Sentipen kontrajarriak

Athleticen bi iritzi daude: denboraldia ontzat ematen dutenena eta nahikoa ez dela izan uste dutenena. Gehienentzat, goiz da zuzendaritza berriaren lana epaitzeko.

Athleticeko jokalariak aurreko denboraldiko lan saioetako batean. MIGUEL TOÑA / EFE.
haritz gallastegi
2023ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Arrakastaren eta porrotaren artean dagoen tartea txikia dela esan ohi da. Partida bat, emaitza bat edota gol bat nahikoa da ona zena txar bihurtzeko, edota alderantziz. Alaveseko jarraitzaileek ondo dakite zer den hori, larunbatekoaren ondoren. Bada Athletici ere antzeko zerbait gertatu zaio: Espainiako Kopako finala jokatzeko aukera luzapenean galdu zuen; ligan, aldiz, eskura izan zuen bost urteko lehorteari amaiera eman eta Europarako sailkatzeko aukera, baina azken txanpan kale egin zuen.

Horrek guztiak aho zapore garratza utzi die jarraitzaile askori. Denboraldi hasieran zegoen ilusioa haizeak eraman du. Baina bestelakoak ere badaude. Athleticek egin duen lanari meritu handia ematen diotenak, alegia. Batez ere, futbola zein klub zuri-gorria barrutik ezagutu dutenek eman diote balioa Ernesto Valverderen taldeak egindako lanari. Halaber, Jon Uriarte presidenteari zein haren lantaldeari denbora eman behar zaiola iritzi diote. Larunbatean beteko da urtebete hauteskundeak irabazi zituztela.

JAVIER CLEMENTE
Athleticeko entrenatzaile ohia
«Athleticek harrobiko lanean egin du huts»

Javier Clementek ahobizarrik gabe jarduteko ohitura dauka, etahala aritu da zuri-gorrien lana baloratzerako orduan. Zuzendaritza berriaren lana arlo bitan banatzen du: arlo ekonomikoan eta kirol arloan. Diru kontuen inguruko iritzia emateko goiz dela iritzi dio. «Arlo ekonomikoan egiten ari den ekarpena baloratzeko denbora gutxi egin dute karguan. Aurrerago epaituko dugu». Bestalde, uste du zelaian taldea ez dela ondo aritu. «Kirol arloan ez dute agindutakoa bete. Athleticek huts egin du. Aukera bikaina galdu du Europarako sailkatzeko». Clementerekin bat datoz jarraitzaile asko. Helburua lortu ez izana arrazoitzeko orduan, denetarik aurki daiteke: jokalarien kirol maila ezbaian jartzen dutenak daude. Beste batzuek, berriz, Valverde jarri dute jomugan. Entrenatzaileak ez duela asmatu adierazi dutenak ugaritu egin dira denboraldiak aurrera egin ahala. Clementek, ordea, uste du Athleticen aulkia ondo dagoela dagoen moduan. «Entrenatzaile ona da. Ez da helburua ez lortzearen arduraduna. Urtebete darama karguan, eta ziur naiz jokalariei etekina ateratzen jarraituko duela».

Athleticek azken urteotan Europarako sailkatzeko izan dituen zailtasunen jatorria zehazteko, oraina aztertu beharrean iraganera jo behar da. Clementeren ustez, egungo jokalari, teknikari eta zuzendaritzako kideei ezin zaie gauza handirik aurpegiratu. Azken hamabi urteotan Lezaman egin den lan kaxkarraren ondorioz dago egun Athletic beste talde batzuen atzetik. Klubak iparra galdu du harrobiko lanean, haren ustez. «Athleticen gabezia nagusia ez dago lehen taldean. Arazoa harrobiko lana da. Azken hamabi urteetan atzera egin dute: italiar metodologia dela, Herbehereetako lan egiteko era jarri behar dela, entrenatzaile argentinarraren jokamoldea komeni zaigula... Finean, Athletic estiloa, betiko izaera galdu da». Eta, horren ondorioz, Athleticek atzera egin du. «Pisua galtzen ari da. Betiko lekua galdu du, eta beherantz doa».

OSCAR TABUENKA
Athleticeko jokalari ohia
«Denboraldia ez da porrota izan»

Athleticek denboraldi on bati ginga jartzea falta izan zaio, Oscar Tabuenkaren arabera. «Kirol emaitzek eragin handia dute arlo instituzionalean. Arlo ekonomikoan analisia egitea ez da erraza; besteak beste, ez daukagulako informazio handirik. Kirol arloan, Europan lehiatzeko borrokan egotea eskatzen diot taldeari, eta bete egin du. Ez da porrota izan».

Izan ere, Athleticek duen filosofiarekin geroz eta zailagoa da onenen artean egotea. Aurkariek gero eta baliabide gehiago dituzte. «Athletici ezin zaio bere aurrekontuaren arabera eskatu. Hau da, gure kasuan ez du balio ligan eskuratu beharreko postua taldeak duen kostuaren arabera jartzea. Daukagun filosofiagatik ordaindu beharreko prezioa da». Bide batez, Ibaiganek Valverderen alde egin duen apustua defendatu du. «Athleticek izan dezakeen entrenatzailerik onena da. Taldea ondo kudeatzen du, eta gizon argia da. Taldean jarraitzen badu, taldeari zuku gehiago aterako diola pentsatzen duelako jarraitzen du». Bada, aurrerapausoa emateko harribitxi gazteengan dauka esperantza. «Ez dago jokamoldea aldatu beharrik. Eraginkortasun apur batekin urratsa egingo du. Nicok [Williams], [Oihan] Sancetek eta gainerako gazteek gehiago emango dutela iritzi diot. Bestalde, taldeak Iñigoren [Martinez] falta sumatuko du, baina uste dut Athleticek defentsa onak dituela».

AITOR RAMOS
Athleticeko jokalaria ohia
«Eskertzekoa da zuzendaritzak autokritika egin izana»

Aitor Ramos jokalari ohiak uste du Athletic ondo aritu dela,baina bere inguruan kontrako iritzia duten lagun asko dauzka. «Kuadrillan azaldu dut taldeak lan ona egin duela, baina denak ez datoz nirekin bat». Aurrelari ohia Valverde zalea da, baina zalantzati ikusi du zenbaitetan sasoian zehar. «Apur bat gainezka eginda ikusi zaio. Urduri. Keinu asko egiten ikusi dugu gauzak zuzendu guran, aldaketak beti antzekoak izan dira eta minutu bertsuetan... Hala ere, teknikari oso ona da».

Aurrera begira, argi dauka Iñigo Martinezen falta asko nabarituko dela. «Lider bat da. Zelai barruan agindu egiten du, eta hobeak egiten ditu ingurukoak. Yeray [Alvarez] ona da, eta Iñigoren ondoan are eta hobea.[Aymeric] Laporte aipatzen dute ordezko gisa, baina ez dakit Ibaiganek gihar ekonomikorik duen halakoetarako». Bukatzeko, Uriarteren aro hasiera baloratu du. Zuzendaritza berrian konfiantza dauka. «Lehen urtea da, eta barruan zer dagoen ikusteko balio izan die. Konturatu dira kluba kudeatzea ez dela erraza, eta, era berean, autokritika egin dute. Nire ustez, garrantzitsua da egindako akatsak onartzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.