«Sinetsi eta saiatu» egin behar du Athleticek

Mirari bat beharko du talde zuri-gorriak Europa ligako finalerako sailkatzeko, joaneko 0-3koa irauli beharko baitu, etzi, Old Trafforden. Dena den, ezinezkorik ez dagoela gogorarazi du Gorka Iraizozek. «2012an guk ere irabazi genuen han».

Athleticeko jokalariak, Old Trafforden irabazi zutenean sartutako goletako bat ospatzen. PETER POWELL / EFE
Athleticeko jokalaria, Old Trafforden irabazi zutenean sartutako goletako bat ospatzen. PETER POWELL / EFE
jon eskudero
2025eko maiatzaren 6a
05:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Zergatik ez? Horixe da Athleticen ingurukoei buruan behin eta berriz dabilkien galdera. Joan den astean Europa ligako finalerdien joaneko partida 0-3 galdu eta gero, zuri-gorriek mirari bat beharko dute etzi, Old Trafforden, kanporaketa irauli ahal izateko. Kilometro bertikal batean baino malda gogorragoa izango du Ernesto Valverderen taldeak, baina zaplaztekoari beste zaplazteko bat emanda erantzun nahi dio. Lehenago ere galantak ikusia da futbol mundua, eta itxaropen argi txiki bat dagoen bitartean, horixe izango du helduleku Athleticek. Egunak igaro ahala, arintzen joan da jokalarien mina, eta gero eta konbentzituago daude miraria lor dezaketela. Deus galtzekorik ez duela jokatuko du taldeak, eta zera egin beharko du: «sinetsi eta saiatu».

Besteak beste, Old Trafforden irabaztea zer den badaki Gorka Iraizozek (Iruñea, 1981). Athleticen historiaren urrezko lerroetan idatzirik geratu zen 2012ko balentria hura: zuri-gorriek 2-3 menderatu zuten Manchester United, Europa ligako final-zortzirenetako joaneko lehian. Atezain lanetan aritu zen Iraizoz, eta atzo gertatu izan balitz bezala gogoratzen du duela hamahiru urte gertatutakoa. «Ikaragarria izan zen garaipen hura. 8.000 zale joan ziren Bilbotik, eta harmailetan ikusten zen poztasuna begien aurrean daukat. Izarrez beteriko talde bati irabazi genion, eta bizitza osoan barruan eramango dut han bizitakoa». Behin lortu bazuten, berriz ere lor dezaketela iruditzen zaio. «Oso zaila izango da kanporaketari buelta ematea, baina Athleticek saiatu egin behar du irabazten. Amets egitea debalde da, eta horretarako toki egokia da ametsen antzokia».

Hamahiru urtez atzera eginda, Iraizozek esan du euren bizitzako garaipenik handienetako bat lortu zutela Ingalaterran. «Marcelo Bielsak gidatuta, bagenekien ongi jokatzen ari ginela, baina gure uste guztiak gainditu zituen partida hark. Manchester Unitedeko izar gehienen pare sentitu ginen, eta beldurrik gabe eta askatasun osoz jokatu genuen. Kalitate handiko taldea eraiki genuen, eta ezustean harrapatu genituen aurkari asko». Gidari bat zuen talde hark: Bielsa. «Esperientzia bikaina izan zen haren esanetara egotea. Muturreraino zukutu gintuen; une gogorrak pasatu genituen, baina emaitzak ezin hobeak izan ziren. Europa liga hura erarik okerrenean amaitu zen, finala aise galdu genuen-eta Atletico Madrilen aurka. Dena den, Manchesterreko partida hark dezente markatu zuen klubaren historia. Ohorea da hamaikako hartan norberaren izena agertzea».

Hain zuzen, final hura galdu ondoren zera leporatu zien Bielsak jokalariei: titulu bat lortzeko aukera ederra galdu zutela eta Athletici kostako zitzaiola berriz ere Europako final batera sailkatzea. Sasoi honetan finala Bilbon izaki, itxaropena eta ilusioa oso hedaturik zeuden, baina joan den ostegunean San Mamesen gertatutakoa oso gogorra izan zen. «Ez zuen inork espero 0-3 galduko zutenik, baina denok ikusi genuen zer gertatu zen. Erabaki guztiak Athleticen aurka hartu zituen epaileak, eta halakoetan zaila da odola hotz mantentzea. Pentsatzen dut Athleticek 11 jokalarirekin jokatu zuen bitartean gain hartu ziola Manchester Unitedi, eta horrek baikorrago izaten laguntzen dit». Lehen ordu erdian gertatzen denak markatuko du bidea, Iraizozen esanetan: «Gol bat gutxienez egin beharko da tarte horretan, eta ikusi ea aurkariak urduritzen diren. Eraso egitera jokatu beharko du Valverderen taldeak, ez du beste aukerarik. Arriskuak hartzeko eguna izango da».

«Ikaragarria izan zen garaipen hura. 8.000 zale joan ziren Bilbotik, eta harmailetan ikusten zen poztasuna begien aurrean daukat»

GORKA IRAIZOZAthleticeko jokalari ohia

Dena den, eskarmentu handia dauka Ingalaterrako taldeak, eta zaila izango da ezustean harrapatzea. «Casemiro, Bruno Fernandes… Nolako jokalariak dauzkaten! Gainera, denboraldia soilik karta batera jokatu dute, Europa liga irabaztea baita haien salbazio bakarra. Ligan oso gaizki dabiltza, eta Europan dute arreta osoa. Ziur nago ez direla fio Athleticekin, eta horrek gauzak zailduko ditu». Iraizozek espero du zuri-gorrien jokalari garrantzitsuak osatuko direla. «Oihan Sancet eta Nico Williams zelaian ikustea espero dut. Haiek jokatzen ez badute, are zailagoa izango da miraria lortzea».

Etorkizunera begira, baikor

Emaitza edozein dela ere Athleticen denboraldia goi mailakoa izaten ari dela iritzi dio nafarrak. Akaso, sasoi bukaerara erregai gutxirekin iritsi izanak penatzen du. «Nekea sumatzen da, ez baita humanoa futboleko egutegia. Ez da bidezkoa maiatzean hainbeste partida jokatzea hain egun gutxitan, baina talde guztiak antzera dabiltza. Lesioak bata bestearen atzetik etortzen dira, eta talde bakoitzak daukanarekin egin behar dio aurre sasoi bukaerari». Athletici dagokionez, badirudi luze samar egiten ari zaiola denboraldia. «Baliteke hala izatea, baina ez da ahaztu behar Europa ligako finala partida bakarrera dagoela, eta horri balioa eman behar zaio. Ligan Txapeldunen Ligako postuetan amaitzea galanta litzateke. Jokalariak eta klubak elkarrekin hazten jarraituko dutela esan nahiko luke».

Hain zuzen ere, etorkizunera begira baikorra da Iraizoz. «Lezamak beti funtzionatzen du ongi, eta egia da aspaldian kalitate handiko jokalariak ateratzen ari direla. Talde txapelduna eraikitzen ari gara». Hain justu, Athletic txapeldun izan zen iaz Espainiako Kopan. Sevillan bertan bizi zuen finala Iraizozek, ETBrako esatari lanetan aritu baitzen. «Titulu hura denona izan zen. Ez dakit beste inor baden futbol munduan nik adina final galdu dituenik, eta Kopa irabazteak poza eta lasaitasuna eman zizkigun. Nahiz eta gu zelaian ez egon, gure parte ere sentitu genuen titulua, familia bat baikara denok. Ospakizunetan besarkada estuak eman nizkien Oscar de Marcos, Unai Simon eta beste askori».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.