Partidaren aurreko egunak borroka taktiko bat bihurtu dute bi entrenatzaileek. Luis Aragones espainiarrak hasieratik Raul eta Cesc zelairatuko dituela iragarri du entrenamenduetan, baina Raymond Domenech Frantziako hautatzaileak ez dio sinesgarritasunik eman aukera horri. Berak ateak itxita egin ditu azken lan saioak, eta adierazi du aurkariaren taldearen arabera esango diela bere jokalariei nola jokatu. Garbi dagoena da Zinedine Zidane hasierako hamaikakora itzuliko dela, partida bateko zigorra bete ostean.
Ziurrenik, gainera, bi aurrelarirekin jokatuko du Frantziak, txapelketako lehen bi partidetan gola sartzeko izan zuen ezintasuna konpondu asmoz. Togoren aurka bi gol sartu zituen Henry eta Trezeguet elkarrekin zelairatuz. Espainiak, berriz, Cesc, Raul, Alonso eta Xavirekin zelai erdian egingo du indarra, hor oinarrituz pase sakonak egin asmoz.
Bat bestearen kontra
Txapeldunen Ligako finalean elkarren aurka jokatu ondoren, gaur berriro izango dira aurrez aurre Carles Puyol eta Thierry Henry.Jon ordoñez
Hilabete eta erdi besterik ez da pasatu. Maiatzaren 17an Parisen Bartzelonak eta Arsenalek Txapeldunen Ligako finala jokatu zuten. Aurrez aurre, beste batzuen artean, Carles Puyol eta Thierry Henry izan ziren. Lehenengoa, Bartzelonako atzelari; bigarrena, Arsenaleko aurrelaria. Kataluniarrentzat izan zen Europako txapeldunaren titulua, hein handi batean Puyolek Henry zaindu zuen moduan zaindu zuelako. «Azkarra da, eta oso indartsua. Zaintzeko aurrean izan dudan aurrelari zailena izan da», esan du Puyolek ondoren. Henryk ez zuen partida horretan golik sartzea lortu. 0-1 hasi zen Arsenal irabazten, Campbellek sartutako golari esker. Henryk erabakigarria izan zitekeen 0-2koa sartzeko aukera izan zuen, baina gehiegi gurutzatu zuen baloia eta azkenean Bartzelonak buelta eman zion markagailuari. Gaur partida horren ordaina emateko aukera izango du. Datorren denboraldia taldekide izatekotan egon dira, Bartzelonak Henry fitxatu nahi zuelako, baina Txapeldunen Ligako finalaren ostean, kontratua berritu zuen Arsenalekin, eta hurrengo batean ere, gaurko partidan bezala, elkarren kontra jokatu beharko dute.
Bat bestearen alboan
Real Madril hirugarren urtez titulurik gabe geratu ostean, Raulentzat eta Zidanerentzat urtea zuzentzeko azken aukera da Munduko Kopa.J. O.
Ez dute une gozoa bizi Raulek eta Zinedine Zidanek. Denboraldi txarra izan da hau bientzat. Hirugarren urtez jarraian Real Madrilek ez du titulurik irabazi, eta Espainiako eta Frantziako bi ikurrak ospakizunik gabe geratu dira. Raul lesio bat sendatu ondoren iritsi zen Munduko Kopara, baina ligaxkako partidetan ez da hasieratik aritu. Gainera, Luis Aragones hautatzailearekin liskarren bat edo beste izan du. Tunisiaren aurka sartu zuen golak arnas apur bat eman dio, baina inoiz baino kritika gehiago ari da jasotzen. Taldea zuzentzeko bere gaitasuna kolokan dago, eta behin baino gehiagotan aipatu da agian Real Madril utziko duela (hauteskundeek erabakiko dute bere etorkizuna).
Real Madrilen gertatutakoak bete-betean eragin dio Zidani, eta, aitortu zuenez, hori izan da futbola uzteko arrazoietako bat. Iaz selekzioa utzi zuen, baina Frantzia pattal ari zela ikusi ostean jantzi zuen elastiko urdina berriro. Berarentzat ere Munduko Kopa da denboraldia zuzentzeko aukera bakarra, baina, gainera, kirol ibilbide aparteko bati modu itxurosoan agur esateko aukera ere bada. Bi lagun, emaitza on baten beharrean gaur.
Bat
bestearenostean
Behin baino gehiagotan goraipatu du Vieirak Cescen jokoa; frantziarrak Arsenal utzi zuenean, kataluniarrak hartu zuen bere lekukoa.J. O.
Cesc eta Vieira taldekideak ziren lehen Arsenalen. Bat ikaslea zen, eta bestea, maisua. Vieirak beti aitortu du Cescen jokoaren jarraitzaile sutsua dela. «Ni baino hobea izango zara», esaten zion orduan. Adibide bat jartzen zuen, gainera: 18 urterekin berak Cannesen jokatzen zuen, eta Frantziako Lehen Mailan debuta egiteko zuen. Cesc 18 urterekin Ingalaterrako Ligako talde handi batean titularra zen, eta hori harrigarria iruditzen zitzaion Vieirari, txalotzeko modukoa.
2004-2005 denboraldiaren amaieran Vieirak Arsenal utzi zuenean, Arsene Wenger entrenatzailea ez zen asko kezkatu. Cescen unea hori zela bazekien. Hasiera batean, Vieiraren 4 zenbakia ematea ere aztertu zuten klubeko arduradunek, baina Wengerrek ezetz esan zuen. Zenbaki hori futbol zelaian irabazi behar zuela, jokatuz. 15 zenbakia eman zioten Kataluniako jokalariari, eta horrekin txunditu egin ditu Europa osoko futbolzaleak. Orain, urtebete geroago, Wengerrek saritu egingo du, eta iaz ukatu zion 4 zenbakia emango dio, beti ere taldez aldatzen ez badu. Cescen etorkizuna oparoa izango dela esan dio maisuak ikasleari.