Uztailaren 3an Euskadiko Sega Txapelketa irabazi zuen Juanjoxe Lizasok, baita marka lortu ere: 5.451 kilo ordubetean. Bi aste pasatu dira, eta oraindik pozik da asteasuarra. Egun, erretiroa hartzeko zalantzak dituela aitortu du. Hala ere, bitartean semearekin entrenatzen ari da.
Nola ospatu duzu bigarren txapela?
Egunean bertan ospatu genuen, taldekideekin batera.
Nola ikusi zenuen finala?
Emaitzak ikusita, badirudi oso erraz irabazi nuela, baina bai finalerdia eta bai finala oso estuak izan ziren. Baina sasoiko nago, eta konfiantzarekin; horrek asko lagundu zidan.
Marka ezarri zenuen gainera.
Bai, belarrak, giroak, tokiak eta denak lagundu zuen marka egiteko. Belarra pixka bat nahastuta zegoen, lanerako zailagoa, baina astuna zegoen, segarako aproposa. Ikusleentzat agian giro lainotsuegia zegoen, baina aproposa segalarientzat. Egun ez dago Pikoketa bezalako zelairik segan aritzeko.
Denboraldi ezin hobea egin duzu: hirutik hiru txapel irabazi dituzu.
Itzuli nintzenean helburu bat nuen: lan on bat egitea eta, ahal banuen, txapelen bat irabaztea. Baina, azkenean, denak irabazi ditut, marka onekin gainera.
Nolako lan saioak egiten dituzu txapelketetan sasoiko egoteko?
Prestaketa oso sinplea da. Garbi jaten dut, eta astean hainbat alditan segan aritzen naiz. Bestetik, mendira ere joaten naiz astero. Eta, azkenik, baserriko eta mendiko lanak daude. Gauza gehiegi egin gabe prestatzen naiz.
Zaila da belardiak aurkitzea astean bizpahiru aldiz segan aritzeko?
Belardiak badaude, baina baserritarrek gaur egun dena egun batean egiten dute, makinekin. Hori da gure arazoetako bat, makinak. Halere, horiek ez dira hain onak, eta gu edozein belardietara moldatzen gara. Nik, behintzat, ez dut horretarako arazorik. Hala ere, aurten belarrarekin ez dut arazorik izan.
1984an ere aritu zinen segan, eta orduan Gipuzkoako Txapelketa eskuratu zenuen. Nolatan erretiratu zinen, eta ondoren itzuli 2009an?
1984an gaztea nintzen, bultzadarik ez nuen, ezta diru laguntzarik ere. Gainera, fisikoki baxu nengoen eta iraupen gutxi nuen. 2009an, aldiz, hasi nintzen semea entrenatzen. Gogotsu zegoen, eta hark esan zidan posible zela txapelketetan zerbait egitea, eta animatu egin ninduen. Eta horrela itzuli nintzen, semearengatik; nigatik balitz, ez nintzen itzuliko.
80ko hamarkadatik gaur egun arte, segan aldaketarik izan al da?
Tresna gehienak lehen erabiltzen zirenak dira. Aldatu den gauza bakarra, orain txapelketetan edertasuna landu behar dela. Lehen nahiko narrats mozten zen. Pertsonalki asko gustatzen zait, nahiz eta gero zigorrak jasotzen ditugun. Bestalde, gaurko gazteek teknika gutxiago duten arren, prestazio gehiago dute.
Beraz, etorkizuna badago.
Kirol garestia da, laguntza eta txapelketa gutxi daude, baina oso gazte onak daude. Pixka bat lagunduta, jende asko etorriko da.
Beti oinutsik aritzen zara. Lehen eta orain.
Lehengo ohitura naturala da. Baserrian oinetakoak erabiltzen ditut. Segan, aldiz, nahiago dut oinutsik. Horrela gorputza hobeto kokatzen da, eta indar gehiago egiten duela uste dut. Nik, behintzat, nahiago dut horrela.
50 urte izan arren, sasoiko zaudela erakutsi duzu. Nola ikusten duzu zeure burua?
Oraingoz indartsu sentitzen naiz, eta denboraldian erakutsi dut. Orain, denboraldia amaituta, ikusi egin beharko da datorren urtean nola nagoen.
Etorkizunean jarraitzeko asmoz?
Negua pasa ondoren erabakiko dut. Egun, semeari lagundu nahi diot; indartsu eta gogotsu dabil.
Juanjoxe Lizaso. Segalaria
«Semeak animatu nau; nigatik izango balitz, ez nintzen itzuliko»
Orain 50 urte jaio zen, Asteasun (Gipuzkoa). Segan gaztetan aritu zen arren, orain lortu ditu emaitza onenak. 1984an erretiratu, eta 2009an itzuli zen. Euskadiko Txapelketa bigarrenez irabazi berri du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu