ATLETISMOA. EUSKAL SELEKZIOA

Selekzioaren Aldeko Lasterketa, igandean

Bilbon jokatuko da, 'Euskal Herriko Federazio Nazionalak sortu' eta 'Zapatilak lotuz' leloekin

Erredakzioa
BILBO
2005eko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Euskal Selekzioaren Aldeko VI. Lasterketa jokatuko da igandean Bilbon, ESAITek antolatuta. Betiko legez, ekitaldiak helburua zehatza izango du: Euskal Herriko kirol selekzioak nazioartean lehiatzearen aldeko aldarrikapena egitea. Bi dira aurtengo leloak: Euskal Herriko Federazio Nazionalak sortu eta Zapatilak lotuz. Izan ere, ESAITen arabera, «pausoz pauso, urratsez urrats lortukodugu euskal selekzioak nazioartean ofizialki lehiatzea».

Uribitarte pasealekuan izango da hitzordua. 11:00etan hasiko dira ekitaldiak, gaztetxoen lasterketarekin. 1.860 metroko ibilbidea egin beharko dute 14 urtez azpiko neska-mutilek. Ordu erdi geroago, lasterketa nagusiaren txanda izango da. Parte-hartzaileek 6,5 kilometroko ibilbidea egin beharko dute. Korrikalari guztiek oparia izango dute: ESAITen elastikoa. Halaber, Mallorcarako bi pertsonentzako bidaia zozkatuko da lasterketa amaituta. Izen-emateko epea zabalik dago oraindik. Larunbata baino lehen izena emanez gero, sei euro ordaindu behar dira, eta zortzi euro lasterketa egunean bertan eginez gero. Izena emateko tokiak honako hauek dira: Forum eta Sportland kirol dendak.

Herri lasterketa, baina atleta ezagunekin

Aurreko ekitaldietan 1.000 korrikalari inguru aritu ziren korrika. ESAITeko kideek espero dute aurten kopuru horretara iristea eta, ahal bada, gainditzea. Lasterketak izaera herrikoia du, baina urtetik urtera gero eta atleta ezagun gehiagok hartzen dute parte. Aurtengo parte-hartzaileen zerrenda polita da: Txomin Martin, Asier Zarraga, Unai Saenz de la Fuente, Estibalitz Urrutia, Raquel Llanos eta Cristina Ezenarro ariko dira, besteak beste. Lasterketetako irabazleek Ramon Zumalabe artistak okasiorako apropos eginiko eskultura jasoko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.