Javi Salgado. Retabet Bilbo Basketeko jokalaria

«Talde moduan pentsatzea falta zaigu une batzuetan»

Entrenatzailea aldatu zutenetik hobetu egin dutela nabarmendu du Javi Salgadok, baina argi du une honetan helburua mailari eustea dela, eta bigarren itzuli «gogorra, lehiatua eta zaila» dutela aurretik.

ainara arratibel gascon
2018ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Jaitsiera postuetatik aldentzeko partida garrantzitsua du gaur Retabet Bilbo Basketek etxean, Fuenlabradaren aurka (12:30). Denboraldiko ezustea izaten ari da Fuenlabrada. Azken bi partidak galdu egin dituen arren, Javi Salgado (Bilbo, 1980) ez da fio: «Oso talde landua eta borrokalaria da, eta jokalari bakoitzak oso argi du bere egitekoa zein den».

Zer ari zaio pasatzen taldeari?

Irmoagoak eta lehiakorragoak izan behar dugu jokoan, eta adiago egon behar dugu. Ezin dizkigute hainbeste partzial egin. Kontrarioek oso erraz lortzen dute 10-12 puntuko errenta, eta horri buelta ematea oso zaila da. Gauzak ondo doazenean denok egiten dugu ekarpena; partidak korapilatzen direnean, ordea, talde moduan pentsatzea falta zaigu une batzuetan. Gainera, oreka gehiago izan behar dugu. Sarri, behar baino azkarrago egiten ditugu jaurtiketak, ziurrenik taldeak dituen beharren eta gaztetasunaren ondorioz.

Nola lortzen da talde gisa gehiago pentsatzea?

Entrenatuz eta elkarri lagunduz. Ez da erraza, eta denbora eskatzen du. Baina zorrotzak izan behar dugu entrenatzaileak ezartzen dituen sistemak eta ideiak kantxan ezartzen.

Veljko Mrsicekin hobetu egin duzuela esan izan dute zure taldekideek. Hala dela uste duzu?

Bai, batez ere defentsan. Sasoi hasieran puntu asko jasotzen genituen.Garbi dugu irabazteko ezin dizkigutela 70-80 puntu baino gehiago sartu. Fisikoki hobeto gaude, gauzak garbiago ditugu, eta etxean talde sendoagoa gara.

Lau garaipenera dituzue kanporaketak, eta jaitsiera, bira. Sasoi honetako helburuak mailari eustea izan behar du?

Oraintxe bertan, bai. Beheko taldeak estutzen ari dira. Sevilla, Burgos, Joventud, Zaragora... indartzen ari dira. Beraz, ezin dugu lo hartu: baina liga oso parekatua dago. Bi partida erreskadan irabazi, eta kanporaketetarako borrokan sartzen zara, eta bi galdu eta zuloan zaude. Beraz, ez dugu horretan pentsatu behar, baizik eta partida bakoitzari erreparatu, eta argi izan bigarren itzulia gogorra, zaila eta lehiatua izango dela.

Gaur, Montakit Fuenlabradaren aurka jokatuko duzue, sasoi honetako ezustea. Dena den, azken bi partidak galdu egin ditu. Unerik aproposena da haien aurka jokatzeko?

Agian, bai. Baina ni ez naiz fio. Obradoirok zazpi partida zeramatzan erreskadan galduta, eta irabazi egin zigun. Ziur irabazteko irrikaz datozela, eta partida zaila izango dela guretzat. Oso talde ona dute, eta sailkapenaren goialdean egoteak dakarren konfiantzarekin eta bultzadarekin daude. Denbora asko daramate elkarrekin jokatzen, eta jokalari bakoitzak oso argi du bere egitekoa. Talde landua eta borrokalaria da.

Elkar ezagutza hori da haien denboraldi onaren gakoa?

Bai. Gainera, kanpoko oso joko indartsua dute. Vargas, Popovic, Eyenga, Cruz... Puntu asko sartzen dituzte, eta ondo zaindu beharko ditugu. Ezin diegu eroso jaurtitzen utzi. Esperientzia handia dute. Barruko jokalariak, berriz, oso polibalenteak dira.

Hamahiru minutu jokatzen ari zara batez beste. Pozik zaude taldean duzun egitekoarekin?

Argi dago denei gustatzen zaigula 20-25 minutu jokatzea. Baina pozik nago egiten ari naizen ekarpenarekin. Denboraldi hasieratik nekien bi jokalari nituela aurretik nire postuan: Ricardo [Fischer] eta Jonathan [Tabu]. Maila handiko jokalariak dira, eta garesti dago jokatzea. Baina nik lanean jarraitzen dut. Jokatzen ez badut, beste modu batera laguntzen saiatzen naiz: nire eskarmentua eskainiz.

37 urte dituzu, eta sasoi bakarrerako berritu zenuen. Gertu ikusten duzu erretiroa?

Ez dut oso argi. Ikusiko dugu gauzak nola doazen, eta denboraldia nola amaitzen dudan. Fisikoki ondo nago, eta jokatzeko ilusioa eta energia ditut. Baina nahiago dut denboraldi honetan pentsatu, eta gero iritsiko da erabakiak hartzeko unea.

Bilbotik kanpo ikusten duzu zeure burua jokatzen?

Ez dakit. Oraindik ez dizkiot halako galderak egin neure buruari. Orain horretaz pentsatzen egotearekin ez dut ezer irabazten. Aldiz, energia kenduko lidake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.