Esku batekin ere konta ezin daitekeen jokalari kopurua galduta geratu zen Laboral Kutxa Baskonia denboraldia amaitu berritan. Ez edonolako jokalariak, gainera: Ioannis Bourousis, Mike James, Darius Adams, David Bertans, Fabien Caseur... Baita Velimir Perasovic entrenatzailea bera ere. Ordea, berriro ere sasoi distiratsu bat osatzea du helburu Josean Kerejeta buru duen klubak, eta, taldea eraberritzeko prozesuan, beste fitxaketa baten berri eman zuten atzo eguerdian. Hain zuzen ere, Shane Larkin fitxatu du Baskoniak, denboraldi baterako, eta, hala, NBAtik etorritako bigarren jokalaria izango da, Andrea Bargnaniren ondoren. NBAn esperientzia duen beste jokalari bat ere badago taldean: Rodrigue Beaubois. Beraz, apustu sendoa egiten ari da Kerejeta.
Gaztea izanagatik, 23 urte besterik ez baitu, NBAn 202 partida jokatuta iritsiko da Larkin Baskoniara. 1,80 metro da luze, eta joko antolatzaile lanetan aritzen da. Dallas Mavericksekin egin zuen profesional mailako debuta 2013an. Hurrengo sasoian, New York Knicsekin jokatu zuen, eta Brooklyn Netsera igaro zen gero. Bada, zenbaki onak lortu zituen han joan den sasoian. 78 neurketa jokatu, eta 7,3 puntuko batez bestekoa erdietsi zuen. Estatu Batuetan hiru urtez jardun ondoren, erronka berri bati aurre egiteko ilusioz hartuko du Europarako bidea.
Larkin fitxatuta, dagoeneko bost jokalari berri baditu Baskoniak, eta, pausoz pauso, taldea ari da itxura hartzen. Lehendik jarraituko duten jokalarien zerrenda txikia da: Toko Shengelia, Adam Hanga, Jaka Blazic, Ilimane Diop eta Kim Tillie. Larkinenaz gain, beste lau fitxaketa egon dira: Beaubois eta Rafa Luz joko antolatzaileak eta Bargnani eta Johannes Voigtmann barrukoak. Hortaz, hamar jokalari daude dagoeneko taldean, eta Sito Alonso entrenatzaileak denboraldi-aurrean egonkortasun apur batez lan egiteko aukera izango du.
Maila oneko fitxaketak
Larkinek bezala, Voigtmanek 23 urte ditu, eta 2.11 metro da luze. Alemaniako ligan jokatu du azken sasoian, 11,4 puntuko eta 5,5 erreboteko batez bestekoekin, eta bere herrialdeko selekzioarekin aritua da dagoeneko. Barruko beste jokalari berria Bargnani da. Hamar urteko esperientzia du NBAn —2006ko draft-ean lehen postuan aukeratu zuen Torontok—, eta taldeko izarra izateko etorri da. Toronto Raptorsen, New York Knicksen eta Brooklyn Netsen jokatu du, guztira 14,3 puntuko eta 4,6 erreboteko batez bestekoekin. Hegal-pibota da, eta jaurtiketa du armarik onena, baina, ziurrenik, pibot postuan jokatuko du gehien —2,13 metro luze da—. 28 urteko italiarra ere bi urterako fitxatu du Baskoniak.
Rafa Luz joko antolatzailea ere Gasteizen ariko da. Brasildarra da, 24 urtekoa, eta bi denboraldirako fitxatu du. Aurrez Espainiako ligan aritu den arren —Obradoiron, Alicanten eta Unicajan—, azken sasoian bere herrialdeko Flamengon jokatu du. Fitxaturiko bestea Beaubois da; NBAn esperientzia du, 182 partida jokatua baita Dallas Mavericksekin. Frantziako Estrasburgo taldean aritu da azken sasoian; bi urteko kontratua sinatu du, eta 28 urte ditu. Joko antolatzailea den arren, eskolta aritu da gehienbat azken denboraldian. Haren zenbakiak ez dira makalak izan: 16,2 puntu sartu ditu batez beste; hiruko jaurtiketetan %49 asmatu ditu; bikoetan, %57,4, eta jaurtiketa libreetan, %88,7.
Taldea ez dago osatuta oraindik. Inoiz baino jokalari gehiago beharko ditu Alonsok datorren sasoirako, Euroligako formatu berriak partida gehiago eta atseden gutxiago ekarriko baitizkio taldeari. Euroligatik diru gehiago jasotzeak ere talde luzeago bat eratzeko aukera emango du, baita babesle berriak ere. Kerejetak azaldu zuen aurten hamalau bat jokalariz osatutako taldea eduki nahi zuela, gazteak barne, baina baliteke hainbeste ez izatea.
Shane Larkin, NBAko beste apustu bat
Bargnaniren ondoren, Baskoniak Larkin fitxatu du Brooklyn Netsetik, denboraldi baterako. Bi jokalariek ezin hobeto hartu ohi dute elkar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu