Javier Irureta. Athletic eta Realeko entrenatzaile ohia

«Talde handiek begiz joak dituzte Athletic eta Reala; hori ez da ona»

Zelaietako aulkitik ez baizik etxetik ikusten du futbola egun Iruretak. Tarteka haren falta sumatzen duela dio, baina ez dela itzuliko. Ez zuen uste Athletic eta Reala hain ondo ibiliko zirenik.

jon eskudero
2014ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Futbol munduan ez da edonor Javier Irureta (Irun, Gipuzkoa, 1948). Espainiako Lehen Mailan partida gehien zuzendu duten entrenatzaileen artean bigarrena da: 614. Luis Aragones bakarrik du aurretik (757). Guztira bederatzi taldetan aritu da, tartean Reala eta Athletic. «Ez neukan datu horren berri. Eguna poztu didazu!». Gaur egun, ordea, futbolaren gurpiletik aldenduta bizi da, orain hiru urtetik erretiroa hartuta. «Halere, beti daukat zereginen bat. Esaterako, datorren astean Madrilen omenaldi txiki bat jasoko dut». Merezi gabeko omenaldirik ez dago harentzat.

Zer moduz bizi zara?

Ongi esan beharko. Sasoia joaten hasi zaigu, baina, tira, ezin kexatu. Lasai ederrean bizi naiz Getxon (Bizkaia).

Ez al duzu sumatzen futbolaren falta?

Askotan bai, baina bizitzan garrantzitsua da garai bakoitzean norberaren tokia non dagoen jakitea. Tentazioa behin baino gehiagotan izan dut berdeguneetara itzultzeko, baina ez. Dagoeneko pasatu zait garaia.

Tentazioa, zer dela eta? Eskaintzarik izan duzu, ala?

Egia esango dizut. Gaur [atzo] bertan deitu didate talde batetik entrenatzaile izateko, baina ezetz erantzun diet. Gainerakoan, hiru urteotan, ez dut eskaintza askorik jaso.

Zein taldek deitu dizu?

Ezin dut esan. Nigatik balitz, bai, baina talde horri gutxieneko errespetua zor diot.

Azkenekoz Athleticeko harrobiarekin aritu zinen lanean, eta ez zenuen ondo bukatu. Minduta al zaude?

Ez, ez. Hauteskundeak izan ziren, eta, Josu Urrutiak irabazi zuenez, ni kalera joan nintzen. Beste hautagaitzarekin bat eginda nengoela leporatu zidaten, baina ez zen hala. Niri Urrutiak ez zidan deitu ere egin, eta Fernando Garcia Makuak bai. Baina ni ez nintzen inoren alde jarri. Horixe izan zen kontua. Halere, gustura geratu nintzen harrobiarekin eginiko lanarekin.

Ondorioz, euskal selekzioko hautatzaile izateari utzi egin zenion.

Eta pena handiz. Baina ez zuen zentzurik kargu horretan jarraitzeak, Athleticetik urrunduta nengoelako. Euskal selekzioak lotura handia du Athletic eta Realarekin, eta nire erabakia izan zen uztea. Hori zen egokiena.

Noizbait lortuko al du ofizialtasuna euskal selekzioak?

Ez dakit. Gai korapilatsua da, politika ere tartean dagoelako. Baina nik baietz sinistu nahi dut. Denbora gutxiz izan arren, barrutik bizi izan dut euskal selekzioaren egoera, eta badakit jokalariek ilusio handiz hartuko luketela ofizialtasuna.

Euskal selekzioak ba al du mailarik mundu mailan lehiatzeko?

Bai, noski. Herrialde askok eta askok baino talde hobea du. Brasilgo Munduko Kopa laster hasiko da, eta euskal selekzioak han aritzeko maila izango lukeela pentsatzen dut. Jokalari apartak ditugu.

Euskal futbola, beraz, osasuntsu dago.

Bai. Aspaldiko urteetako osasun onena gaur egun dauka. Osasuna hor nonbait, baina Athletic eta Reala bikain ari da. Ez nuen uste hain denboraldi ona egingo zutenik ez Realak ez Athleticek. Horrek alde txar bat dauka: talde handiek begiz joak dituztela hainbat jokalari: Griezmann, Vela, Pardo, Laporte, Muniain... Horiek alde eginez gero, zaila izango lukete hain ondo jokatzen jarraitzea.

Jokalariak bakarrik ez, euskal entrenatzaileak ere hainbat daude Lehen Mailan. Ongi ari al dira?

Historia guztian ongi moldatu izan gara euskal herritarrok entrenatzaile lanetan. Ernesto Valverde erdi etxekoa dugu, eta haren lana nabarmenduko nuke. Pertsona bizkorra da, eta beltzetik zurira igaro du Athletic. Hori lortzea oso zaila da. Jagoba Arrasate ere ezin alde batera utzi: meritu handiko sasoia osatzen ari da. Lasaitasuna erakutsi du, eta taldearen izpiritua bizirik mantendu du. Merezita luzatu diote kontratua. Javi Gracia Osasunakoa eta Unai Emery Sevillakoa ere lan ona egiten ari dira.

Hitz batean, nola definituko zenuke Athleticen denboraldia orain arte?

Erregularra. Oso seguru ari da, eta, irakurri ahal izan dudanez, itzuli oso bat egin du laugarren postuan. Horrek esan nahi du talderik onena dela, hiru handien atzetik. Joko bizia, ikusgarria eta eraginkorra egiten du; gola ere ez zaio falta, eta lehen ez zeukan oreka topatu du. San Mamesen magia ere aipatzeko modukoa da. Hala ere, guztiaren gainetik, izen bat esango nuke: Valverde. Normaltasuna ekarri du Lezamara.

Sasoiko partida garrantzitsuena izango dute zuri-gorriek igandean Sevillaren aurka. Final bat al da?

Dudarik gabe. Sevilla garai onean dago; edonori irabazteko gai da, eta Athleticek erne jokatu beharko du. Zaleen laguntza ezinbestekoa izango du, eta, irabaziz gero, ziurtatua izango du Txapeldunen Ligara sartzea. Hori sari izugarria da!

Zein jokalari nabarmenduko zenuke Athleticen?

Laporte. Entrenatzaile batek talde guztietan nahiko lukeen jokalaria da: kalitate handikoa eta azkarra, defentsa bikaina. Mikel Rico eta Aduriz ere gustuko ditut.

Gatozen Realera. Orain arte egindako sasoiak denetariko iritziak sortu ditu. Zein da zurea?

Realari kritika egiten ari diren horiekin gustura edukiko nuke tertuliatxo bat. Ez daukate ideiarik. Nire ustez, denboraldi ikaragarria egiten ari dira txuri-urdinak. Egia da, gorabehera dezente izan dituzte, eta lehia erabakigarrietan ez dira fin aritu, baina ezin zaie gehiago eskatu. Txapeldunen Ligan aurpegia eman, Kopan finalerdietara iritsi eta ligan Europarako sailkatu. Inola ere ez nuen pentsatuko hain ondo ibiltzeko gai izango zirenik.

Nekea antzematen ari dira, akaso?

Baliteke. Uste ez arren, Txapeldunen Ligan aritzea ordaindu egiten da, eta erre egiten ditu jokalariak. Minutu asko pilatu zaizkie, eta justu antzera dabiltza aspaldian. Espanyolen aurkako partida ikusi nuen, eta txiripaz irabazi zuten. Hori bai, merezita. Reala bi denboraldiz jarraian Europan egotea balentria handia da. Urte gutxi batzuk atzera begiratu besterik ez dago.

Realeko zein jokalari fitxatuko zenuke entrenatzaile bazina?

Griezmann eta Vela. Biak. Oso onak dira, eta talde berean are hobeak. Arrasatek bete-betean asmatu du bi jokalariekin. Askatasuna ematen diete, defentsako lanera gehiegi jaitsi gabe, eta min egiten dute erasoan. Futbolean zaila dena zera da: desoreka topatzea. Bada, Griezmannek eta Velak hori lortzen dute.

Euskal futbola osasuntsu dagoela esan duzu. Hortaz, Eibar ere ezin dezakegu ahaztu. Igoko al da mailaz?

Bai. Eibar igo egingo da. Eta esaldi hori hartu gogoan, historikoa izango da eta. Athleticen eta Realaren gainetik, denboraldi honetan gehien harritu nauena Eibar izan da. Lehengo batean presidentearekin bazkaldu nuen [Alex Arantzabal], eta ilusioa antzeman nion. Ea Eibarrekin batera Deportivo igotzen den [Galiziako taldea zuzendu zuen zazpi denboralditan].

Eibar igotzea txarra al da Athletic eta Realarentzat?

Inola ere ez. Ekonomikoki zein kirol arloan, albiste ona litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.