Iñaki Aniz. Anaitasunako entrenatzailea

«Talde honek ondo jokatuko du, ziur»

Helvetia Anaitasunak gaur ekingo dio Asobal ligari, Benidormen. Iñaki Anizen estreinakoa ere izango da, taldean eta maila nagusian. Urduri dago, baina baikor.

Julen Etxeberria.
2014ko irailaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ulertzekoa da Iñaki Aniz (Iruñea, 1969) apur bat urduri egotea: estreinakoa du Asobal ligan, etxera itzuli da... Hala ere, nerbioen gainetik «ilusioa» duela dio.

Iritsi da ordua: gaur ekingo diozue ligari. Prest zaudete?

Bai. Pixka bat urduri gaude, sasoi hasiera delako, baina horren gainetik ilusioa dugu.

Denboraldi-aurrea balekoa izan da?

Tira. Emaitza hobeak lortzea espero genuen. Egiako torneoan, adibidez, galdu egin genuen Billeren aurka, eta gero larri irabazi genion Bidasoari. Lesioekin arazo bat baino gehiago izan dugu, eta, horren ondorioz, ez ginen sasoiko iritsi torneo horretara.

Taldean nerbioak badaudela aitortu duzu. Zu ere urduri zaude? Estreinakoa duzu Asobal ligan.

Nahiko nuke urduri ez egotea, baina saihetsezina da erronka baten hasiera gerturatu ahala nerbioak azaltzea. Baina, taldeak bezala, ilusioa dut nerbioen gainetik.

Zer moduz egokitu zara?

Oso ondo. Dena da erraza, dena oso ondo antolatuta baitago. Kirol arduradunek ere asko lagundu didate gustura egon nadin.

Txilen ari zinen, eta orain, etxean; bada aldea.

Bai. Etxera itzuli naiz, Asobal ligara, eta Anaitasunaren gisako klub sendo batera. Ezin dut gehiago eskatu. Oso pozik nago.

San Antonio entrenatzear izan zinen, baina lanik gabe geratu zinen kluba desagertu zelako. Arantza atera duzu?

Ez nuke hori esango. Hala gertatu zen, baina ahaztua dut. Aukera bikaina eman dit Anaitasunak, eta aprobetxatu egin behar dut.

Zein joko duzu gustuko?

Bizia. Horretarako, noski, ondo defendatu behar da. Jokalariei askatasuna eman nahi diet, baina betiere ordena baten barruan.

Zaleak taldearekin identifikatuta egotea duzu lehentasuna.

Hala da. Hori da lehentasuna: pabiloira datozenek ikus dezatela euren taldeak dena ematen duela. Badakigu haiek ondo egingo dutela euren lana, beti izango dugula haien babesa. Hala izan da beti Anaitasunan. Haien babesa da talde honen makulu sendoena.

Zuk egin nahi duzun jokorako gaia badago taldean?

Bai. Ziur naiz talde honek ondo jokatuko duela, baina, horretarako, denbora behar dugu oraindik; lan dezente dugu egiteko. Badago denbora, eta kalitatea.

Lau jokalarik utzi dute taldea, eta beste horrenbeste iritsi dira. Ez da kasualitatea.

Ez. Joandako bakoitzari ordezko bat bilatu diogu: Javi Santanari, Lorger; Bernatonisi eta Borragani, Costoya eta Silva; eta Asier Antoniori, Juan Castro. Ikusteko dago haien jarduna, baina baikor gara. Talde ona dugu.

Lorger ez besteak gazteak dira; hori ere ez da kasualitatea. Harrobiarekin lan egin zalea zara.

Bai, baina nire filosofiaren gainetik klubarena dago, eta Anaitasunak beti landu du oso ondo harrobia. Harrobia du zutabe nagusia. Jokalari gazteak bereganatu zalea da, taldean ibilbide luzea egin dezaten.

Nola ikusten duzu liga?

Bartzelona goi-goian; koska bat beherago Logroño, eta beste koska bat beherago Granollers eta Huesca. Gero dozena erdi talde gaude, parean. Ikusteko dago, gainera, igo berri diren taldeek zein maila eman dezaketen. Gure lehen aurkariak, Benidormek, talde ona osatu du.

Eta non egon daiteke Anaitasuna? Zein da helburua?

Postuei dagokienez, ez dugu helburu jakinik. Partida guztietan lehiatu nahi dugu, eta ahal dugun goien geratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.