Nahigabe ere ezin dira serio egon. Neska kontuak, mozkor batekin ohean topo egin zutenekoa, lore festa... Afari legea egin berritan, erreleboka hasi, eta oharkabean iritsi dira helmugara Jorge Azanza (Altsasu, Nafarroa, 1982) eta Gorka Izagirre (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1987).
GORKA IZAGIRRE. Zer esan duzu, gauza guztietan irabazten didazula, bizikletan izan ezik?
JORGE AZANZA. Bai, bai. Pilotan, igeriketan... Baina gure lanbidean bera da nagusi... oraingoz!
BERRIA. Gazte-gaztea da hau oraindik...
J. A. Bai, baina...
G. I. Azkar doaz urteak, ez pentsa!
J. A. 24 urte dauzka, baina 30-40 dauzkala ematen du!
G. I. Hori esaten didate, bai... Beterano itxura omen daukat.
J. A. Hazita dabil, gainera! Egia esan, kalitate handia behar da hau egiten ari den guztia egiteko. Ona ez, oso ona dator... Laster emango digu beste pozen bat. Ziur. Taldeko nire umetxoa da Gorka. Elkarrekin ez gara gehiegi lehiatu aurten, baina oso ondo pasatzen dugu elkarren ondoan.
BERRIA. Erdi nafartuta dago, gainera, Gorka. Oker ez banago, neska-laguna du zure herrikoa, ezta Jorge?
G. I. Hala da, bai.
J. A. Lagundu egin behar izan nion. Galduta zebilela ikusi nuen, eta herrira ekarri nuen. Bizitza pixka bat gehiago bideratu duela ematen du, eta oso pozik dago.
B. Hala gertatu al zen, Gorka?
G. I. Bai... Euskaltelen sartu nintzenean ezagutu nuen Jorge. Aurretik ez geneukan traturik, baina hasieratik sortu zen oso harreman polita bion artean.
J. A. Nire etxera etortzen hasi zen tarteka; herriko neska bat gustatu zitzaion, eta akabo! Lasterketetan bezala gertatu zitzaion. Buruan zerbait sartzen zaionean oso burugogorra da, eta neska-lagunarekin gauza berbera gertatu zitzaion.
B. Zure familiakoa ez zen izango neska hori, ezta?
J. A. Ez, ez. Laguna dut; eta nire koinataren lagun-mina.
[Aldamenetik barrez lehertzen ari da Gorka, taldekideari keinuka].
J. A. Une oro brometan aritzen gara elkarrekin, eta oso momentu onak pasatzen ditugu elkarren ondoan. Hori nabaritu egiten da gero lasterketan. Taldetik kanpo ere harremana daukagu, eta polita da hori. Laguntasun horretaz harro nago.
G. I. Jorge oso xelebrea da batzuetan. Iaz, adibidez, Suitzako Tourreko etapa batean, izugarrizko eraso pila izan zen tropel buruan; 60 kilometro, 70, 80... Egurrean gindoazen denok. Bat-batean Jorgeri begiratu nion, barrez lehertzen hasi ginen biok, eta ezin gelditu!
J. A. Oso ondo ezagutzen nau, eta askotan nahikoa izaten da elkarri begiratzea, barrez lehertzen hasteko. Oso momentu bereziak bizi izan ditugu lasterketetan, askok bizi izan ez dituztenak, agian. Konplizitate handia daukagu.
G. I. Erabat jota gindoazen biok etapa horretan, baina lehertu beharrean hasi ginen barrez; tropela aurrera zihoan, gu atzera, aldapatxoa parean... Aurrera joateko agindu zioten, gainera, Jorgeri, eta niri garrasika ez zen ba hasi!
J. A. Konplizitate hori sortzen da batzuetan lagunen artean, eta eskertzekoa da. Baina, ez pentsa, serio jarri behar denean ere badakigu serio jartzen. Gazteagoa izan arren, asko ikasi dut berekin, eta saiatzen naiz nik dakizkidan gauzak erakusten.
B. Nabari da harreman zoragarria daukazuela bion artean, eta egongo da konta daitekeen beste bitxikeriaren bat tartean, ezta?
J. A. Hoteleko gela hartan gertatu zitzaiguna kontatu beharko duzu...
G. I. Lo seko geunden biok, eta goizeko laurak aldera ate hotsa entzun zen.
J. A. Bat-batean zerbait erori zen ohe gainera. Gorka izango zela pentsatu nuen nik, eta ni izango nintzela pentsatu zuen berak...
G. I. «Gorka! Zer zabiltza?», esan zidan berak.
J. A. Beste soinu bat entzun zen jarraian, eta berehala pentsatu nuen gela hartan bi ez, hiru geundela. Argia piztu, eta orduan ulertu genuen dena! Mozkor bat zegoen gure bi oheen erdi-erdian. Hasieran erdi serio jarri ginen, baina garrasika hasi ginen berehala. Inoiz ez zait ahaztuko Gorkak zeukan lo aurpegia! Han hasi ginen biok barrez! Uste dut ezin izan genuela biok lo gehiago egin.
G. I. Komunera zihoalakoan, gure gelan sartu zen, eta... Susto ederra eman zigun mozkorrak! Inoiz ez zitzaidan halakorik gertatu. Geletako txartelak atean jarrita edukitzen ditugu, goizetan zuzendariak-edo etorri behar badu, erraz sartzeko. Baina zuzendaria ez, mozkorra sartu zen gure gelan! Guk bidali egin genuela, baina beste gelaren batean sartu izan balitz, baten bat astinduren bat emateko gai izango zela eta ez zela, barrez hasi ginen, eta akabo!
J. A. Lasterketetan asko sufritzen dugu, eta oso komenigarria izaten da hortik kanpo giro ona sortzea. Baina lasterketetan, serio jarri behar izaten dugunean, mirestekoa da berak daukan klasea eta burugogortasuna.
B. Handiren bat egin dezakeela, alegia...
J. A. Bai, bai. Lehen aldiz ikusi nuenean, harrituta utzi ninduen. Oso langilea da, eta zerbait pentsatzen duenean, ez du hutsik egiten. Profesionaletako lehen urtean bi proba irabazi zituen; iaz Tourrean izugarrizko maila eman zuen... Uste dut aurten ikusiko dugula Gorka Izagirrerik onena, badakidalako ez duela huts egingo.
B. Familiatik datorkio txirrindularitzarekiko zaletasun hori, ezta?
J. A. Bai, baina orain botilak banatzen ibiltzen da aita!
G. I. [barrez] Gustatzen zaio lasterketetara joan, eta botilak banatzen ibiltzea, bai.
J. A. Leku estrategikoetan jartzen da, eta...
G. I. Aurtengoa Jorgeren urtea izatea espero dut nik. Badakit urte zailak pasatu dituela, eta...
J. A. Egia esan, gustura nago orain taldean. Badakit Gorkak benetan sentitzen duela esaten duena. Badaki nahi duenerako hor egongo naizela, eta nik ere badakit edozer gauza behar dudanean bera ondoan egongo dela.
B. Matrimonio bat ematen duzue...
J. A. Orain bi urtetik gara lagun handiak, eta laster nire ingurura etorriko denez... Ea lehenbailehen bihurtzen den nire entrenamenduetako kide.
B. Goierritarrak oso goierritarrak izaten dira, eta nahiko lan...
G. I. Joaten banaiz ere, goierritar izaten jarraituko dut nik!
Euskal Herriko Itzulia. A zer parea...
Sufrimenduari ere barre egiten diote
Konexio berezia nabari da Jorge Azanza eta Gorka Izagirreren artean. Bikote kontuetan sarritan gertatzen den moduan, lehen begiradak elkartu zituen biak. Keinuka ere ulertzen dute elkar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu