Arrauna. San Miguel ligako taldeak: Portugalete

Sufritu bai, baina goian

Portugaletek bigarren denboraldia beteko du San Miguel ligan, eta iaz baino lasaiago ibili nahi du, sailkapenean dezente goragoBizkaikoa talde beteranoa da, oro har, eta justu antzean dabil arraunlari propioekin

Portugaleteko arraunlariak, iaz, Pasai Donibaneko estropadan, ziaboga ematen. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2013ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Kirola lehiaketan txertatzen denean, beti egoten da sufrimendua. Sailkapenaren behealdean ibiliz gero, nabarmena da hala dela, eta goialdean jardunean dabiltzanek ere sufritu egiten dute; beste era bateko tentsioa izaten da, baina egon badago. Portugaletek bigarren denboraldia beteko du San Miguel ligan. Iaz izan zuen aurreneko esperientzia, eta garratza atera zitzaion erabat.

Ustez askoz gorago ibiltzeko taldea eduki arren, komeriak izan zituen jaitsierako kanporaketari ihes egiteko. Apal ibili zen. Gaizki ekin zion ligari, eta zama astun hori gainetik kendu ezinda aritu behar izan zuen gero. Aurten ez du halako sufrimendurik igaro nahi. Goiko sufrimendua ezagutu nahi du. Atzeko zulotik ihes egin, eta gorago ibiltzeko asmotan da Joxean Olaskoaga Aizperro entrenatzailearen eta arraunlariaren taldea.

Horretarako, hasteko, iazko hutsak konpondu beharko ditu: ezin du gaizki hasi liga. Ondo dakite hori, eta horretan saiatuko dira lehen estropadatik bertatik, Bartzelonan bihar zortzi izango den horretatik. Ustez, zuzendu dituzte iazko hutsak, eta konfian- tzaz daude ondo hasteko. Gero, jakina, arraunlariak dira arraunean egin behar dutenak, eta helburuak gauzatu ahal izateko egokienak direnak bildu behar dira taldean. Alde horretatik, arazo handirik ez dauka, Javi Gonzalez presidentearen egitasmoa diruaren baitan oinarrituta baitago neurri handi batean. Aurten ere bildu du arraunlari esperien- tziadun parea: Juan Zunzunegi galiziar zaildua eta Pedro Laza espainiarra, Castro Urdialeskoa.

Baina dena ezin izan leuna, eta laztasunak ere aurkitu du lekua Bizkaiko klubean: arraunlari propioen kopurua urri samarra du gauza onerako. Estropada bakoitzean, ontzi bakoitzeko kopuru jakin batek joan behar du, eta Portugaletek eduki, baditu. Baina gerta dakioke taldearen maila jaistea edo nekea pilatzea. Gainontzean, talde beteranoa da. Urte askoan arraunean dabiltzan arraunlari ugari ditu tostetan Jarrillera traineruak. Esperientzia, behintzat, ez zaie faltako. Hori aldeko. Gauzak okertzen ez bazaizkio taldeari, eta neguan eta udaberrian ikusi dena ikusita, iazko arazoetatik urrun behar luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.