Real Madrilen aurka galdu aurretik egindakoa da elkarrizketa, pasa den ostegunekoa. Marko Banic indartsua da buruz (Zadar, Kroazia, 1984), eta Madrilen galduta ere, Bilbo Basket Kopan zeresana emateko gaitasunarekin ikusten duela dio, ziur. «Taldea asko hazi da, eta talde handiak gero eta gertuago ditugu», dio harrokeri punturik gabe. Sei urte daramatza dagoeneko Bilbon, eta egunak joan, egunak etorri, Bilbon gero eta gusturago dago: «Dena eman didate, eta dena emango dut talde hau elitera eramateko». «Eguerdi on, Marko. Ondo?», esan dio kazetariak, eta «Ondo, eta zu?», erantzun jokalariak.
Joan den sasoian baino argalago zaude. Zenbat kilo galdu dituzu?
Bost edo sei kilo.
Nabaritzen al duzu?
Bai, asko. Korrika gehiago egiten dut, nekea ere atzeratu egiten da, eta defentsan eta errebotean laguntza handiagoa eman dezaket. Fisikoki hobeto nago, eta iraupen horrek konfiantza ere ematen dizu.
Bilbon eta Euskal Herrian egingo duzun seigarren urtea da. Jakina da oso gustura bizi zarela. Horrek ere lagunduko du, ezta?
Asko gainera. Ni euskaldun erdia naiz jada. Udan, Kroaziara joaten naizenean, berehala aspertzen naiz, eta Bilbora bueltatzeko gogoa sentitzen dut azkar. Hemen dena eman didate, nik eman dudana baino askoz gehiago. Urte asko egin nahi nituzke hemen.
Olentzerok gaztelania-euskara hiztegia oparitu omen dizu. Nolatan?
Bai, tartea dudanean ikastea gustatzen zait. Bizi zaren tokiko hizkuntza ikastea garrantzitsua da niretzat, oinarrizko kontuak gutxienez. Hitz solte dezente ulertzen ditut, ez pentsa. Hizkuntza zaila da, baina erronka bat da niretzat, eta egoskorra naiz. Urte batzuk barru agian Bilbon geratuko naiz bizitzen, eta hizkuntza jakitea garrantzitsua litzateke.
Zergatik erakartzen zaitu hainbeste Bilbok?
Bueno, alde batetik jendea dago. Euskaldunak itxiak zarete lehen hartu emanean, baina ondoren bihotz onekoak, zintzoak; hitza eman eta bete egiten dutenak, eta hori oso garrantzitsua da niretzat, hipokritak gorrotatzen ditudalako. Bilbo eta Euskal Herriari buruz… dena dauka: itsasoa, mendia, ibaia, Guggenheim museoa, lasai paseatzeko leku dotoreak… Kale Nagusian barrena ibiltzen naiz emaztearekin eta haurrarekin, eta Amezola auzoan ere poz-pozik bizi naiz.
Zu zeu ere zintzo aritu zara gaizki aritu zarenean. Bartzelonaren aurka puntu bateko bi jaurtiketa horiek huts egin zenituenean bezala.
Bai, galdu egin genuen eta errudun sentitu nintzen, eta hori aitortzea, autokritika egitea ona da nire ustez. Ondo aritzen naizenean isilik geratzen naizen bezala, gauzak gaizki egiten direnean, esan egin behar da.
Porrot haren ostean lau garaipen lortu zituen jarraian taldeak, eta Kopa jokatzeko txartela lortu.
Bai, zorionez ondorio ona izan zuen porrot hark. Hondoratu ez, hazi egin ginen, Europako txapeldunari irabaztear egon ginelako, eta Bilbo Basket dagokion tokian jarri dugu: zortzi onenen artean, Kopan. Bartzelonari irabazi eta puztu egingo ginen agian, batek daki.
Demagun Real Madrilen aurka galtzen duzuela [hala gertatu da]. Errenkadan bi partida galtzeak asko kaltetuko al luke taldearen konfiantza Kopari begira?
Ez, ez dut uste, galdutako bi partida horiek onartzeko moduko porrotak direlako. Batez ere Real Madrilen aurkakoa.
Kopan Baskonia izango duzue aurkari. Zozketa egin eta kanporaketa hori egokituko zela bazenekiela esan zenuen.
Bai, batzuetan halako susmo edo irudipena edukitzen duzu, eta asmatu egiten duzu.
Eta, zer dio susmo horrek kirol arloari dagokionez?
Baikorra naiz izaeraz, baina errealitatea zein den ahaztu gabe. Kopa Bilbora ekarriko nuke gustura, baina gu baino hobeto jokatzen duten taldeak badaude. Edonoren aurka lehiatzeko moduko taldea daukagu, sobera erakutsi dugu, baina lehiatzetik garaipena lortzera koska bat dago.
Zer esan nahi du horrek, Baskonia faboritoa dela?
Bai, nire ustez bai. Tradizio handia du Kopan, eskarmentu asko partida erabakigarrietan, izaera eta nortasun sendoa, eta guk ez dugu halakorik oraingoz.
Baina euren sasoi puntu onenetik urrun daude.
Bai zera, sailkapenean laugarren postuan daude! Ez daude hainbeste partida galtzera ohituta, eta horrek are arriskutsuago egiten du Baskonia. Gainera, ziur 2.000 edo 2.500 lagun baino gehiago eramango dituztela Madrilera, eta horiek beste inor baino beroagoak. Baskonia Kopa da, eta Kopa, Baskonia. Euren kulturaren parte da, eta beti dira faborito.
Badirudi Baskonia hobetzen ari dela pixkanaka.
Haiek ondo edo gaizki iritsi, ez zait garrantzitsua iruditzen, buruz-eta indartsuak direlako. Irabazi edo galdu, euren harrotasuna ateratzen dute atera behar denean. Urte asko daramatzate elitean, ACB ligan eta Euroligan, eta ez dira hondoratuko emaitzak espero bezain onak ez direlako.
Katsikarisek esan du Bilbon Baskonia menderatu izanak ez duela ezertarako balio, Baskoniak orain Batista duelako. Ados?
Bai, guztiz. Bilbon jokatu zutenean Barac ere kili-kolo zebilen, eta orain ondo dago. Batistak beste itxura bat eman dio taldeari. Jokalari sendoa da, izaera gogorrekoa.
Kolpe handia izango al litzateke final-laurdenetan galtzea?
Jakina, baina profesionalak gara, eta egoera horiei aurre egiteko gai gara. Batez ere egoera txarrari begira. Garaipena lortuz gero hartzen duzun poza askoz handiagoa delako.
Koparen tankerako txapelketa batean lehen kanporaketaz harago egokitu daitekeen aurkarian pentsatzen al da, edo ez?
Bueno, denok dugu amets egiten dugun uneren bat, ez? Nire nahia finalerdia Bartzelonaren aurka jokatzea eta irabaztea litzateke. Nahia hitza azpimarratzea nahi nuke.
Mingain gaiztoren batek esan du Bilbo Basketek Kopa irabaztea utopia litzatekeela. Zer diozu?
Utopia? Zergatik? Sei urte daramatzat taldean, eta asko hazi garela sentitzen dut. Hainbesterako, talde handi batean nagoela sentitzen dut. Lehen ere esan dut, gu baino hobeak diren taldeak badaude, baina haien eta gure arteko distantzia ez da hain handia. Talde handi bateko kide sentitzen naiz, eta talde handi baten modura jardun behar dugu. Talde ona dugu, zale fidelak, kantxa zoragarria… Jokalariok baldintza horiei errematea ematea soilik falta da.
Nola?
[Barrez alde egin du jokalariak aldageletara].
Saskibaloia. Espainiako Kopa. Marko Banic. Bizkaia Bilbo Basketeko jokalaria
«Talde hobeak badira, baina ni talde handi bateko kide sentitzen naiz»
Bilbo Basketek Kopa irabaztea ez omen da utopia: «Baskoniari irabazi diogu, eta Real Madril eta Bartzelona menderatzear egon ginen». Baskonia faboritotzat jo du, halere. «Hobeak dira partida erabakigarrietan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu