Denboraldiko une erabakigarrienari ekin diote ACBko onenek, txapelari begira. Ia bi aste partida ofizialik jokatu gabe egon ondoren, saskibaloi taldeek txapelketarekin egiten dute topo. Tau Baskoniak, ordea, taldearen laurdena aldatu ondoren ia denboraldi-aurreko partida baten moduan hartzen du final-laurdenetako kanporaketa, noren eta Joventuten kontra.
Badalonako taldearen kontrako kanporaketa zaila aurreikusten bazen, kanporaketak hasi aurreko bi asteetan gertatutakoek are gehiago zaildu dute. Kornel David, Betts eta Macijauskasen lesioak kolpe latza izan dira Ivanovicen zein Tauren asmoentzat. Epe laburrera Macijauskasek eta Bettsek jokatzeko modua izan dezaketeen arren, Gasteizko klubak taldea berrindartu du,bi fitxaketa eginda: Kurtz eta Gabini (Tomaszeken kontratua eten dute, jada). Dena den, Liga bukaeran zeuden jokalariek hartu beharko dute taldea aurrera eramateko ardura.Lan horretarako zazpi jokalariko multzoa izango du Ivanovicek: bi joko-banatzaileak, Vidal, Carraretto, Nocioni, Splitter eta Scola. Jokalari guztiek euren onena eman beharko duten arren, aipatutako jokalarietatik hiruk berebiziko garrantzia izango dute: Calderonek, Nocionik eta Splitterrek. Joko-banatzaileak taldearen gidaritzaz arduratzeaz gain, Carles Marco gelditzeko lan gogorra du aurretik. Joventuteko jokoaren ardatzaren oinarri sendoena da joko- banatzaile kataluniarra, eta bere lana oztopatuz gero, ezeroso jokatzen du Badalonako taldeak. Defentsa lan horretan Prigionik laguntza emango dion arren, lesionatu zenetik lehen partida izango du argentinarrak, eta erritmo falta nabari dezake.
Saskipea, denen ardura
Andres Nocionik, Tau Baskoniako jokalaria denetik hamaika aldiz egin duen bezala, jokoaren alor zabala hartu beharko du bere gain. Hegaleko lanak betetzeaz gain, saskipean bere indarra inposatu beharko du, Splitterri eta Scolari atsedena emateko. Denboraldian zehar une zehatzetan egin du lan hori, eta bere indarrari esker ondo baino hobeto moldatu da, baina Liga bukaeran sasoi betean ez zegoela nabarmendu du. Dena den, ACBko jokalari onenaren saria soinean eramateak bultzada eman diezaioke.
Gaurkoan erabakigarria gerta daitekeen hirugarren jokalaria Tiago Splitter da. Pibot brasildarra gero eta minutu gehiago ari da jokatzen, baina zalantzan da pilatutako eskarmentua aurretik dituen patida garrantzitsuei aurre egiteko nahikoa izango ote zaion. Tauren etorkizunean toki aparta izan dezake jokalari gazteak, eta hori gaurtik bertatik erakutsi beharko du. Gaztetasunakbehartzen dituen hutsak murriztu beharko ditu, aurrean ACBko pibot indartsuenetako bat izango baitu: Zan Tabak.Aipatu hiru jokalariek garrantzi handia izan arren, gainontzekoek ahal duten moduan laguntza emateko ardura izango dute ere, errebotean eta buruz-buruko defentsan batez ere.
Partida: ACBko final-laurdeneko kanporaketako lehen partida.
Tau Baskonia: Pablo Prigioni, Jose Manuel Calderon, Sergi Vidal, Marco Carraretto, Roberto Gabini, Arvydas Macijauskas, Andres Nocioni, Luis Scola, Tiago Splitter, Brandon Kurtz, Andrew Betts.
DKV Joventut: Carles Marco, Souley Drame, Stephane Dumas, Rudy Fernandez, Josep Maria Guzman, Nikola Radulovic, Paco Vazquez, Alain Digbeu, Alfons Alzamora, Zan Tabak, Kaniel Dickens.
Lekua eta ordua: Fernando Buesa Arena (Gasteiz), 20:30etan (ETB 1).
SASKIBALOIA. ACB LIGAKO TITULURAKO KANPORAKETA
Talde berriaren itxuraren zain
Joventutek neurtuko du Baskoniaren egoera, Daviden, Bettsen eta Macijauskasen lesioen ostean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu