Sito Alonso GBCra bueltatuko da

Urte baterako akordioa baieztatu du Bilbao presidenteak; uztailaren 15 aldean emango dituzte azalpenak

Andoni Urbistondo.
Donosta
2012ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Bukatu dira ziurgabetasuna, informazio falta, eta alde bateko eta besteko mezu ezkutuak ura bere errotara eramaten saiatzeko. Lagun Arok azken denboraldian izandako entrenatzaile bera izango du: Sito Alonso. Espainiarrak klubarekin zeukan hartu-emana hautsi zuen joan den astean, klubak onartezintzat jo baitzuen entrenatzailearen ordezkariek helarazitako diru eskaera. Keinu horrek atzera bueltarik ez zuela zirudien lehen egunetan. Gaiztotu egin zen bi aldeen arteko harremana, konfiantza galdu, eta sare sozialetan ere iskanbila franko sortu zuen batzuen eta besteen jokaeragatik.

Azken astean berri gutxi izan da. Bi aldeek komeni izan zaizkien informazioak filtratu dituzte prentsara, eta bazirudien zaila zela akordioa. Informazio falta, ordea, atzo eguerdian bukatu zen betiko. ETBko Xabier de La Fuente kazetariak bere Twitter kontuan jakinarazi zuen Sito Alonsok Lagun Aron jarraituko zuela. Ehiza zakurrak harrapakina nola, kazetariak berriaren arrastoan jarri zituen esanak, eta klubak dei burrunbari erantzuna eman beste erremediorik ez zuen eduki. Baieztapen ofizialik eman nahi izan gabe, klubeko iturriek bi aldeek «bakea» sinatu zutela baieztatu zioten BERRIAri. Ostera, Alvaro Bilbao presidenteak hartu zuen hitza SER irrati kateko Donostiako mikrofonoetan, eta akordio hori urte baterako izango dela baieztatu.

Adierazgarriak izan ziren presidentearen azalpenak: «Konfiantza berreskuratu dugu. Guk geuk Sito Alonsorekin, eta Sito Alonsok gurekin». Azken hamar egunetan gertatutakoaren inguruan ere hausnarketa interesgarria egin zuen agintariak: «Demagun erauntsi bat gertatu dela edalontzi batean, eta gauza batzuk bere onetik atera direla... Sito Alonso beti izan da gure lehentasuna entrenatzaile kargurako».

Bi aldeen arteko triskantza uste baino apalagoa izan dela uler daiteke adierazpen horiekin, baina iskanbilaren bukaera egun batzuk atzeratuko da oraindik. Sito Alonso saskibaloi campus bat gidatzen ari da Aran ibarrean, Lleidan, eta uztailaren 14an bukatuko da campus hori. Uztailaren 15 aldean eman beharko lukete bi aldeek prentsaurrekoren bat.

Sito Alonsoz gain, Javi Salgado eta David Doblasen etorkizuna ere ahotan izan zuen Alvaro Bilbaok. Salgadok bi urterako kontratua sinatuko duela jakinarazi zuen, eta David Doblasena itxita dagoela ia-ia: «Espainiako selekzioarekin dago, eta bueltatzen denean ixtea espero dugu».

Pilepic, Gescrap Bizkaiara

Gescrap Bizkaiak ere mugimenduak egiten jarraitzen du. Atzo Fran Pilepic eskolta kroaziarra fitxatu duela jakinarazi zuen. Pilepic 23 urteko eskolta da. 1,93 metro da luzean, eta orain arte Adriatikoko Ligan jokatu du, Bosniako Siroki taldean. Pilepicek 14,8 puntu saskiratu ditu partidako denboraldi honetan, eta hirukoetan %42 asmatu du. Kontratua hiru urterako da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.