Caja Laboral Baskonia. Heurtel (11), Causeur (4), Nocioni (11), M. Bjeliça (2), Lampe (15) —hasierako bostekoa— Cook, Jelinek, San Emeterio (5), N. Bjeliça (10) eta Pleiss (11).
Regal Bartzelona. Sada (4), Navarro (20), Mickeal (5), Lorbek (12), Tomic (9) —hasierako bostekoa— Huertas (4), Jasikevicius, Oleson (9), Wallace (3), Jawai (7) eta Rabaseda (7).
Markagailua. 19-18, 39-35; 57-55 eta 69-80.
Epaileak. Arteaga, Perez Pizarro eta Jimenez.Ez zuten inor kanporatu faltengatik
Bestelakoak. 15.085 ikusle bildu ziren Gasteizko Buesa Arenan.
Finaletan, finalerdietan, lehiaketa laburretan ezin da akatsik egin eta egiten badira, ahalik eta txikienak izan behar dira. Baskoniak ez du Gasteizko Kopako finala jokatuko, eta bi lagunen akats larriengatik: Zan Tabak eta Omar Cook. Entrenatzaileak bere eskemak, joko moldea eta erabakiak aldatzeko borondate falta handia erakutsi zuen Cook joko antolatzailea aulkira bidaltzeko, finala ihes egiten ari zela jabetuta ere. Jokalariak -6ko balorazioa pilatu zuen hirugarren laurdeneko azken minututik azken laurdeneko laugarren minutura doan tartean. Bost minutu horietako partziala, erabakigarria: 0-14ko partziala Bartzelonaren alde.
Zenbakietan esanda, 57-55 Baskonia aurretik, eta bost minutu geroago, 57-69 eta akabo finala. Jakina, egoera horren inguruan galdetu zioten Tabaki prentsaurrekoan, eta Cook kantxan mantendu izanagatik ez dela damutzen adierazi zuen, beste jokalari batzuekin ere ez duela aldaketarik egiten, akatsak egiten dituztenean, konfiantza gal dezaketelako erabaki horiekin. Kopako finalerdi batean zentzurik ez duen erabakia da. Hartzekotan, erabakigarria ez den partida batean har dezakezu erabaki hori, baina finalerdi batean ez. Finalerdi batean jokalari bat gaizki ari bada, aulkira eraman behar duzu, eta ordezko bat bilatu, ordezko horrek neurria emango duen ziurra ez bada ere.
Tabakek ezetz. Akats handia. Bere gidaritzak lehen finala izan zitekeena lapurtu diolako. Cook aldatuta ere Bartzelona nagusituko zen agian, baina aldatu zuenerako egoerak ez zeukan erremediorik, eta hori kritikatu egin behar da. 12.000 lagun dituzulako bultzaka, arazoaren diagnosi zehatza egin zuten 12.000 lagun, eta 400 kazetari. Tabakek ere ikusiko zuen, noski, ze panorama zeukan aurretik. Cabezas kantxara zezakeen, edo Heurtel, hartu beharreko atseden minutuak hartu ez bazituen ere. Baina ez, bere filosofiari eutsi zion, eta gaur ez da euskal ordezkaririk egongo finalean. Gogorra da hau esatea, baina Tabakek hasiberriek egiten duten gidaritza akatsa egin zuen atzo.
Arazo handia dauka gidaritzan Baskoniak, eta Omar Cooken etorreraren txinparta desagertu da. Hilabete on bat egin zuen, baina ondorengoa oso kaskarra izaten ari da. Ez dago dirurik, ez dago aukera onik merkatuan, baina Baskoniak zulo handia dauka playmaker postuan, eta arazo hori ez da magia eginez desagertuko. Jai dago ligan, jai Euroligan Heurtel-Cook bikotea, eta Cabezas dekorazio osagaiarekin. Egoera argia da, eta ikusi nahi duenak ikusiko du, edo ez. Baina adimenean hankamotz dago Baskonia.
Hiru laurden on, eta bost minutu txar. 35 minutuko finalerdia, eta finalik ez. Cooken minutu kaskar horiek Baskonia hondoratu eta Bartzelona hauspotu zutelako. Batez ere Marcelinho Huertas, Cooken parekoa. Aginte makila bereganatu zuen brasildarrak, korrika egiten hasi, Navarro eta Rabaseda kideei asistentzia bikainak eman, eta finalerako bidea leundu. Laburpen errazegia, agian, baina batzuetan, bost minututan gertatzen denak partida oso batek baino garrantzia gehiago izaten du.
Lastima izan zen porrota, Baskoniak finala jokatzeko merezimenduak egin zituelako. Batzuetan bihotzarekin, besteetan buruarekin, Bartzelonaren aurretik egon zen minutu askotan. Hala izan ez zenean ere, bizpahiru puntura mantendu zen asko jota. 12-7 aurreratu zen bosgarren minutuan Nocionik hirukoa sartuta. Defentsan bikain ari zen Baskonia, Mickeal lehortzen, eta bederatzi puntura ere igo zen errenta: 16-7.
