SURFA

Surflari onenak Mundakan izango dira igandean, Munduko Zirkuituko 9. proban

Erredakzioa
DONOSTIA
2003ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Munduko surflari onenak ariko dira nor baino nor gehiago Mundakan (Bizkaia), igandetik hilaren 24a bitartean, Billabong Pro Munduko Zirkuituko bederatzigarren proban. Surf txapelketa garrantzitsuena da Billabong Proa. Hamabi proba jokatzen dira denboraldian, Europan bi, horietako bat Mundakakoa.

48 surflari izango dira Mundakako txapelketan: munduko 44 onenak eta Surflari Profesionalen Elkarteak gonbidatzen dituen lau surflari. Lehen fasean hamasei multzo egingo dira, hiru surflari bakoitzean. Kanporaketa bakoitzeko irabazleak bakarrik egiten du aurrera. Bigarren fasetik finalera, aldiz, buruz burukoak jokatuko dira, eta irabazleak lortuko du sailkapena. Buruz buruko horietan lehia ikusgarria eta ezustekoak egotea espero dute antolatzaileek. Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, 32 ordu inguruko iraupena izango du txapelketak, hamabi egunetan banatuta.

Irons, Slater eta Burrow dira faboritoak

Parte-hartze ikusgarria izango da Mundakan. Hiru surflari azpimarra daitezke guztien gainetik: Andy Irons hawaiiarra, Kelly Slater estatubatuarra eta Taj Burrow australiarra. Munduko Zirkuituko liderra da Irons. 25 urteko surflariak lau proba irabazi ditu jadanik aurtengo denboraldian. Slater, aldiz, bigarrena da sailkapenean, garaipen batekin (Teahuppo, Haiti). Burrowek, aldiz, lan oso txukuna eskaini du azken hilabeteotan jokatu diren probetan.

Bi euskal surflari ariko dira lehian Mundakako olatuetan: Iker Fuentes getxotarra eta Hodei Collazo donostiarra. Fuentesek 25 urte ditu eta bigarren aldiz ariko da Mundakako txapelketan. Iaz, ezustekoa eman zuen eta Luke Egan surflari bikaina kanporatu zuen lehen ligaxkan. Collazo, aldiz, etorkizuneko surflaria da. 18 urte ditu, eta orain hiru urte bigarren sailkatu zen Australian jokatu zen gazte mailako Munduko Txapelketan. Iaz, bederatzigarren izan zen Europako Zirkuituan, eta aurten, finalista izan da Europako Zirkuituko hiru probetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.