«Neure burua euskaldun sentitzen dudalako egin diot uko Frantziako selekzioarekin jokatzeari, eta Euskal Herriko selekzioarekin jokatu nahiko nukeelako. Egun, baina, bide bakarra Frantzia edo Espainiarekin aritzea da». Beñat Maitia trinket pilotari afizionatu lapurtarraren testigantza da. Urriaren 1etik 10era Pauen (Okzitania) jokatuko den Munduko Txapelketarako deitu zuen Frantziako selekzioko hautatzaileak, eta berak uko egin zion jokatzeari. Maitiak atzo eman zuen bere jarreraren berri, ESAIT Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeko eta EHPK Euskal Herriko Pilota Koordinakundeko kideek Munduko Pilota Txapelketaren harira eginiko agerraldian.
Maitia ez da uko egin duen pilotari bakarra, ezta lehena ere, aurretik askok hartu baitute erabaki bera. Martxel Toledo ESAITeko kideak adierazi zuenez, aurten Hego Euskal Herrian gehiago izan dira deiari muzin egin diotenak, «bai arrazoi ideologikoengatik, bai txapelketa eurentzat berezia ez delako». Ellande Alfaro berezkoa mintzatu zen EHPKren izenean, eta zehaztu zuen «asko» direla Ipar Euskal Herrian selekzioari uko egingo lioketen pilotariak. «Interes pertsonalengatik jokatzen dute Frantziarekin, ukoarekin ez dutelako ezer lortzen, baina asko dira beste aukera bat izango balute Euskal Herriarekin jokatuko luketenak». Berak, esaterako, 2002an uko egin zion Frantziarekin jokatzeari.
Trinketeko pilotari askok duten egoeraz mintzatu zen. «Pilotari askok Frantziarengatik ez, euren interesengatik jokatzen dute, ez nazioarengatik. Gero, nazioarteko federazioak Bolivia, Kanada eta beste nazio batzuk gonbidatu eta pilota hedatzen dutela dio, baina mailak behera egiten du. Nik Euskal Herriarekin jokatu nahiko nuke, euskal selekzioarekin txapelketaren beraren mailak ere gora egingo lukeelako». Maitiak onartu zuen ez duela federazioaren aldetik presiorik jaso, baina Munduko Txapelketara joaniko pilotariek berezkoetara pasatzeko erraztasunak izan ditzaketela.
Toledok «txalogarri» eta «eredugarritzat» jo zuen Maitiaren jarrera, eta iritzi taldeak etzi, Munduko Txapelketa aurkezteko egunean, Paueko pilotalekuaren aurrean Inposizioen aurrean, guk geurea lelopean kontzentrazioa egingo dutela aurreratu zuen. «Gu ez goaz inoren aurka, baina gure herriaren eskubideak aldarrikatuko ditugu». EHPK-k, berriz, gutun bat bidaliko dio txapelketako biltzarrean hautatua den Nazioarteko Pilota Federazioko presidente berriari, Euskal Herriko federazio eta selekzioaren onarpena eskatuz.
Sentimenduei jarraituz
EHPK-k eta ESAITek euskal selekzioaren aldarria eramango dute Paueko Munduko Pilota Txapelketara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu