aspek erabaki bera hartu zuen Sebastian Gonzalezekin, seigarren jardunaldian orduan ere.
PILOTAK, EZTABAIDAGAI
Urteroko kalapita...
Partidez adina hitz egin da pilotei buruz lehen itzulian. Ia bikote guztiek egin dute adierazpenen bat pilotak gaitzetsiz. Oro har, denak bat datoz: azkar higatzen dira, eta horrek piloten jarrera aldatzen du: batzuetan bizitu eta beste batzuetan moteldu. Pablo Berasaluzek bota du esaldirik argigarriena: «Duela hamar urte ere binakako txapelketa jokatzen nuen, eta orduan pentsaezina zen saskiko sei pilotak erabiltzea». Baina, tira... Hemeroteka begiratuz gero, pilotek ia urtero ematen dute zeresana. Iaz, ligaxkaren bukaeran, Titinek eta Merinok kritikatu zituzten gehien. Historiarako geldituko da atzelari gaztearen esaldia: «Piloten ordez patatak nahi badituzte, nire aitak biltegi bat betea du herrian hautatzailea bila joan dadin».
OHIKO PILOTALEKUETAN
Logroñoko babesean
Binakako txapelketako ligaxka maila oneko jaialdiak saltzeko aukera da; aurten, baina, enpresak gutxi irten dira ohiko zirkuituko plazetatik (Bilbo, Eibar, Iruñea, Tolosa...). Hogeita zortzi jaialdietatik bost baino ez dira jokatu horietatik kanpo. Logroñoren alde egin dute enpresek, txapelketako lau partida jokatu dira han, eta Eibar ordezkatu du igandeko jaialdietan. Iaz ere bost izan ziren ohiko pilotalekuetatik kanpoko jaialdiak lehen itzulian, eta 2012an, zortzi. Krisiarekin jaialdiak saltzea zailagoa da, baina badirudi hurrengo jardunaldietan are gehiago dibertsifikatu ahal izango dituztela. Besteak beste, Arrigorriaga, Tafalla, Markina eta Maule zain daude.
XALA-ZUBIETAREN KRISIA
Bosgarrena, finalera
Ez dago ezusteko handirik sailkapenean, ustez faboritoak ziren bikoteak daude goialdean. Dena den, bikote baten jarduna nabarmentzekotan, Xala-Zubietarenak beharko luke. Txapelketa ondo hasi ondoren, krisi larrian murgildu dira. Azken lau partidak galdu dituzte —batean Aritz Lasa eta Cecilio aritu ziren haien ordez—, eta konfiantza falta dutelako irudia eman dute. Herenegun, aurreko bi partidetako irudia hobetu zuten, baina kosta egiten zaie irabaztea. Dena den, badute kontsolamendua, aurreko bi urteetan lehen itzulia bosgarren postuan bukatu zuen bikotea finalerako sailkatu zen... eta galdu egin zuen.
Seirekin berriz ere aski?
Binakako txapelketako ligaxkako lehen itzulia bukatuta, azken bi urteetan baino estuago dago lehia. Sei bikotek irabazi baino partida gehiago galdu dituzte, eta guztiek dute sailkatzeko aukera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu