TENISA. AUSTRALIAKO IREKIA

Sinestezina: Federerrek galdu egin du

Safinek utzi du Australiako Irekiko finaletik at; 27 partida zeramatzan suitzarrak galdu gabe

Agentziak
MELBOURNE
2005eko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Marat Safin errusiarrak egundoko ezustekoa eman zuen atzo Australiako Irekian, Roger Federer suitzarra finaletik kanpo utzita. 5-7, 6-4, 5-7, 7-6 eta 9-7 irabazi zion, lau ordu eta erdiko partida ikusgarrian. Federerrek ahaztuta zuen dagoeneko galtzea zer zen. Tomas Berdych txekiarrak irabazi zion azken aldiz, joan zen abuztuaren 15ean, Atenasko Olinpiar Jokoetako bigarren kanporaketan. Ez zuen galdu ordutik: 27 partida guztira. Hamaika txapel irabazi ditu tartean: AEBetako Irekia eta Mastersa, besteak beste. Zortzi garaipen besterik ez zituen behar Thomas Muster austriarrak orain hamar urte lortutako marka berdintzeko (35 partida irabazi zituen jarraian).

Safinek eten du Federerren bolada ikusgarria. Errusiarrak egun ezin aproposagoa aukeratu zuen balentria egiteko. 25 urte bete zituen, eta opari bikaina egin zion bere buruari, Australiako Irekiko finala jokatuko baitu hirugarrenez. Hori gutxi balitz bezala, iaztik sartua zuen arantza atera zuen. Izan ere, Federerrek ez zion aukerarik eman iazko Australiako Irekiko finalean.Partida ikusgarria izan zen, pasioz eta emozioz betetakoa. Bi tenislariek indar eta joko erakustaldia eman zuten. Biek ala biek izan zuten irabazteko aukera. Suitzarrak partida irabazteko tantoa izan zuen azken setean, baina ez zuen asmatu. Safinek, ordea, baliatu zuen aukera, baina kostata,partida irabazteko zazpi tanto behar izan baitzituen finalerako txartela lortzeko. Errusiarrak etzi jokatuko du finala. Andy Roddick edo Lleyton Hewitt izango du aurkari. Estatubatuarrak eta australiarrak gaur goizean jokatuko dute bigarren finalerdia.

Estatubatuarren arteko finala: Davenport-Williams

Emakumezkoen finala AEBetako tenislarien arteko lehia izango da. Lindsay Davenportek eta Serena Williamsek jokatuko dute, Nathalie Dechy frantziarra eta Maria Sharapova errusiarra kanporatu ondoren. Biek hiru set luze behar izan zituzten finalerako sailkatzeko: Davenportek 2-6, 7-6 eta 6-4 irabazi zion Dechyri, eta, Williamsek 2-6, 7-5 eta 8-6. Biek bi ordu baino gehiago behar izan zuten irabazteko: bi ordu eta 12 minutu Davenportek, bi ordu eta 39 minutu Williamsek. Biek galdu zuten aurreneko seta. Baina zailtasunak zailtasun, biek egin zuten aurrera. Williamsen garaipenak kitarako kutsu garbia izan zuen. Sharapovak eta estatubatuarrak bi final jokatu zituzten iaz (Wimbledon eta Los Angelesko Mastersa) eta bietan errusiarrak altxa zuen garaikurra. Biharko finalerako ez dago faboritorik, biak daude sasoi betean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.