Denboraldi hasiera ikusgarria izan du Bilbo Basketek. ACB Ligako azken bi partidak galdu dituen arren, bere saskibaloian konbentzituta ari da taldea, Jaume Ponsarnauren ideietan sinetsiz. Entrenatzaileak bere taldea guztiz konbentzitu du, bere diskurtso patxadatsu eta lasaiarekin, jokalari guztiek ekarpena egin dezaketela sinetsiz. Batez ere, kolektiboan bikain oinarritutako taldea da. Taldeak defentsan funtzionatzen duenean, puntuazioa banatu egiten da, eta jokalari guztiek beren rola ongi dakitelako gertatzen da hori.
PROBA GARRANTZITSUA
Denboraldiko fase erabakigarri batean sartu da orain Bilboko taldea. Bi arrazoirengatik: aurkarien kalitatea eta partiden kopurua. Azaro hasieratik, hamabi partida ditu zain berrogei egunean. Ikusteko dago taldeak nola erantzuten dion erronka horri, baina jada atera daitezke hainbat ondorio. Ligako azken bi partidak galdu ditu; Bartzelonaren eta Teneriferen aurka. Europan, ordea, geldiezin jarraitzen dute bizkaitarrek. Asteazkenean, bere historiako garaipenik zabalena lortu zuen Caledonia Eskoziako taldearen aurka, 48 punturen aldea aterata.
TALDE OREKATUA
Ilusioa piztu duten fitxaketa batzuez gain, euskal taldeak iazko blokearen zati handi bati eutsi dio, zuzendaritzak ezarritako helburuak lortu baitzituen aurreko denboraldian. Adam Smith, Alex Reyes, Xabi Rabaseda, Denzel Anderson, Tomeu Rigo eta Georgios Tsalmpuris jokalariek jarraipena eman diote aurreko urteko lanari. Fitxaketen atalean Melvin Pantzar, Alex Renfroe, Kristian Kullamae, Thijs de Ridder, Sacha Killeya-Jones eta Triggvi Hlinason agertu dira. Azken bi jokalari horiek ari zaizkie ematen bilbotarrei sentipenik eta emaitzarik onenak. Hlinasonek eta Killeya-Jonesek lau jardunaldi besterik ez dute behar izan taldeko erreferente bilakatzeko. Pibot islandiarra erasoko mehatxu nagusietako bat da, batez beste 10,5 puntu lortuta, baita defentsan pisu handiko gizona ere, 7,3 baloi harrapatu baititu batez beste orain arte jokatutako partidetan.
DEFENTSA OINARRI
Bilbao Basket barneko jokoan indartu da gehien, jokalari gazte eta fisikoekin. Horrek hobekuntza nabarmena eman dio taldeari defentsan. Jaume Ponsarnau oso zorrotza izan da bere jokalariekin udan defentsan datuak hobetzeko, hori baita Tarregako (Herrialde Katalanak) entrenatzailearen obsesio nagusietako bat: «Nire lehentasuna beti defentsa da». Ponsarnauren jokalariek defentsa izugarri biziarekin itotzen dituzte aurkariak, eta gehienetan 80 puntu baino gutxiago sartzen dizkiete. Bilbotarren defentsa bikain horri esker, taldea ACBko onenetakoa da defentsa eraginkortasunari dagokionez.
GAUR, ZARAGOZAN
Azken garaipenaren bultzadarekin, gaur (18:00) garaipenaren bila arituko da Bilbo Basket Zaragozaren aurka. Irabazteak asko adieraz dezake; galtzea, berriz, atzerapausoa ematea litzateke.
Sinesteko arrazoiak
Bilbo Basketek bikain hasi du denboraldia, Ligan hiru aldiz galdu arren. Taldeak bere ideietan sinesten du oraindik ere, eta hilabete garrantzitsua du aurrean, benetan nola dagoen egiaztatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu