Peio Goikoetxea. Euskaltel-Euskadiko txirrindularia

«Taldekideen maitasuna da nire garaipen handiena»

Alabaren zaintza eta tropelean jarduteko ametsa ez zaizkio bateragarri egin Goikoetxeari, eta ziklismo profesionala uztea erabaki du. Lokatzetan lehiatzen jarraituko du, ordea.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
enaut agirrebengoa
2023ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Helmugara iritsi da Peio Goikoetxea (Ermua, Bizkaia, 1992). Amaiera eman dio txirrindulari ibilbideari, sei urtez Euskaltelen aritu eta gero. Bidean aldapa bat baino gehiago topatu du; gogorrena, 2018an, ezker giltzurruna kentzeko ebakuntza egin behar izan ziotenean. Alabaina, ez zuen amore eman, eta laranjaz jantzita txikitako ametsa bete ahal izan du. «Ez naiz izar bat izan, baina harro nago egindakoaz».

Berriki agurreko bazkaria izan duzu taldekideekin. Orain bai, aro bat amaitu da zuretzat.

Bai, bukatu da. Kontraesanak ditut barruan. Bizitza guztian aritu naiz bizikletan, eta apur bat triste sentitzen naiz. Asteburuan bazkaria egin genuen Durangon [Bizkaia], eta goibeldu egin ninduen berriz ere taldekideekin egongo ez naizela pentsatzeak. Hitz egin dudan ziklista ohi guztiek esan didate dolua igaro behar dela bizikleta utzi ondoren. Batzuentzat arinagoa da prozesu hori, eta beste batzuei gehiago kostatzen zaie.

Arindua ere hartuko duzu, ordea, arazoak izan baitituzu aitatasuna eta txirrindulari bizimodua bateratzeko.

Lasaitasuna ekarri dit erretiroa hartzeko erabakiak. Aurten aita izango nintzela jakinda berritu nuen iaz kontratua, eta pentsatzen nuen posible izango zela etxekoei behar adina denbora eskaini eta, aldi berean, ondo entrenatzen jarraitzea. Baina aurten Amets jaio da, eta errendimendu aldetik ez dut lortu behar bezain ondo aritzea; batez ere, ezin izan dudalako behar bezain ondo atseden hartu. Aurrera atera ditut entrenamenduak, baina ez dut pedal kolpe onik izan.

Hortaz, modu naturalean iritsi zaizu txirrindularitza uzteko ordua?

Txirrindularitzan asko hitz egiten da zenbakiez, eta, watt aldetik, zenbaki nahiko txikiak izan ditut beti. Gauzak ongi eginez eta kirola ondo ezagutuz, lortu dut ondo aritzea. Ordea, azken urteetan asko hobetu da maila, eta, umea jaio zenez geroztik, ez nintzen iristen. Beti oso profesionala izan naiz bizikleta gainean, eta ikusi dut une egokia zela aro hau amaitzeko.

Beste ziklistak nola moldatzen dira familia eta txirrindularitza uztartzeko?

Aitatasuna oso gauza konplexua da, eta bakoitzak bere modura bizi du. Beste txirrindulari batzuek hobeto jasaten dute atseden falta, baina niretzat ez da eramangarria izan. Horrela ezin nuen jarraitu.

Taldeek behar handia dute gaur egun UCI puntuak lortzeko. Horrek talka egin du zure ezaugarriekin eta jarduteko moduarekin?

Lehen errazagoa zen laguntzaile lana. Zortziko talde batean,gehienak lanera zihoazen, eta liderrak bat edo bi ziren. Orain, ordea, bost liderrekin ateratzen zara, lehen postuetan geroz eta jende gehiago sartu, orduan eta puntu gehiago lortzen baituzu. Adibidez, hobe da zortzigarren, bederatzigarren eta hamargarren egitea, txirrindulari bakar bat laugarren izatea baino. Edo lider sendo bat duzu eta zure ondoan nahi zaitu, edo, bestela, langileak ez gara horren beharrezkoak.

Atzera begiratuta, pozik zaude osatu duzun ibilbidearekin?

Bai, oso pozik nago egindakoarekin. Asko borrokatu naiz amets hau betetzeko, eta lortu dut. Balio handia ematen diot, nirekin batera ibilitako askok ez baitute lortu profesional izatea. Nik nahiko ibilbide naturala egin dut, ez naiz izar bat izan, baina ahalik eta ekarpenik handiena egin dut talde barruan. Harro nago.

2016an bihurtu zinen profesional, Kolonbiako Manzana Postobon taldearekin. Urtebete egin zenuen han. Eta 2017an, Euskadi Fundazioaren eskaintza jaso zenuen. Mikel Landaren dei hura jaso izan ez bazenu, txirrindularitza utziko zenuen?

Hori garbi daukat. Elitean hiru urte neramatzan ordurako. Denbora amaitzen ari zitzaidan, eta dei hura gabe ez nuen tropelean jarraituko. Urrian eskaini zidaten urratsa egiteko aukera, eta sekulako poza hartu nuen. Zumaian nengoen [Gipuzkoa], triatloia ikusten. Etxera iritsi ginenean, ospakizun handia egin genuen.

Hilabete batzuen buruan, ezerezean gelditu zitzaizun poza: ezker giltzurruna kendu zizuten.

Urte hauetan bizi izandako momenturik zailena izan zen. Gauza larria da organo bat kendu behar izatea, eta esan zidaten idatzi bat argitaratzeko, jendeak jakin zezan zergatik ez nintzen lehiatzen ari. Oihartzun handia sortu zuen. Gerora gauzak nola joan diren jakinda, ez nuen ezer plazaratuko, egoerak eskuetatik ihes egin baitzidan. Ebakuntzaren ondoren askoz ere osasuntsuago sentitu naiz, eta bizikletan ibiltzen jarraitu ahal izan dut.

«Bi giltzurrunak eduki izan banitu, noraino iritsiko nintzen?». Halakorik pasatu izan zaizu burutik?

Bai, baina ez naiz atzera begira gelditzen. Dagoenarekin aurrera egiten dut, eta nahiko objektiboa naiz hausnarketak egiterakoan. Ebakuntzaren ondoren, bizitasuna galdu nuen bizikleta gainean. Lehen, hobeto aritzen nintzen esprintetan eta aldapa bortitzetan. Hala ere, ondo egokitu naiz egoera berrira, eta ihesaldietan sartzeko eta tropelean lan egiteko aukera izan dut.

Besteei emana ibili izan zara beti. Zer jaso duzu horren trukean?

Taldekideek asko errespetatu naute, eta maitasun handia erakutsi didate. Garaipenik handiena hori izan da niretzat. Era berean, taldekideek irabaztean sentitu naiz zoriontsuen. Sentipen ederra da autobusera iritsi eta garaipenak ospatzea.

Barrutik bizi izan duzu Euskaltelen pizkundea. Zer-nolako garapena izan du taldeak, eta zer egoeratan utziko duzu proiektua?

Lanpostu pila bat dira, eta oso garrantzitsua da Euskal Herrian halako talde bat egotea, gazteentzat eredu baita. Horretan jarraitzen du. Egia da orain lehiakortasun handia dagoela txirrindularitzan, eta ez da erraza bidea egitea, baina taldea ondo ikusten dut. Munduko onenen kontra gabiltza, eta herrialde txikia gara; halere, gauzak oso ondo egiten ditugu.

Bizikleta ez duzu hautsa pilatzen utziko. Ziklo-krosean behintzat jarraituko duzu.

Gehien gustatzen zaidan diziplina da ziklo-krosa. Txikitan asko gozatzen nuen: bezperan autokarabanarekin joan, zirkuitua ikusi… Familiarekin egiteko plan ederra da. Hori bai, ez dut ogibide gisa ikusten, nahiz eta txirrindularitzaren munduan jarraitu nahiko nukeen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.