Aspeko pilotaria

Peio Etxeberria: «Sumatu egin da aurretik final bat jokatu nuela; arrastoa utzi dit»

Bigarren ahaleginean jokatuko du binakakoaren finala. Bigarren finala du jarraian, lau eta erdikoarena jokatu eta lau hilabete eta erdi eskasera. Hain zuzen ere, oso argi du horrek zerikusia izan duela. Oso gustura ari da Zabaletarekin.

Peio Etxeberria. IÑIGO URIZ / FOKU
Peio Etxeberria. IÑIGO URIZ / FOKU
Julen Etxeberria.
2024ko martxoaren 26a
05:00
Entzun

Binakakoa aurkeztear dira Bizkaia frontoian; Peio Etxeberria (Zenotz, Nafarroa, 1998) apur bat burumakur dago pareko tabernan; egun bat besterik ez da pasatu Jokin Altunaren aurkako lau eta erdikoaren finala galdu duenetik; ezinean aritu da. Lau hilabete eta erdi geroago, beste final bat jokatuko du, binakakoarena, Jose Javier Zabaletarekin. Oso bestelako aldartea du orain.

Binakakoaren aurkezpenean apur bat burumakur zinen, bi egun lehenago aurrenekoz Lehen Mailako final bat jokatu eta ezinean aritu zinelako. Lau hilabete eta erdiren ostean, berriz ariko zara final batean. Pozik?

Oso. Azken egunak oso politak izan dira. Niri zerbaitek ilusioa pizten badit, familiari horrelako poz handi bat emateak pizten dit; badakit haiek izugarri gozatzen dutela halakoekin. Ederra da hau guztia elkarrekin bizitzea.

Ez zara goitik jaitsi. Azken bi txapelketetako finalak jokatuko dituzu. 

Bai, eta oso zoriontsu naiz hori lortuta. Duela sei hilabete esan bazenit bi final jokatuko nituela, ez nuen sinetsiko.

Banakako txapelketetan norberak bakarrik bizitzen du dena. Binakakoan, ordea, bikotekidearekin. Bereziagoa da?

Bai. Oso polita da hau guztia beste lagun batekin bizitzea. Gainera, Jose eta biok oso ondo moldatu gara. Ikaragarria da bion familiak hau bizitzen aritzea.

Finalean egonda, pentsatzekoa da pozik zaudetela egindako lanarekin.

Finala jokatu aurretik, balorazioa ona da. Partida zail eta garrantzitsu asko irabazi ditugu. Neurketa on gehiago jokatu ditugu txarrak baino.

Atzera egin. Zer pentsatu zenuen Zabaletarekin jokatuko zenuela esan zizutenean?

Poztu egin nintzen, hura nagusi delako azken urteetan binakakoan. Hain nagusi da, ustea dago zaila dela harekin aritzea. Baina oso ondo konpondu gara lehen egunetik. Oso argi hitz genion elkarri: gauza onak eta txarrak esango genizkion elkarri. Hori izan da gakoa.

Nola da Zabaletarekin jokatzea?

Niretzat, plazera izan da. Partidetan, ordea, jakin behar da nola jokatu. Ni, adibidez, asko sartzen naiz jokoan, eta horri neurria hartzen saiatu behar izan dut. Hala ere, uste baino errazago aritu naiz harekin.

«Hain nagusi da [Zabaleta], ustea dago zaila dela harekin aritzea. Baina uste baino errazago aritu naiz»

Hura ikusgarri aritu da berriro.

Hala da. Partida oso-oso onak jokatu ditu, eta erabakigarria izan da neurketen bigarren zatietan. 

Zu bigarrenez ari zara binakako nagusian. Iaz, Beñat Rezustarekin jokatu zenuen, eta kanporaketan amaitu zenituzten lanak. Hobeto ikusi duzu zeure burua bigarren aldi honetan?

Bai. Sumatu egin da final bat jokatu nuela aurretik; arrastoa utzi dit, eta lasaiago aritu naiz, pazientzia handiagoarekin. Horri esker, lehen aldian baino gehiago gozatu dut. Eta emaitza agerikoa da. Beti diot gauza bera: Irujo, Aimar [Olaizola] eta Jokin [Altuna] bakarrak direla, eta besteok gure bidea egin behar dugula. Nik oraindik 25 urte besterik ez dut; oso gaztea naiz. Bigarren finala jokatuko dut. Ea gehiago joka ditzakedan.

Lasaiago aritu zarela diozu, baina berezkoa duzun oldarkortasunari eutsita?

Nire jokoaren funtsa da hori. Beti jokatu izan dut horrela. Baina patxada handiagoz ari naiz.

Aita izan berritan jokatu dituzu bi finalak. Zerikusia du, ala kasualitatea da?

Niri oso ongi egin dit aita izateak. Niretzat, oso garrantzitsua da egunerokoan zoriontsua izatea, hori kantxan islatzen delako gero. Niri horixe gertatzen ari zait: oso zoriontsua naiz egunerokoan, eta hori kantxan islatzen ari da.

Altuna III.aren eta Martijaren aurka jokatuko duzue finala. Zer itxura hartzen diozu norgehiagokari?

Partida gogorrak jokatu ditugu elkarren aurka, eta oraindik gogorrena falta da. Guk gurea egiten saiatu behar dugu. Badakigu hala egiten badugu irabaz diezaiekegula.

Bitan egin duzue txapelketan. Finalek ez dute beste partiden antzik, baina badakizue nola irabazi haiei.

Jokalekua oso ezberdina da: final bat da. Baina argi dugu ondo aritzen bagara irabaz diezaiekegula.

Zein iritzi duzu Altuna III.ak eta Martijak egindako txapelketaz?

Oso ongi aritu dira. Julenek behetik gora egin ohi du, eta oraingoan ere halaxe egin du. Eta zer esango dut Jokini buruz... Mina izan du eskuan, eta beste edonori kalte egingo lioke. Jokini ez, ordea. Txinpartarekin eta oso fresko dabil.

Zein izango da gakoa?

Gurea ematea. Ez dago besterik. Ematen badugu, 22ra irits gaitezke.

Bilbon jokatu zenuen lau eta erdiko finala. Binakakoa, berriz, Iruñean jokatuko duzue, Nafarroa Arenan; hau da, etxean. Ilusioa pizten dizu horrek?

Ikaragarria. Gainera, hiru nafar ariko gara finalean. Gertuko jende asko joango da frontoira. Ederra izango da.

Aspalditik ez dabil horrenbeste jende frontoietan. Pilotariok sumatu duzue hori?

Bai, baina ez dakit arrazoia. Baina pilotariok sentitu dugu berpiztu egin dela pilota ikusteko gogoa. Oso albiste ona da pilotariontzat eta enpresentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.