Gola: 1-0: Xabi Alonsok (19. min.); 2-0: Xabi Alonsok penaltiz (91. min.) Epailea: Nicola Rizzoli (Italia). Txartel horiak: Espainiako Sergio Ramosi; eta Frantziako Cabayeri. Bestelakoak: 50.000 ikusle inguru Donetskeko Donbass Arena estadioan (Ukraina).
Espainiak irabazi ditu jokatu diren azken bi txapelketak: 2008an, Eurokopa, eta 2010ean, Munduko Kopa. Ez da harritzekoa, beraz, selekzio askok hura hartu izana eredutzat. Frantzia izan da horietako bat. Laurent Blancek Espainiako selekzioa izan du ispilu orain bi urte, Hegoafrikako Munduko Kopako hondamenaren bueltan Frantzia zuzentzeko ardura hartu zuenetik. Haren aginduetara, Frantziak Espainia bezala izan nahi izan du, hark bezala aurrean presioa egin aurkariari, hark bezala eduki baloia, hark bezala mugitu, batetik bestera, zentzuz, eta aukera izanez gero, azkar jo erasora.
Atzo izan zuen Blancek aukera lehen aldiz ispiluan begiratzeko, eta antzekotasunak adina gabezia ikusi zituen. Haren zoritxarrerako, gabeziek erabaki zuen partida. Alferrik izan zen zenbait unetan Eurokopa iritsi aurretik eta lehen bi partidetan ikusi zen talde batu eta oldarkor hura berriz azaltzea. Berriz maleta egin eta etxera itzuli behar. Azken bi txapelketetan baino beranduago, bai, hobeto jokatuta, ere bai, baina nahi baino lehenago, eta berriz ere burumakur, harengandik espero zen maila eman ezinik.
Talde batek eman dio errematea Frantziari, selekzioa baino gehiago, taldea baita Espainia. Vicente del Bosque hautatzaileak jokalari multzo ezin batuagoa du esku artean. Jokalari horiek urteak daramatzate elkarrekin jokatzen, eta hori abantaila handia da, ia buruz jokatzen baitute. Datu bat: atzo jokatu zuten hamalau jokalarietatik hamabi aritu ziren Espainiak jokatu eta irabazitako azken bi finaletakoren batean. Arbeloa eta Jordi Alba defentsako bi hegalekoak dira salbuespenak. Arbeloa, halere, aulkian egon zen bi final horietan. Ez da arrotza jokalari multzo horretan. Antzik ez Frantziarekin alderatuta: atzo jokatu zuten hamalau jokalarietatik zortzi ari ziren lehen aldiz txapelketa bat jokatzen: Rami, Koscielny, Clichy, Debuchy, Cabaye, M'Vila, Menez eta Giroud. Beraz, talde erdia baino gehiago zen eskarmenturik gabekoa. Alde handia da. Horrek ere izango zuen ondoriorik atzo.
Elkarrekin jokatzeak lagundu egiten du, noski. Baina horrekin ez dago dena eginda. Ondo jokatu behar da, txakalaldiak saihestu, eta eraginkorra izan. Eta Espainia hiruak egin ditu oraingoz Eurokopa honetan: ondo jokatu du, ez du txakalaldi nabarmenik izan, eta eraginkorra izan da ate aurrean. Azken bi txapelketekin alderatuz, bere jokoak behera egin du, baina ez nahikoa inork hura gainditzeko adina. Estu hartzeko bai, baina hortik Espainiari irabaztea puska bat dago.
Frantziaren gogoa
Frantziak ere estu hartu zuen atzo Espainia. Blancek taktika aldatu zuen, eta atzealdea zaintzera mugatu zen partida hasieran. Alferrik. 20. minuturako 1-0 zen aurretik Espainia. Iniestak Jordi Albari pase bikaina eman zion, hark erdiratu egin zuen, eta Xabi Alonsok gola sartu.
Espainia saiatu zen bigarren gola sartu eta neurketa erabakita uzten. Frantzia izan zen, ordea, arrisku gehien sortu zuena. Saririk gabeko arriskua hori bai. Hori gutxi balitz bezala, partida amaitzear zela epaileak penaltia adierazi zuen Espainiaren alde. Xabi Alonsok hartu zuen baloia, eta berak jaurti zuen penaltia. Ez zuen huts egin. Bigarren gola Real Madrileko erdilari tolosarrarentzat. Espainiarekin 100. partida jokatu zuen atzo Xabi Alonsok, eta ezin hobeto ospatu zuen, bi gol sartuta. Hamabost gol sartu ditu dagoeneko. Neurketa amaieran poza jokalari espainiarren artean. Garaipenak finalerdietarako txartela eman die. Datorren asteazkenean jokatuko dute finalerdia, berriro Donetsken (Ukraina), Portugalen aurka.
Futbola. Polonia eta Ukrainako Eurokopa: Final-laurdenak. ESPAINIA 2. FRANTZIA 0
Sufrituta, baina aurrera
Espainiak izerdia bota behar izan du Frantziari irabazteko, baina lortu du, eta Portugalen aurka ariko da finalerdietanXabi Alonsok sartu ditu partidako bi golak, bat, hasi eta berehala, eta bestea, amaieran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu