Arrauna

Sustraiak tinko dituzte

Zarauzko Bandera jokatuko da gaur, eta etxeko trainerua 12:00etan arituko da, KAE 1 mailako taldeekin batera. Aitor Elizondo eta Ioritz Zubillaga arraunlariek esan dute «lan polita» egitea izango dutela helburu.

Zarauzko arraunlariak, denboraldi hasieran, entrenamendua hasi baino lehen. ARITZ MUTIOZABAL.
pettan uralde
2023ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Ondo gogoratzen dituzte oraindik zarauztarrek 2006, 2007 eta 2008 urteetan Enbata-k lortu zituen emaitzak. Esaterako, 2006ko Kontxako Banderan, euskal trainerurik onena izan zen. Baina Zarauzko Arraun Elkartearen garairik onenak urrun daude. Taldea piztu egin zen 2020an, eta, Eusko Label ligan bi urtez aritu bazen ere, azken bi urteak KAE 1 ligan egin ditu, eta ez du igoerako postuengatik borrokatzea lortu.

Gaur, Zarauzko Bandera preziatua jokatuko da, eta ikusle arruntek arreta Eusko Label eta Euskotren ligetan jarriko duten arren, zarauztarrek etxeko ontziari erreparatuko diote. Eguerdiko hamabietan emango zaio hasiera KAE 1 ligari, eta bigarren txandan ariko da Enbata, ezustea eman eta zaleei emaitza polit bat eskaini nahian. Ontzi barrutik bizitzeko aukera izango dute Aitor Elizondo (Zarautz, Gipuzkoa, 1996) eta Ioritz Zubillaga (Zarautz, 1999) Zarauzko Arraun Elkarteko arraunlariek.

Bukatzear dago KAE 1 liga, eta zazpigarren postuan dago Zarautz. Bi estropada falta diren honetan, bi aukera dauzka: postu horri eutsi, edo Camargo gainditu eta seigarren amaitu. Ez dirudi oso asmo handiko xedea denik, baina taldeak aurten zer-nolako arazoak izan dituen ikusita, emaitza ona litzateke denboraldia bi modu horietako edozeinetan amaitzea. Elizondok dio «gustura» daudela egin duten lanarekin, eta denboraldia «ongi» amaitzea espero duela. «Jende dezente joan da taldetik, eta beldur ginen denboraldi hasieran. Uste baino gehiago egin dugu, eta disfrutatzen ari gara. Bi estropada falta diren honetan, ondo legoke Camargo harrapatzea; bi puntura dugu. Agian, gauden lekuan bukatuko dugu, edo postu bat gorago, baina ez da alde handia izango». Zubillaga ere pozik dago egindakoarekin. «Pentsatzen genuen ligan irauteko borrokan izango ginela. Ikusita zer egoeratan ginen, denboraldi oso ona egin dugu, eta bigarren txandan finkatzea oso emaitza ona da».

Aukera ederra izango dute Camargo gainditu eta denboraldia are hobeto bukatzeko. Etxean ariko dira gaur, eta Zubillaga ziur dago «giro ederra» izango dutela. «Herri guztia zu animatzen ikustea izugarria da: lagunak, familia... Oso berezia da. Gauzak ondo egiten baditugu, uste dut lortuko dugula haiek gainditzea. Itsasoan faktore asko hartu behar dira kontuan, eta asmatzen badugu, estropada ona izan daiteke guretzat. Etxean aritzeak motibatu egiten gaitu; indarra emango digu». Elizondo ere baikorra da, eta argi dauka zein den Enbataren egitekoa. «Etxean gustura geratzeko moduko estropada egitea da helburua. Ekainean, estropada polita egin genuen Gipuzkoako Txapelketan, Zarautzen: Zumaiaren aurka borrokan ibili ginen. Horrelako zerbait egiteko gai bagara, eta gure txandan muturra erakusten badugu, uste dut ezin dugula gehiago eskatu».

Tentagarria da atzera begiratzea eta duela urte batzuk Zarautzek zer lortu zuen gogoratzea. Arraunlari guztien ametsa da goi mailan aritzea, baina Zarautzeko arraunlariak zentzudun dira, eta haien egoera bestelakoa dela ulertzen dute. Elizondok ulertzen du ezin dela alderatu duela hiru urte zegoen taldearekin. «Eusko Label ligan izan zireneko arraunlari bakarra geratzen da oraingo taldean; beraz, aldaketa handia da. Epe motzean, helburua ez da igoera lortzea. Gauden guztiak geratuz gero, agian, lor genezake igoera hemendik bizpahiru urtera, baina oso zaila da. Gazte mailan jende gutxi dugu, eta gehiago beharko genuke. Duela pare bat urte bigarren trainerua zena da orain lehenengoa, eta, aurrerapauso handia eman badugu ere, denbora behar dugu».

Zubillagak ere bat egin du ikuspegi horrekin, baina ez du anbizioa baztertu. «Hurrengo urtean oinarri berari eusten badiogu, uste dut aukerak izan ditzakegula borroka horretan egoteko. Agian ez gara iritsiko, baina aukera ikusten dut goiko taldeen artean aritzeko».

Talde bat baino gehiago

Bi arraunlariak gazteetatik aritu dira etxeko traineruan, eta badakite zer den horrelako talde baten partaide izatea. Zubillagak, adibidez, lantzen dituzten dinamiken garrantzia aipatu du. «Talde bat baino gehiago, lagun talde bat gara kirola egiten. Horrek asko laguntzen du kirolera lotzeko; gauzak gaizki edo ondo joan, badakizu ondoan dauzkazunak laguntzeko prest daudela beti».

Horrenbeste urtez etxeko ontzian egon ostean, Elizondok oso barneratua dauka zer esanahi duen herriko taldean aritzeak. «Arrauna gustatzen zaigu, noski, baina hemen txikitatik gaudenak bestelako lotura bat daukagu taldearekin. Hainbat lanetan aritutakoak gara klub barruan, eta oso barrutik bizi dugu. Ez naiz inoiz beste traineruetan ibili, baina kanpotik datozenak beti esaten dute talde honetako giroa apartekoa dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.