Zazpigarren sasoia beteko du David Dostal txekiarrak Hormadin, eta dagoeneko taldeko arituenetakoa da. Joan zen asteburuan nazioarteko torneo batean izan da Frantziarekin, eta, Bielorrusiako eta Letoniako jokalari berriek harritu dutela aipatu du. Hormadiri buruz, iaz bezain ongi jokatzeko moduan dela dio.
Soilik txapel bat irabaztea falta zaizu Hormadirekin.
Bai, hala da. Dena den, taldea antolatu egin behar da eta beharrezkoak diren baliabideak eskuratu, sasoia luzea izango baita. Hori urtero egin behar izaten dugu, eta kosta egiten da.
Nolako argazkia ateratzen diozu taldeari?
Gibelean aldaketak egin ditugu. Taldea utzi duten jokalariak ordezkatzeko eskarmentu handiko jokalariak heldu dira, gogorrak. Deschampsek Kanadan jokatu du eta Marakhovskik AEBn eta Ukrainiako selekzioan.
Zdrahal zure herrikideari buruz oso gutxi dakigu; ezagutzen al duzu?
Handia eta ikusgarria da. Gainera, bizi-bizi patinatzen du eta joko fisikoa egiten du. Taldeari jokalari hori falta zitzaion. Izan ere, aitzinean jokalari onak ditugu, baina, tamalez, ttipiak. Horregatik, talde indartsuenen aurka jokatzeko ez da nahikoa, jokalari handiak baitituzte. Espero dut Zdrahalek gauza asko eskaintzea taldeari. Hizkuntz arazoak ditu, baina lerro berean ariko gara biok eta konponduko gara; lagunduko diogu.
Zenbat partida beharko ditu Hormadik uztartzeko?
Galdera ona. Izan ere, orain arte hiru entrenamendu egin ditugu elkarrekin. Nolanahi ere, ez dugu taldea gehiegi aldatu eta iaz bezain ongi joka dezakegu. Dena den, ezin da esan bi edo hiru partidatan uztartzea lortuko dugunik, luzaro egin beharreko lana da. Bihotza eta gogoa jarrita, eta lana zuzen eginez gero, helduko dira emaitzak. Kalitatea badugu eta erakutsiko dugu.
Zer iruditzen zaizu ligaren berregituraketa?
Hobea. Iaz bi multzotan aritu ginen, eta gurean zazpi talde aski antzekoak aritu ginen. Lau sailkatzen zirenez, zaila gertatu zen. Aurten, aitzitik, talde guztien aurka jokatuko dugu eta onenak sailkatuko dira. Horregatik, martxoa arte ziurtaturik ukan behar genuke zaleen eta laguntzaileen babesa.
Nazioarteko torneo bat jokatu duzu orain dela gutxi; zer joko ikusi duzu edo zerk harritu zaitu?
Bielorrusia eta Letoniako jokalari berriek. Urtero heltzen dira eta gogor bultzatzen dute. Fisikoki primeran prestatuta daude eta oso ongi patinatzen dute; berez mardulak eta gogorrak dira.
IZOTZ HOCKEYA
«Taldea antolatu egin behar dugu, eta baliabideak eskuratu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu