Dani Garcia. Athleticeko jokalaria

«Taldean ez, baina taldetik kanpo piztuko luke argi laranja derbia galtzeak»

Historiako Eibarrik onenean kapitain eta taldeko zutabe izan ostean, Athleticen ere garrantzitsu izan daitekeela erakutsi gura du Dani Garciak. Eduardo Berizzo konbentzitu du bere jokoarekin, eta zaleak ere gustura daude bere lanarekin.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
haritz gallastegi
<i>Bilbo</i>
2018ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Dani Garcia nortasun handiko jokalaria da, erronka handien aurrean kikiltzen ez den horietakoa. Realaren harrobian hasi ostean, Eibarrek bere alde egin zuen apustua mugarri izan da bere kirol ibilbidean. Gaizka Garitanok hasieran eta Jose Luis Mendilibarrek ondoren bere onena erakusten lagundu diote. Eibarren zikloa osatuta, bere ibilbidean beste aurrerapauso bat emateko premia sentitu du. Ipuruan lortutakoa San Mamesen gauzatzea jarri dio xede bere buruari. Talde zuri-gorrian bere bidea hasi baino ez da egin, baina garrantzitsua izan daitekeela erakusteko gogoz dago. Eduardo Berizzok zelai erdiko aginte makila eman dio. Taldeari defentsan oreka emateko ardura izateaz gain, baloia oinetan duenean erasoko lehen pasea azkar eta zuzen emateko agindua dauka. Okerrik ezean, bihar jokatuko du lehen aldiz Athleticen eta Realaren artekoa.

Athleticen ibilbidea hasi berri duzu, baina orain arte ez zaude kexatzeko moduan. Eduardo Berizzoren konfiantza daukazu, eta zelaian ondo aritu zara. Askoz gehiago ezin dezakezu eskatu.

Beti hobetu daiteke. Hala ere, oso gustura nago orain arte egin dudan lanarekin. Dena dela, futbolean, taldeak egiten duenak balio du, eta uste dut erein duguna baino gutxiago jaso dugula.

Ez da erraza urte asko elkarrekin jokatzen eta maila ona ematen ari den talde batera ailegatzea eta hasieratik futbolari garrantzitsua izatea.

Jokatzeko asmoarekin etorri nintzen Athleticera. Argi nuen ez zela erraza izango, nire postuan lehia handia baitago. Jokalari bikainak daude. Hasiera batean entrenatzailearen konfiantza lortu dut, eta hori da garrantzitsuena. Zaleen babesa beste kontu bat da. Jarraitzaile bakoitzak bere gustuko futbolariak ditu.

Taldean lehiakortasun handia dagoela aipatu duzu. Mikel San Josek eta Ander Iturraspek maila handia erakutsi dute urte askoan. Ez da erraza izan behar bi horiei aurrea hartzea.

Eskarmentu handiko futbolariak dira biak. Banekien gaitza izango zela taldean lekua izatea. Teknikariak nire aldeko apustua egin du, baina argi daukat nire joko mailak behera egiten duenean eurek jokatuko dutela. Baina ni pozik nago orain arteko norgehiagoketan eta lan saioetan egin dudanarekin.

Zergatik uste duzu ari zarela ia partida guztiak jokatzen?

Galdera hori ez da niretzat, entrenatzaileari egin behar diozu. Ez dakit zer esan. Akaso, defentsan egiten dudan lanarengatik.

28 urte dituzu. Azken lau sasoietan Lehen Mailan aritu zara, eta partida asko jokatu dituzu. Une egokian ailegatu zaizu Athleticen jokatzeko aukera?

Baliteke. Uste dut jokalari heldua naizela. Ondo sentitzen naiz. Gainera, taldekideek ere asko lagundu didate. Ezin dut ukatu pozik nagoela. Puntu batzuk gehiago bagenitu... Baina gustura nago.

Realaren harrobian jokatu zenuen, baina gerora ez duzu ibilbide erraza izan: Alacant, Getafe B, Eibar Bigarren B Mailan… Ordutik honakoa jakinekoa da. Kostatu zaizu ametsa egia bihurtzea.

Ez da izan bide erraza. Jokalari bakoitzak berea egiten du. Urtero jokalari hobea izatea eskatu diot neure buruari azken urteotan. Lan saioetan egin dudan lana izan da nire bilakaeraren giltza. Urtero hobetu dut.

Ibilbide horretan zalantzak izango zenituen ziurrenik. Zein aholku emango zenieke Lezaman umetatik aritu eta egun batetik bestera Athleticen babesetik kanpo geratzen direnei?

Lehenik, oinak lurrean izan behar dira. Gorengo mailara ailegatzea oso zaila da. Baina, era berean, sekula ez da amore eman behar. Eibarrek fitxatu ninduenean aldatu zitzaidan bizitza. Edozein unetan egin daiteke amestutako urratsa. Ilusioa ez galtzeko esango nieke.

Eibarrera joatea mugarri izan zen zuretzat. Alde handiak al daude Eibarren eta Athleticen artean?

Bai. Athleticen askoz presio handiagoa dago. Eibarren berri ematen duten komunikabideen kopuruak ez dauka zerikusirik Athleticen berri ematen dutenekin. Eskertzekoa da Eibarren geneukan lasaitasuna. Arlo horretan dago alde nagusia.

Zer dauka Eibarrek Athleticek ez duena?

Bi kluben artean antzekotasun handiak daude. Klubeko eta taldeko giroak antzekoak dira.

Denboraldi txarra izan zen azkenekoa Athleticentzat, azken sasoietako emaitza txarrenak lortu baitzituen. Zein giro aurkitu duzu taldean?

Nik uste dut denok gogo handiarekin ekin diogula denboraldiari. Hala ere, Vila-realen kontra galdu ostean, ezkortasuna nabaritu nuen. Jarraitzaileek aurreko sasoiko antzeko gabeziak dituen taldea ikusi omen zuten. Hala ere, zaleak gogotsu ikusten ditut.

Zumarragakoa zara, Zubietan hasi zinen, Realean aritu zinen berriro, eta gero Realak utzita joan zinen Eibarrera. Bihar Athleticen elastikoarekin jokatuko duzu derbia. Futbola da, finean.

Bai. Realean asko ikasi nuen. Baina alde bakoitzak gura duen bidea hartzen du.

Realaren kontrako derbia edo hamabost egun barru Ipuruan jokatuko duzuena da zuretzat garrantzitsuagoa?

Bi partidak dira ederrak. Athleticeko zaleentzat biharkoa da garrantzitsuena, baina niretzat Ipuruakoa izango da berezia. Eibarren aurkako lehia oso garrantzitsua izango da.

Pozik zaude orain arte egin duzun lanarekin, baina lehen esan duzu taldeak gehiago merezi izan duela.

Hala uste dut. Min egin zigun Huescaren eta Betisen kontra berdintzeak. Huescak azken minutuan berdindu zuen, eta Benito Villamarinen gertu ikusi genuen garaipena. Pena hartu genuen. Oker egindakoetatik ikasi dugu, eta indartsuagoak egingo gaitu.

Presioa txukun egiten duzue, baina baloia oinetan duzuenean zailtasun gehiago dituzue.

Noski! Baloiarekin ondo jokatzea da gaitzena. Defentsan aurrerapausoak ematea errazagoa da. Baloiarekin talde gutxi nabarmentzen dira. Mugimendu asko eta lasaitasuna behar dira. Partida batzuetako zenbat tartetan ondo egin ditugu gauzak. Pazientzia eskatuko nuke.

Zertan hobetu behar duzue aukerak sortu ahal izateko?

Jokalari guztiok hobetu behar dugu baloia dugunean. Bakoitzak bere arloan gauzak zuzen egin behar ditu. Presioa egiten ondo ari gara, baina horrekin ez da nahikoa.

Berizzoren jokatzeko erak ahalegin fisiko handia eskatzen du.Gai izango zarete sasoi guztian hark eskatzen dizuen erritmoan jokatzeko?

Uste dut baietz. Gainera, baloiarekin hobetzen badugu, korrika gutxiago egingo dugu. Zenbat eta baloi gutxiago galdu, orduan eta erregai gehiago izango dugu. Uste dut lortuko dugula.

Berizzok arrakasta izango du?

Esperantza hori daukat. Entrenatzaileak gura dituen agindu guztiak eman ditzake, baina ez ahaztu jokalariak garela zelaian aritzen garenak. Gure ardura da partidak irabaztea. Nik konfiantza handia daukat taldean.

Realak jokatuko du San Mamesen bihar. Nolako lehia espero duzu?

San Mames beteta imajinatzen dut. Partida gogorra izango da, eta guk irabaztea espero dut.

Asier Garitanoren Realak ez du zerikusirik azken sasoietako talde txuri-urdinarekin. Atzean zain egongo den aurkaria espero duzu?

Ez dakit zer asmo daukan Realak. Guk gurea egingo dugu. Sarri entzuten dut Athletic kateatu egiten dela atzean sartzen diren kontrarioren aurka jokatzen duenean. Eta zein taldek ez ditu zailtasunak? Bartzelona eta Betis kenduta, gainerako taldeei asko kostatzen zaie gisa horretako lehiak irabaztea. Baita Real Madrili ere. Xehetasun txikiek erabakitzen dituzte partidak.

Zein da Realak duen futbolaririk erabakigarriena?

Willian Jose.

Eta Athleticen nork harritu zaitu gehien?

Ez dakit. Iker Muniain da teknika onena duen futbolaria.

Athleticek derbia irabazten ez badu, argi gorria akaso ez, baina argi laranja piztuko luke?

Taldean ez, baina taldetik kanpo bai.

Nola amaituko da derbia?

2-0 irabaziko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.