Txirrindularitza. Frantziako Tourra

Talde oso baten astindua

Skyk astindu handia eman du Tourreko mendiko lehen etapan: Chris Froomek irabazi du etapa, eta Bradley Wiggins jarri da lider

Talde oso baten astindua.
unai zubeldia
2012ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Wiggins-Evans, Evans-Wiggins. Gehienek dema horretara mugatu zuten Frantziako Tourra. Baina lehen igoera serioa iristerako, hankaz gora jarri dira uste gehienak. Bai, okerrik ezean, Cadel Evans (BMC) izango da Bradley Wigginsen (Sky) kontrariorik indartsuena; baina Sky taldeak kontrariorik izango ote duen, hori da galdera. Zazpigarren etapako sailkapenari begiratu, eta Skyko lau txirrindulari ageri dira lehen hamalauen artean; sailkapen nagusiari begiratuta, hiru lehen hamarren artean. Itxura guztien arabera, taldeko mailaketan asmatzen lan gehiago izango dute kontrarioak itotzen baino. Chris Froomen (Sky) atzoko erakustaldiak zer pentsatua emango die taldeko arduradunei. Guztiek nahiko luketen arazoa daukate Skyn: bi taldeburu harrigarri.

Iazko Espainiako Vueltan erakutsi zuen Skyk zer egiteko gai den. Wiggins zen taldeburu argia, eta igoera gogor bakoitzean hegan eraman zuen Froomek taldekidea. Estrategian huts egin zuen taldeak, errepideak bestelako epaia eman zuelako gero: Froome zen Sky talde hartako txirrindularirik indartsuena. Wigginsen mesedetan indarrak xahututa, sinesgaitza zirudien arren, Juanjo Cobok (Movistar) lapurtu zien sari preziatua —Geox taldean zegoen orduan—. Huts hori berriz egiten ez badute, eurena izango dute aurtengo Tourra; hasi besterik ez da egin Frantziako lasterketa, baina ez harritu Skyko bi txirrindulari Parisko podiumera igotzen badira.

Triskantza handi samarra eragin zuen ustez zalaparta pixka bat besterik sortu behar ez zuen etapak. Bezperan hasi zen txikizioa, atzo ez baitziren abiatu Tourrari ekin zioten 198 txirrindularietatik hamabik: Mikel Astarloza, Amets Txurruka (Euskaltel-Euskadi), Imanol Erbiti, Jose Ivan Gutierrez (Movistar), Tom Danielson, Ryder Hesjedal, Robert Hunter (Garmin), Oscar Freire (Katuxa), Hubert Dupont (Ag2r), Wouter Poels (Vacansoleil), Davide Vigano (Lampre) eta Maarten Wynantsek (Rabobank). Horiez gain, Anthony Delaplace ere (Saur Sojasun) ezinean geratu zen etapako lehen ordubetea betetzerako, eta Gorka Verdugok ere (Euskaltel-Euskadi) gorriak ikusi zituen helmugara iristeko —azkena helmugaratu zen, 20.29ra—.

Etapako zaurituen garaia iritsi zen bezperako erorikoen ondoren. Etapa aproposa zen ihesaldietarako, eta, ahalegin dezenteren ondoren, zazpi laguneko talde bati eman zion baimena tropelak. Christophe Riblon (Ag2r), Chris Anker Sorensen (Saxo Bank), Martin Velits (Omega Pharma), Michael Albasini (Greenedge), Cyril Gautier (Europcar), Dimitri Fofonov (Astana) eta Luis Leon Sanchez (Rabobank) joan ziren ihesean. Baina ordurako triskantzaren prestaketa lanetan ari zen Sky, BMC, Liquigas, Garmin eta Lottoren laguntzarekin.

Tarteko helmugako borroka gorabehera —Peter Saganek (Liquigas) aurrea hartu zien tropeleko esprinter guztiei—, tropelak aurreko zazpikoa La Planche des Belles Filleseko igoerara iritsi baino zenbat kilometro lehenago harrapatuko ote zuen, horixe zen zalantza bakarra. 5,9 kilometro eta %8,5eko batez besteko aldapa zeukan igoerak, eta Garmin eta Lottoren lan harrigarriaren eraginez, lehen aldapari ekiterako geratu zen ezerezean ihesaldia.

Haimar Zubeldia, bikain

Sky serio lanean hasterako, errepideak egin zituen triskantzak: gurpila zulatu zitzaien Jurgen Van den Broecki (Lotto) eta Alejandro Valverderi (Movistar), eta denbora asko galdu zuten gero. Aldapa gora, berriz, Michael Rogersekin lehenengo, Richie Porterekin gero eta Froomekin azkenik, harrigarri aritu zen Sky. Berehala erori ziren gehienak: 3.11 galdu zuen Levi Leipheimerrek (Omega); 2.53 Robert Gesinkek (Rabobank); 2.19 Andreas Kloeden (RadioShack), Bauke Mollema (Rabobank) eta Valverdek...

Hiru txirrindulari soilik izan ziren gai Skyri eusteko: Evans, Vincenzo Nibali (Liquigas) eta Rein Taaramae (Cofidis); oso gertu Haimar Zubeldia (RadioShack) ibili zen. Beste behin ere, bikain ibili zen usurbildarra. Seigarren dago sailkapenean, Wigginsengandik 59 segundora. Gehiegizko herrena, berriz, Samuel Sanchezek (Euskaltel-Euskadi) egin zuen. Igotzen hasterako ito zen, eta 1.31 galdu zuen.

Zazpi mendate igaro beharko dituzte gaur, Croix lehen mailakoa azkena, helmugara iristeko 16 kilometro faltako direnean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.