Atletico Madril 4-0 Reala

Sorlothek ez du errukirik izan zauritutako Realarentzat

30 minutuan lau gol egin ditu Realean bi denboraldi egin zituen aurrelari norvegiarrak. Realak ia ezinezkoa du Europara seigarrenez sailkatzea.

ESPAÑA FÚTBOL LALIGA EA SPORTS
Alexander Sorloth laugarren gola ospatzen, atzean Realeko jokalariak dituela. JUANJO MARTIN / EFE
inaut matauko rada
2025eko maiatzaren 10a
22:55
Entzun 00:00:0000:00:00

Alexander Sorlothi guztiz ahaztu zaizkio Realean eman zituen urteak; itxura hori eman du behintzat gaur, 30 minutuan lau gol egin baitizkio egun batean berea izan zen taldeari. Denboraldi kaskarra izaten ari da txuri-urdinentzat, eta gaur defentsan izan dituen hutsune handiak ederki aprobetxatu ditu Atletico Madrilek. Sorlothen gol gehienak oso antzekoak izan dira: defentsan Realak utzi dituen zuloengatik. Lo harrapatu dituzte zuri-gorriek Realeko jokalariak. Ligako historiako hat-trick azkarrena egin du Sorlothek.

Azkar hasi da gol festa. Zazpigarren minutuan, eskuin hegaletik hutsunea ikusi dute Atletico Madrileko jokalariek, eta hutsera erdiratuta Sorlothek aurretik jarri du bere taldea. Handik gutxira, hamargarren minutuan, Jon Aramburuk leku arriskutsu batean galdu du baloia, eta gainontzeko defentsak ezustean harrapatu ditu. Hurrengoa txuri-urdinek baloia atera eta gutxira iritsi da: eskuin hegaletik erdiratu egin diote baloia Sorlothi, eta Realeko defentsek jaso badute ere, Jon Martinek kanpora bidalitako baloiak Aritz Elustondoren gorputzean jo du, eta errebotea opari gisa jaso du Sorlothek, hirugarrena eginez.

Partida bideratuta, bazirudien Atletico Madrilek lasaiago hartuko zituela hurrengo minutuak, baina berriro ezker hegalean hutsunea topatu dute, eta Sorlothek bikain errematatu du erdiraketa kontrol on baten ostean. Gol guztiak ospatu ditu norvegiarrak, Realean inoiz jokatu izan ez balu bezala. Tarteka bada ere, Realak aukerak izan ditu, baina ez arrisku handikoak.

Garrantzirik gabeko minutuak

Lau gol sartuta, itxuraz, Atletico Madril lasaiago irten da berdegunera atsedenaldiaren ostean, eta Realak aukera bat izan du 48. minutuan, baina erdiraketa luze joan da, eta ez da Realeko aurrelari bat ere iritsi baloia errematatzera. Segituan, baina, Sorlothek bosgarren gola egiteko aukera izan du, baina langan jota ez du gola egiterik lortu. Nabarmentzeko gertakaririk gabe pasa da denbora bigarren zatian. Baloia ez da geldirik egon, alde batetik bestera mugitu dute, baina zehaztasunik eta arriskurik gabe.

Azpimarratzeko gauza bakanetakoa Sorloth aldatu dutenean izan da: Atletico Madrilek txalo eta oihu artean agurtu dute aurrelaria, egindako lau golak eta emandako gaua eskertzeko. Partida amaitzear zela, 90. minutuan, Angel Correak jokaldi bikaina egin du Realaren arean, eta bosgarren gola egitear egon da, baina Alex Remirok geratzea lortu du.

Liga amaitzeko desiratzen

Denboraldi zaila izaten ari da Realarentzat; batez ere, azkenengoak nolakoak izan diren ikusita. Azken bost denboraldietan jarraian Europan jokatu du Realak, Espainiako Kopa bat irabazi du, eta finalerdietan ere izan dira behin baino gehiagotan. Europako txapelketetan kosta egin zaio taldekako faseetatik harago, kanporaketa zuzenetan aurrera egitea, baina oso partida onak jokatu ditu Europako talde onenen kontra. Esaterako, Txapeldunen Ligako finalean elkar ikusiko duten PSGren eta Milango Interren kontra oso partida onak jokatu ditu, baita Manchester Uniteden aurka ere.

Realzalea, baina, definizioz, sufritzailea da, eta ohituagoa dago emaitza txarrak ikustera loriara baino. Horrek ez du esan nahi garaipena gustuko ez duenik, eta azken urteetan ohitu egin da joko ona ikustera eta garaipena ohikoa izatera. Aurten, baina, ligan nahiko makal aritu da talde donostiarra. Europan bertsio pixka bat hobea erakutsi du, eta aurpegi onena, dudarik gabe, Espainiako Kopan izan du: finalerdira iritsi zen, eta Real Madril kanpoan uztear egon zen; ozta-ozta ez zen iritsi Sevillan jokatu berri den eta Bartzelonak irabazi duen finalera.

Berdegunetik kanpo, denboraldia ere zaila izaten ari da. Zelai erdia talentuz husten ari zaio; pasa den udan Mikel Arteta donostiarraren Arsenalek Mikel Merino kendu zion talde txuri-urdinari, eta dirudienez, Martin Zubimendi ere lapurtuko dio aurten, hainbat kazetari adituk aurreratu dutenaren arabera. Lapurreta gozoa izango da, baina, Realarentzat, 60 milioi euro utziko baititu kontuetan. Jokalarietatik kanpo, Roberto Olabe kirol zuzendariak duela hilabeteak aurreratu zuen taldea utziko zuela denboraldiaren amaieran.

Baina galera traumatikoena, ziurrenik, entrenatzailearena da: Imanol Alguacilek, Alavesen kontrako porrot gogor baten ostean, denboraldi amaieran taldea utziko zuela iragarri zuen. Realaren historian partida gehien zuzendu dituzten entrenatzaileen zerrendan hirugarrena da oriotarra, eta titulurik irabazi gabe hamarkadak eman ostean, Espainiako Kopa irabazi zuen berriro Realak bera lemazain zela.

Realzaleak, jokalariak eta klubeko pertsonak denboraldia amaitzeko irrikan daude, baina uda zaila dator aurretik: jende garrantzitsu asko ari da, motibo ezberdinengatik, taldetik joaten, eta hutsune handi horiek betetzeko lan handia egin beharko dute bulegoetan; eta noski, zorte ona ere beharko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.