Bartzelona, noski, gora etorri zen, eta Olesonen bigarren hirukoak 19-18koa jarri zuen markagailuan lehen laurdena bukatuta. Bigarrena Tibor Pleissena izan zen. Pibot alemaniarrak laurden onena jokatu zuen Baskonian dagoenetik, eta bederatzi puntu lortu, bost errebote hartu eta bi txapel on jarri, azkena Navarrori, laurdena bukatzear zela: 39-35 etxekoen alde, eta bigarren zatiari baikor begiratzeko modua.
Okerrera, hasi eta berehala
Aldageletako buelta erabakigarria izaten da normalean, eta finalerdia ere bai. Egurrean hasi zen Bartzelona, eta 39-42 aurreratu. Errebotean nagusitzen hasi zen Xavi Pascualen taldea, eta Baskoniak hiru minutu luze pasa zituen esnatzeko. Ez zion kataluniarrei arrastoa galdu, eta berriro aurrea hartu zuen Lamperen eskutik: 47-44. Bost minutuko borroka latza, orduan. Batek jo, besteak erantzun, eta orduan, 29. minutu madarikatua iritsi zen.
Bost minutu horietan gertatu zena azalduta dago. Izango dira Baskoniaren porrota bost minutu horien arabera neurtzea gehiegizkoa dela pentsatuko dutenak, eta ez zaie arrazoirik falta. Bartzelonak ere merezimendu franko egin zuelako irabazteko. Zer? Hirukoetan portzentaje ikusgarria lortu. Olesonek hiru jaurti zituen eta hirurak sartu, Buesa Arenako zaleak ernegatzeraino. Navarrok ere lau sartu zituen, zazpi ahalegin eginda, baina hori normalagoa da. %61 asmatu zuen denera, portzentaje ikusgarria, eta erabakigarria aurkariak beste arlo askotan sekulako zenbakiak lortu ezean. Hiruko horietako batzuk azken bost minutuetan etorri ziren, Baskonia, presaka, partidan sartzen saiatu zenean: Lorbekek sartu zuen bat, eta noski, Navarrok bestea.
Errebotearen borroka ere garrantzitsua izan zen. Baskoniak irabazi zuen lehen zatian, alderatze bakarragatik, baina bigarrenean jipoitu egin zuen Bartzelonak: 12 Baskoniak, 24 Bartzelonak. Tabaken taldeak bi errebote bakarrik hartu zituen erasoan bigarren zati osoan, lehen 20 minutuetan sei hartu zituenean. Ostera, prentsaurrekoan, Xavi Pascualek datu horren garrantzia nabarmendu zuen, Baskoniari saskiratzeko bigarren aukera galarazi ziotelako. Balorazioak ez du gezurrik esaten. Bartzelonak 101 puntu batu zituen (41 atsedenaldian), eta Baskoniak 72 (47 lan erditan). Bigarren zatian Bartzelona zirimola geldiezina izan zela erakusten duten datuak, Baskonia finalik gabe utzi zuten zenbaki mingarriak.
Valentzia ere finalera
Bigarren finalerdian ez zen kolorerik egon. Valentziak eroso menderatu zuen Estudiantes herenegungo final-laurdenean, eta Kanaria Handia ere bai finalerdian. Velimir Perasovicen taldeak defentsa bikaina egin zion Xavi Rey pibotari, eta haren puntuak faltan bota zituen Kanrietako taldeak. Valentziak, aldiz, errazago bilatu zuen saskirako bidea. Justin Doellmannekin lehen hamar minutuetan (17-10 Valentziaren alde), eta Victor Faveranirekin bigarren laurdenean (39-22 Valentzia aurretik).
Norgehiagoka galdua zeukan Kanaria Handiak, baina ez zuen berehalakoan etsi. Adore handiko taldea da. Brad Newleyk bi hiruko sartu zituen, eta Ryan Toolsonek beste pare bat. 11 puntura ere hurbildu zen Pedro Martinezen taldea, baina Valentziak dinamita asko dauka kanpoko lerroan, eta beti bilatu zuen Kanaria Handia zigortzeko bideren bat: Pau Ribas eta Rafa Martinezen hirukoak, Doellmannen saskipeko jokoa, edota Listxuken intimidazioa. Partidako azken emaitzak ez du zalantzarako tarte handirik uzten: 83-72.
Saskibaloia. Espainiako Kopa Gasteizen. Caja Laboral Baskonia 69. Bartzelona 80
Tabakek galdu du finala
Akats handia egin du azken laurdenean Cook mantenduta, eta Bartzelonak ihes egin du; hiru laurden on ez dira nahiko izanBartzelonak hiruko lerrotik hautsi du dema, %61 asmatuz: Navarrok 20 puntu sartu ditu

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu