Ama Guadalupekoa da Hondarribiko trainerua, berdea, iazko bera. Baina barruan arraunka ari direnetako asko ez dira joan den urtekoak, aldaketa dezente izan baitituzte multzoan. Hamar arraunlarik utzi dute taldea, eta beste hainbeste hasi dira. Aldatu ez dena, baina, ontziaren martxa eta maila da. Eusko Label ligako lau estropada jokatuta, bosgarren postuan dago Hondarribia, eta hura da bigarren txandaren jabe. Are, atzo hirugarren egin zuen Zierbenan (Bizkaia), eta gertu izan zuen bigarrena, Zierbena bera. Ez da gutxi.
Denboraldi hasieraren bezperan, Mikel Orbañanos entrenatzaileak adierazi zuen aurten kostatuko zitzaiela aurreko urteetan bezala aritzea, baina, oraingoz, «espero baino hobeto» ekin diote sasoiari. Horixe aitortu du Iñigo Sagarzazu arraunlariak: «Konfiantza bagenuen, baina ez genituen horrelako emaitzak espero. Gure helburua lehengo bera da: bosgarren postuan finkatu, eta, hortik, ahal dugun heinean, gora egin».
Pozik daude orain arte egindakoarekin: «Hasiera batean, ez genuen uste bigarren txandan hain ondo ariko ginenik. Bloke oso berria dugu, eta arraunean blokeak asko ematen dizu». Hala ere, ez da fio: «Datorren asteburuetan edozer gerta daiteke. Denboraldia oso luzea da, eta ez dakigu non jarriko gaituen».
«Kohesio handia izan dugu. Lagun kuadrilla bat gara, eta bagaude arraunean urte asko daramatzagun batzuk ere. Talde polita sortu dugu»
IÑIGO SAGARZAZUHondarribiko arraunlaria
Sagarzazuren iritziz, Getaria eta Ares dira haien aurkari zuzenak, seigarren eta zazpigarren sailkatuak, hain zuzen. «Gero, goian, talderen bat atzean geratzen bada, uste dut hor egon gaitezkeela susto bat emateko edo muturra sartzeko», azpimarratu du. Zierbenan egin bezala. Hondarribia aise nagusitu zen bigarren txandan, eta ohorezko txandako galipo-ekin izan zuen lehia, bigarren postua nork eskuratuko. Azkenean, Zierbenak segundo bat bizkorrago amaitu zituen lanak.
«Eguraldiari dagokionez, ez dut uste aldaketa handirik egon zenik txanda batetik bestera. Eta gure kalea ez zen txarrena, baina onena ere ez». Bigarrenetik aritu ziren.
Zierbenako estropada eremuan, hain zuzen, badu eragina egokitutako kaleak, beste batzuetan baino handiagoa. «Lehenengo kaleak, normalean, babes handiagoa izaten du, eta denok nahi izaten dugu kale hori», argitu du. Hor arituta irabazi zuen bandera Oriok. Laugarren kalean arraun egin zuten hiru ontziek, berriz, txandako azken postuan amaitu zuten.
Ziklo aldaketa
«A priori, hutsune oso garrantzitsuak izan ditugu». Halaxe esan du Sagarzazuk. Izan ere, multzoan pisu handia zuten arraunlariek utzi dute taldea. Haien lekua betetzeko, gazte askori eman diete aukera. Ondo egokitu dira, eta emaitzak dira erakusle: «Hainbat igo dira bigarren taldetik, eta kanpotik etorri direnek, gazteak haiek ere, asko eman digute. Kohesio handia izan dugu. Lagun kuadrilla bat gara, eta bagaude arraunean urte asko daramatzagun batzuk ere. Seriotasun puntu hori jartzeko ere gai gara. Egia esan, oso talde polita sortu dugu».
Iazkoarekin alderatuta, esperientzia gutxiago dute ontzian, baina estropada eremu ezberdinetan ondo moldatzeko gai direla erakutsi dute: «Azkenean, arrauna arrauna da, eta etorri diren gazteek ere estropada pila bat dituzte bizkarrean. Agian ez goreneko mailan, baina bai beheko mailetan. Hor ere asko ikasten da».
Beteranoetako bat da, berriz, Sagarzazu. Badu ardura, beraz: «Gazteei urteek emandako esperientzia transmititu nahi diegu, eta hortik abiatu ziklo aldaketa berri hau». Aurrera begirako proiektu bat baita Hondarribiarena: «Badaude, fitxaketak eginda, bizpahiru urte barru Kontxa irabazteko gai diren taldeak. Hondarribia bezalako klub batek ezin du hori egin. Orain, oinarria egiteko garaia da, eta hemendik hiruzpalau urtera, pintzelkada batzuekin, agian goian egoteko gai izango gara, beste ziklo batzuetan bezala».
Oraintxe, ordea, arraunlariek orainean dute arreta jarria, eta eguneroko lanean. Ondo hasi dute sasoia, eta horri eustea dute asmo.