SASKIBALOIA. LUIS SCOLA TAU BASKONIAKO KAPITAINA

«Sentsazioak bi egunean alda daitezke; partidan erabat sartuta baino ez dut egon nahi»

Jon Rejado.
GASTEIZ
2005eko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Denboraldi biribila egiten ari da Luis Scola, eta horren adierazle da bularrean daraman urrezko ikurra, ACB Ligako jokalari onenaren erakusgarri. Kanporaketetan ere maila ikusgarria erakutsi du orain arte, baina hori guztia ahaztu egin nahi du Tauko kapitainak ACBko finalari aurre egiteko. 25urterekin bigarren ACB Liga irabaz dezake, oraingo honetan kapitain gisa, Real Madril menpean hartuz gero.

Denboraldi luze baten ostean, luzeegia agian, finala heldu da behingoz.

Egia da, oso luzea gertatzen ari da denboraldia. Gainera kanporaketen artean denbora gehiegi dago, atseden gehiegi. Liga eta final-laurdenak hasi bitartean, final-laurdenak eta finalerdien artean... Nire ustez dena arinagoa izatea gomendagarria litzateke, partida batetik bestera egun bakarra, azkarrago bukatzeko.

Atseden guzti horrek, ordea, ez du ematen kalte egin dizuenik.

Ez dut uste abantaila denik ere. Eragina izatera hel daiteke horrenbeste atseden izatea. Finala hastean lehen partida galtzen badugu, horren eraginez izan daiteke. Baina ez da bakarrik gure aurka egiten duen zerbait. Real Madrilek ere hori sufri dezake. Agian ez du nabarituko ez batak ezta besteak ere, zeinek daki! Esaten dudan bakarra kanporaketak txarto antolatuta daudela da, eta gehien galtzen duena ikuslea bera dela, txapelketaren haria galtzen baitu.

Calderon errekuperatzeko bada ere onerako gertatu zaizue.

Noski, bere lesioa sendatzeko denbora gehiago izan du. Txapelketa horrela antolatuta dagoenez alde ona bilatu beharko diogu!

Atsedena alde batera utzita, nola zaudete finalari aurre egiteko?

Azken zertzeladak prestatzen ari gara une honetan alor taktikoaren inguruan. Horretaz gain, jokatzea baino ez zaigu gelditzen.

Eta nola dago finala? Real Madrilen aurka jokatutako partida gehienetan galdu duzue.

Kopan hiru puntugatik galdu genuen, azken hirukoa jaurtitzeko aukera izanda, eta epaileen zalantzako erabakiak tartean zirela. Hori ez da emaitza txarregia. ACB Ligan, Vistalegren bertan, nahiko argi irabazi genuen. Gasteizen, ordea, galdu egin genuen, partida gehiena markagailuan aurretik egon arren, joko bolada txarra eta lesionatuak eta guzti. Ez dut uste aurreko emaitzak horren txarrak izan direnik!

Joan zen denboraldiko kanporaketetan baino talde irudi handiagoa duzuela ematen du, jokalari garrantzitsuak falta arren.

Horiek sentsazioak baino ez dira, eta iragan denboraldian egun ematen dugun irudi hori bera eman genuen, Estudiantesen aurka jokatu baino lehen. Galdu genuenean, ordea, hamaika arazo atera ziren. Sentsazioak egun batetik bestera aldatzen dira, emaitzen arabera.

Hori taldea kanpotik ikusita gerta daiteke, baina barruan zein da giroa?

Barruan ikusten dudan bakarra da Real Madrili errespetu handia diogula, eta ez dudala pentsatzen haiek baino hobeak garela. Ez hobeak ezta txarragoak ere. Bi taldeak egoera bertsuan daude.

Final ireki hori baldintzatzeko zeintzuk izan daitezke giltzak?

Futurologian aritzea da hori. Bi taldeen artean, gutxienez, 20 puntu baino gehiago sartzeko moduan dauden hamar jokalari daude, partida une zehatz batean erabakitzeko prest. Bullock, agian, Real Madrilen dagoen jokalari arriskutsuena da, baina beste hamaika daude bere inguruan arriskutsuak direnak. Zeintzuk izango diren giltzak? Auskalo.

Defentsak, behintzat, garrantzi handia izango du, aurreko partidak ikusita.

Argi dago defentsan sendoen dagoen taldeak abantaila izango duela, horretaz gain kontraerasoan ateratzeko aukera izango baitu, giltzetako bat, zalantzarik gabe. Dena den beste asko daude.

Kanporaketan, behintzat, argi gelditu da Real Madril eta Tau une zailetan gora egiteko gai direla.

Finalean elkartuko garen bi taldeak denboraldiko onenak izan gara, eta ez bakarrik finalean sartu garelako, denboraldian zehar erakutsi dugulako baizik. Real Madril eta Tauren artean ACBko sailkapenaren buruan tartekatu gara, eta hori adierazgarria da.

Real Madrilen zerbait azpimarratzekotan, kanpoko lerroa litzateke?

Lehen esan dudan bezala, jokalari ezberdinek erabaki dezakete partida. Bullock arriskutsuena izan daiteke, eta bere eskuetatik eraso guztiak pasatzen dira. Dena den, Bullock geldituta beste baten bat ager daiteke, minutu bakarrean hiru hiruko sartu, eta gal dezakegu.

Zu oso gustura zabiltzala ikusten da kantxan.

Ondo jokatzen ari naiz, bai, baina esan dudan bezala sentsazioak bi egunetan alda daitezke, eta orduan inork ez du gogoratuko kanporaketetan erakutsitako maila. Ez dut pentsatu nahi ondo eta txarto ari naizen jokatzen. Partidan erabat sartuta egon nahi dut, eta finala ondo jokatu. Finala bukatzen denean gustatuko litzaidake galdera hau entzutea berriro lan ona egin dudalako, finala irabazi dudalako, eta atzera begiratzeko tartea dudalako izango baita. Dena den, oraingoz irabaztea baino ez dut buruan.

Hortaz zure etorkizuna eta NBAren inguruko kontu guztiak...

Guztiz ahaztuta. Nire kezka bakarra finala jokatzea da.

Eta irabaztea, espero.

Izugarria litzateke, eta denboraldian zehar egin dugun lan guztia ikusita, guztiz merezitako saria litzateke. Lan bikaina egin dugu, eta ginga jartzea baino ez zaigu falta. Tristea litzateke denboraldia bukatuta titulurik ez lortzea. Denboraldi oso ona litzateke, baina txapelik gabe...

Ematen du denboraldiak tituluen arabera gogoratzen direla.

Horrela da. Historia irabazleek idazten dute, eta denboraldi honetan historia zatitxo bat idatzi behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.