«Talde bat eratu nahi dut»

Diego Martinezek ilusioz hartu du Osasunako entrenatzaile kargua. Onenen artean egoteko gakoa umiltasuna izango dela nabarmendu du

Diego Martinez Osasunaren elastikoarekin, atzoko aurkezpenean. IÑIGO URIZ / ARP.
ainara arratibel gascon
2017ko ekainaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Sevilla talde garrantzitsua da. Baina Osasuna entrenatzea aurrerapauso bat da nire kirol ibilbidean, erronka bat. Egun inportantea da niretzat. Oso motibatuta nago». Gogoz heldu dio Diego Martinezek Osasunako entrenatzaile karguari (Vigo, Galizia, 1980). Bi sasoirako sinatu du, eta atzo aurkeztu zuten. Sevilla B zuzendu du azken denboraldietan. Aurkezpenean, nahi duen taldearen inguruko lehen zertzeladak eman zituen: «Transmititzen duen talde bat nahi dut, nortasun propioa eta ezaguna duena. Jokalari bakoitzak bere onena eman behar du, betiere taldearen mesedetan».

Osasunaren eskaintza jaso zuenean, ez zuen zalantza handirik izan: «Ni hemen egoteko interes handia zutela ikusi nuen. Gainera, Osasunaren balioak asko gustatzen zaizkit. Nire lan egiteko moduarekin bat datoz. Hemengo egunerokoa eta klubaren nondik norako guztiak ezagutzeko irrikaz nago». Sadarreko aulkian esertzea berezia izango da harentzat: «Hemen egon naizen aldietan inbidia sentitu izan dut, zaleak animatzen ikustean».

Argi du erronka ez dela erraza. Izan ere, zale askok Lehen Mailara igotzea exijituko diote. «Talde bat eratu nahi dut. Onenekin lehiatuko dena, baina umiltasunez. Izan ere, Bigarren Mailak eskatzen duena umiltasuna da». Horretarako, aurreko sasoiko joera iraultzea izango da Martinezen lehen egitekoa: «Aurreko denboraldia oso gogorra izan zen, eta denen artean buelta eman behar diogu. Taldearen inguruan joera positibo bat sortu behar dugu».

Halaber, luzera begirako talde bat, proiektu bat, eratu nahi du. «Hala eskatu didate presidenteak eta Braulio [Vazquez] kirol zuzendariak. Pazientziaz egin behar dugu, eta oinarri sendoak jarriz». Fitxaketen eta salmenten inguruan ez zuen ezer esan nahi izan: «Nire erabakien gainetik klubaren estrategia dago, eta horrek baldintzatuko du dena». Hauteskundeek zeresana izan dezakete horretan. Baina Martinez ez dago horrekin kezkatuta: «Hona etortzea erabaki nuenean, banekien hauteskundeak zeudela. Uste osoa dut klub honetan».

Luis Sabalza presidentea pozik zegoen Martinez fitxatu dutelako: «Brauliok lan bikaina egin du. Bigarren Maila ondo ezagutzen duen entrenatzaile bat nahi genuen, eta harrobiaren alde egiten duena. Diegok baldintza horiek guztiak betetzen ditu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.