Qatarko Munduko Kopa

Senegal eta AEBak, pozik

Ekuador eta Iran menderatu ostean, final-zortzirenetan dira, bigarren sailkatuta. Lehen final-zortzirenak zehaztu dira: Herbehereak-AEB eta Ingalaterra-Senegal

AEBek lehen zatiko azken txanpan sartu zioten gola Irani. ALI HAIDER / EFE.
ainara arratibel gascon
2022ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Iritsi da Munduko Kopako multzoen faseko hirugarren jardunaldia, eta horrekin txapelketako lehen pozak eta atsekabeak. Atzokoan A eta B multzoak erabaki ziren. Neurketak jokatu baino lehen Herbehereak eta Ingalaterra ziren lehen postuan sailkatzeko hautagai nagusiak, eta hala egin zuten. Lehia handiagoa zegoen bigarren posturako. Horri begira, Senegal-Ekuador eta AEB-Iran neurketak ziren erabakigarriak. Azkenerako, Senegalek eta AEBek egin zuten aurrera, irabazi egin baitzuten. Hala, final-zortzirenetako lehen bi kanporaketak zehaztu dira. Larunbatean, Herbehereek AEBen aurka jokatuko dute (16:00), eta igandean Ingalaterrak Senegalen kontra (20:00).

Afrikako selekzioek Errusiako Munduko Kopan egindako lana hobetu dute jada. Orduan kontinente horretako selekzio bakar batek ere ez zuen multzoen fasea gainditu, baina oraingoan gutxienez Senegal final-zortzirenetan izango da. Aliou Cissek zuzentzen duen selekzioa hasieratik izan zen nagusi Ekuadorren kontra (2-1). 10 minutuan bi aukera garbi izan zituen. Ekuadortarrak kontrakarrean aritu zrien. Taldeko izarra, Enner Valencia, ezinean aritu zen, bihurritu txiki bat baitzuen belaunean. Gainera, erasoko beste jokalari erabakigarria, Gonzalo Plata, ez zen agertu ere egin.

Atzean baino ez zion eusten, eta hor ere kostata. Baina Preciadoren huts baten ostean, Sarrek baloia jaso zuen. Hincapiek penalti egin zion, eta Sarrek berak ez zuen huts egin. 42. minutua zen.

Bigarren zatian Ekuadorrek erasoan argitasunik izan gabe jarraitu zuen. Baina 67. minutuan neurketako lehen kornerra jaurti zuen, eta Caicedok gola egin zuen. Merezi gabe, Ekuador sailkatua zegoen. Baina atzokoan futbolak justizia egn zuen, eta hiru minutu geroago, Senegalek sailkapena eman zion gola sartu zuen. Oraingo honetan ere geldikako jokaldi batean izan zen, falta batean. Coulibaly izan zen goleatzailea.

Herbehereak aparteko arazorik gabe sailkatu ziren lehen postuan. 2-0 irabazi zion Qatarri. Berriro ere Gakpo izan zen Van Gaalen selekzioko onena. Atzokoan ere gola egin zuen. Jokatutako hiru partidetan egin du. Munduko Txapelketako izarretako bat izaten ari da. Distira egiten ari ez dena, ordea, bere selekzioa da. Nahiz eta lehen postuan sailkatu, ez du ohiko joko bizi eta erasokorra egin. Eta hala zaila izango da aurrera egiten jarraitzea. Partidako beste gola Frankie De Jongek egin zuen, 49. minutuan. Qatarrek, punturik gabe amaitu du txapelketa.

Pulisic erabakigarri

B multzoan AEBek ezinbestean irabazi behar zioten Irani aurrera egiteko, eta hasieratik ikusi zen hori. Koska bat gorago egoteaz gain, zuzenean joan zen partidaren bila Gregg Berhalterren taldea. Irandarren apustua, berriz, argia zen: berdinketak balio zienez, eustea. Halakoetan, ohikoa da galtzea, eta hala gertatu zitzaion Carlos Queirozen taldeari. McKenniek gidatu zuen AEBetako taldea, Mushak zuloak topatu zituen eta Weahk eta batez ere Pulisicek jarri zuten arriskua. Desten erdiraketa bat aprobetxatuta, hark egin zuen gola 38. minutuan. Atsedenaldia baino lehen, gainera, Weahk gola egin zuen, baina epaileak baliogabe utzi zuen, jokoz kanpo oso estu baten ostean. 0-1ekoarekin, sailkapena ez egoen erabakita. Izan ere, gol batekin Iran barruan zegoen. Bigarren zatian, AEBek atzerapausoa eman zuten, eta pixkanaka partidaren kontrola galdu zuten. Iranek bizpahiru abagune izan zituen berdintzeko. Argiena Ghoddosei. Baina joan zitzaion kanpora errematea area.

Ingalaterraren kasuan, arazorik gabe hartu zuen mendean Gales: 3-0. Lehen zati kaskar baten ostean, bigarrenean azeleragailua zapaldu eta nahikoa izan zituen Rashforden bi txinparta eta Foldenen bat 68. minuturako multzoko lehen postua ziurtatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.