Ez dira atleta azkarrenak, ez eta indartsuenak ere; ez dituzte jauzi luzeenak edo garaienak egiten. Ez dira onenak ezertan, baina atleta osoenak dira: superatletak. Munduko markak ontzen dituzten espezialisten distira falta zaie dekatletei, eta horrek kentzen die, ziurrenik, merezi duten protagonismoa. Kirol egitarauko hamar probazeharo ezberdinetan neurtzen dituzte indarrak eta trebezia: 100 metrokoa, luzera jauzia, pisu jaurtiketa, gorako jauzia, 400 metrokoa, 110 metroko hesiduna, disko jaurtiketa, pertika jauzia, xabalina jaurtiketa eta 1.500 metrokoa. Abiadura, erresistentzia eta indarraz gain, oso teknika ezberdinak menperatu behar dira dekatleta izateko.
Erregulartasuna da giltza dekatloian nabarmentzeko. Alferrik da proba jakin batean onena izatea; espezialistek ez dute lekurik. Roman Sebrle txekiarra da adibiderik egokiena. 9.000 puntuko muga gainditu duen atleta bakarra da, baina ez du marka onena modalitate bakar batean ere. Dekatletak elkarrekin lehiatzen diren arren, norbere buruaren kontrako bokorra da oinarria, azken sailkapena markek emandako puntuetan oinarritzen baita, ez proba bakoitzean lortutako postuan marka bakoitzari puntu kopuru jakin bat dagokio, Nazioarteko Atletismo Federazioak ezarritako taula batzuen arabera.
Sebrle da faboritoa
Parisen, azken sei urteotako dekatleta handienak izango dira. 1996ko Olinpiar Jokoen ostean aro berri bat hasi zen dekatloian. Dan O'Brien estatubatuarraren azken garaipen handia izan zen. Orduz geroztik jokatutako hiru Mundu Txapelketak Thomas Dvorak txekiarrak irabazi ditu. Sydneyko Olinpiar Jokoetan ezin izan zuen parte hartu, eta Erki Nool estoniarrak eraman zuen urrea. Bada, ordea, kontutan hartu beharreko beste atleta bat: Roman Sebrle txekiarra. Iaz Europako Txapelketa irabazi zuen Munichen, eta munduko marka berea du 2001etik: 9.026 puntu. Hirukoteari Tom Pappas estatubatuarra gehitu behar zaio podiumerako faboritoen taldetxoa osatzeko.
Laukotetik, Roman Sebrle nabarmentzen da. Oraindik ez du txapelketa handirik irabazi, baina bere kirol ibilbideko unerik gozoenean iritsiko da Parisera. Orain bi urte egin zuen munduko marka, 26 urte zituela, eta iritsi zaio tituluak lortzeko unea. Dvorak herrikideak 31 urte ditu jada, eta Erki Nool estoniarrak (irabazlea Sydneyn) 33. Sebrlek berak Pappas du aurkari nagusitzat. Estatubatuarrak 26 urte baino ez ditu, baina jadanik erakutsi du Dan O'Brien handiaren urratsei jarraitzeko prest dagoela. Parisko erronka goizegi iritsi zaio, agian.
MUNDUKO IX. ATLETISMO TXAPELKETA
Superatleten ordua
100 metrokoa, luzera jauzia, pisu jaurtiketa, gorako jauzia eta 400 metrokoa jokatuko dira gaur, dekatloiaren lehen jardunaldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu