Sestaok ez du huts egin, eta lider sendoa da Euskal Xake Ligan

Lehiaketaren erdia jokatuta, Bizkaiko taldeak 2,5 puntu ateratzen dizkio Grosi sailkapenean

Josu Tornay.
Donostia
2011ko otsailaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gauzak nahiko argi daude Euskal Xake Ligako Ohorezko Mailako bosgarren txanda jokatuta. Sestao-Naturgas eta Gros daude sailkapenaren lehen bi postuetan. Beraz, ez da ezusteko handirik izan, bi taldeok baitira Ligako indartsuenak. Hala ere, bosgarren txandan egon zen ezustekorik. Izan ere, Grosek espero baino emaitza kaskarragoa lortu zuen Easoren aurka. Arrazoia? Alejandro Francokgaldu egin zuela Elvis Hernandezen kontra. Jokalari dominikarrak oso partida serioa egin zuen, eta sare taktiko batean harrapatu zuen Nazioarteko Maisu espainiarra. Bigarren eta hirugarren tauletan, berriz, Iñigo Argandoña eta Patrice Etxegarai Groseko jokalariek irabazi egin zuten. Laugarrengoan, ordea, Patxi Gallegok bakarrik puntu erdia lortu zuen.

Faborito nagusiak, Sestaok, berriz, ez zuen hutsik egin. Berriz ere maila altuko taldea aurkeztu zuen —Stuart Conquest, Gabriel Del Rio, Alfonso Romero eta Mario Gomez—. Del Rio Maisu Handia izan zen irabazi ez zuen bakarra. Argentinarrak berdindu egin zuen Alvaro Perez gasteiztarrarekin. Halere, San Viatorren kontra lortutako puntuazioa (3,5 puntu) behin-behinekoa da, Conquest eta David Astasioren arteko partidan erreklamazio bat jarri zutelako gasteiztarrek. Partidako denbora kontrolarekin arazo bat izan zen, eta Astasioren arabera bera izan zen kaltetua.

Beraz, buruan ez dago ezusterik. Grosek etxeko taldea aurkezten segitzen du, eta horrek bere aukerak mugatzen ditu. Sestaon, aldiz, Gomez da etxeko bakarra, eta galaktikoez osatutako taldearekin ez du aurkaririk. Behealdean, berriz, Barakaldo zuloan dago. Arrasate-Arlutz, berriz, berpiztu egin da Zuri-Baltzari irabazita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.